Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hezeguneen Mundu mailako Eguna: hezeguneak eta klima aldaketa

Hezeguneen Mundu mailako Eguna: hezeguneak eta klima aldaketa

Asensio: “Txingudi mundu mailan garrantzitsua bada ere, gure erronka Gipuzkoako hezegune guztiak babestea da”.

2019/02/02

Gaur, 2019ko otsailaren 2an, “Hezeguneen Mundu Mailako Eguna” ospatzen da, hezeguneak zaindu eta modu arrazionalean erabiltzeko sinatutako Ramsar Itunaren oroipenez.

Aurten aukeratu den gaia da “Hezeguneak eta klima aldaketa”. Horren helburua da nabarmentzea eta gizarteari ikusaraztea hezeguneek funtsezko zeregina betetzen dutela, naturak klima aldaketari aurre egiteko eskaintzen duen laguntzetako bat baitira. Ekosistema horiek karbonoaren hustuleku naturalak dira, atmosferako CO2 mailak murrizteko ezinbestekoak. 

Alabaina, hezeguneak onuragarriak izan arren, azken mendean munduko hezeguneen % 64 galdu da, eta galera horrek aurrera jarraitzen du urteko % 1eko erritmoan, hau da, gaur egungo deforestazio tasa baino erritmo handiagoan.

José Ignacio Asensiok, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak, gogorarazi du Txingudiko hezegunea zein garrantzitsua den Foru Aldundiak onartutako Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako Estrategiaren barruan. “Txingudi, gure hezegune handia, funtsezko osagaia da proposatzen dugun karbonorik gabeko eredu berrirako trantsizioan; horrenbestez, guztion ardura da Txingudi eta Gipuzkoako gainerako hezeguneak zaintzea, eta nik zuzentzen dudan departamentua guztiz inplikatuta dago zeregin horretan” .

Foru diputatuak, ordea, lurraldeko gainerako hezeguneak ere aipatu ditu: “Txingudi mundu mailan garrantzitsua bada ere, munduko hezegune nagusiak biltzen dituen Ramsar Zerrendan jasota baitago, gaurkoa egun egokia da Gipuzkoako gainerako hezeguneek klima aldaketaren aurkako borrokan betetzen duten egitekoa narbarmendu eta aldarrikatzeko. Txingudi babestu behar dugu, baina baita ere Deba, Urola, Oria eta Bidasoa ibaien bokaleen inguruan dauden hezeguneak, eta Urumea eta Oiartzun ibaietan oraindik ere bizirauten dutenak”.

“Hezegune bakoitza funtsezkoa da bere tokiko ekosistemarako, eta ez hori bakarrik, hezegune guztiak batuz funtsezko ekarpena egiten zaio ingurumenari eta planetaren etorkizunari; Bidasoaren kasuan, Txindugi ez ezik, garrantzitsuak dira ibaiko uharteak eta Jaizubia padura”, adierazi du Asensiok amaitzeko.

  

1531