Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Hiritar orori “guztientzako beharrezkoak diren azpiegiturak” bermatuko dizkion Gipuzkoa baten aldeko proiektuak partekatu dituzte Aretxabaletako Udalak eta Aldundiak

Hiritar orori “guztientzako beharrezkoak diren azpiegiturak” bermatuko dizkion Gipuzkoa baten aldeko proiektuak partekatu dituzte Aretxabaletako Udalak eta Aldundiak

Diputatu nagusia Aretxabaletako alkatearekin bildu da Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako ekarpenak aztertzeko eta tokiko ekimen nagusiak ezagutzeko

Foto Hiritar orori...

Udalerrirako azpiegituren hobekuntzarekin eta gazteriarekin lotutako alderdiak daude Aretxabaletako Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako kezka nagusien artean. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan, bilerak egiten ari da hainbat udalerritan, lurraldean garatzen ari diren etorkizuneko proiektu nagusiak ezagutzeko eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko. Gaur, Aretxabaletan, Unai Elkoro alkatearekin elkartu da Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen nagusiak aztertzeko.

Diputatu nagusiak, Aretxabaletako alkatearekin izandako bileraren ondoren adierazi du “lurralde aurreratua, solidarioa eta kohesionatua garela, pertsona guztiei enplegua, babesa eta etorkizuna eskaintzen diena”; eta gaineratu du horretarako ezinbestekoa dela lankidetza-ildoak estutzea eta herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea. Ildo horretan, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei modu integralagoan eta koordinatuagoan erantzuteko.


“Gipuzkoak, etorkizunean ere, pertsona guztiei babesa, lana eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du. Buru-belarri ari gara lanean helburu hori lortzeko, eta, horretarako, ezinbestekoa da lankidetza. Alde batetik, horrek esan nahi du erakundeen arteko lankidetza- eta harreman-ildoak estutu behar direla, eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartu behar direla”, ahaldun nagusiak Aretxabaletako alkatearekin bildu ondoren azaldu duenez.

Azpiegiturak, mugikortasuna eta gazteria.

Erakundeetako arduradunek tokiko proiektu nagusiak partekatu dituzte bilera batean, eta joan den ekainaren 22an Aretxabaletan kokatutako Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez lortutako ekarpenak eta iritziak aztertu dituzte. Aretxabaletako biztanleei galdetzen zitzaien nola irudikatzen duten Gipuzkoa 2040an, eta ahaldun nagusiak azaldu duenez, ezinbestekoa da gipuzkoarrei entzutea eta gizartearen beharrak, iritziak eta proposamenak jasotzea. Horretarako, proiektua tresna eraginkorra izaten ari da, eta dagoeneko 26 udalerritan eta unibertsitateko lau campusetan egon da, eta 4.000 ekarpen baino gehiago jaso dira.


Ibilbide horretan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan, ahaldun nagusiak gaur azaldu duenez. Kapsulak 133 ekarpen jaso ditu Aretxabaletan, eta horien artean kirol-instalazioen eta gazteriarentzako azpiegituren hobekuntzarekin baita aniztasunarekin lotutako proposamenak nabarmentzen dira, baita mugikortasuna eta natura zaintzea ere. Haur-parke estaliak eta igerilekuak izan dira haien ekarpenetan nabarmendu diren printzipioak.

Era berean, alkateak honako hau nabarmendu du: “Eskaera batzuk lehendik mahai gainean genituenak dira baina badaude berriak ere, denak aztertuko ditugu eta saiatuko gara hurrengo urteetarako  plangintzan txertatzen. Behar beharrezkoak ikusten ditugu Etorkizuna Eraikiz bezalako ekimenak, herritarren partehartzea udal gobernantzan txertatzeko tresna bikaina bait da”.


Diputatu nagusiaren iritziz, Etorkizuna Eraikiz programari esker, gobernatzeko modua eraldatzen ari da lurralde osoan. “Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz 2016an proiektu hori abian jarri zenetik,  herritarrek aurkeztutako 125 proiektu bultzatu ditugu; halaber, 32 proiektu esperimental daude martxan eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko” adierazi du. Ahalegin horretan, ordea, funtsezkoa da udalerrien eta herritarren parte-hartzea bultzatzea. “Gainerako erakunde, enpresa, eragile sozial eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri horri. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko” gaineratu du.

  

586