Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hiru proiektu esperimental berri aktibatu ditu Proiektuen Bulegoak lehen urtean

Hiru proiektu esperimental berri aktibatu ditu Proiektuen Bulegoak lehen urtean

Etorkizuna Eraikizeko organo honek partaidetza arloko ekimen bat eta turismoarekin eta lanaren etorkizunarekin lotutako bana bultzatuko ditu.

Etorkizuna Eraikizeko Proiektuen Bulegoak bere lehen jarduera-urtea osatu du eta, denbora honetan, hiru lan esparru aztertu eta landu ostean, beste horrenbeste proiektu esperimental berri inkorporatuko ditu Etorkizuna Eraikizera. Zehazki, hiru lan esparru hauek dira Gipuzkoako herritarren partaidetza sustatzeko Eskola Irekia, turismo adimentsua eta lanaren etorkizunari buruzko beste proiektu bat. Hiru proiektu berri hauekin, gaur arte 35 proiektu esperimental jarri ditu martxan Etorkizuna Eraikizek, betiere Gipuzkoaren geroarentzat interesgarriak izan daitezken arloetan edota lurraldeak izan ditzakeen erronkei aurre egiteko helburuarekin.

          Partaidetza arloko proiektuaren egitekoa izango da herritarrentzako Eskola Irekiaren eredu kontrastatua garatzea, Gipuzkoako topagune eta ikasgune gisa, gai publikoetan aktiboagoa den herritartasuna eta administrazio irekiago eta gardenagoa sustatzeko. Honela, parte-hartzearen kulturaren eta etengabeko hobekuntzarako erantzukidetzaren balioak sustatzea bilatzen da. Ekimen honetan Aldundiak, lurraldeko udalek, hirugarren sektoreak eta unibertsitateek hartuko dute parte, eta martxan jarriko den dinamikak balio publikoa sortzeko lankidetzarako gaitasunen inguruan ikasteko espazioa izan nahi du, honela herritarren alde kritikoa aktibatu eta lankidetzan aritu daitezen, balio publikoa sortzen.

          Bigarren proiektua turismoaren arloan kokatzen da, eta bere helburua izango da Gipuzkoarentzako Turismo Adimentsuarekin lotutako proiektua garatzea. Hiru lan lerro ditu: Gipuzkoa Helmuga Turistiko Adimentsu bilakatzea; intereseko eduki turistiko interaktiboak eratzea; eta informazioaren teknologien eta sare sozialen bitartez turismo adimentsua bultzatzea. Proiektuaren ardatza HUB Gipuzkoa Turismoaren eraketa izango da, Donostian kokatuko dena, eta sektoreko enpresa guztien eta ekimen ekintzaileen elkargune izango dena, haien balio-katea indartzeko helburuarekin.

          Lanaren Zentzua proiektuaren kasuan, berriz, arreta jartzen du belaunaldi berriek lanarekin dute harremanean. XX. mendean lana bizitzaren erdigunean zegoen, eta garapenerako funtsezko erreminta bezala ikusten zen. Ikuspegi hau, ordea, aldatzen joan da denboraren poderioz, eta belaunaldi berrientzat garrantzitsuena familia, aisialdia eta lana ahalik eta ondoen uztartzea. Honela, proiektu esperimental honen helburua izango da balio berri hauetan jartzea arreta, enpresak errealitate berrira egokitu daitezen eta Gipuzkoak epe ertain eta luzean ere talentua bermatuta izan dezan. Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak bultzatuko dute ekimena.

 

Proiektuen Bulegoa

Proiektuen Bulegoa Etorkizuna Eraikizen gobernantza organo gorena da, eta bertan Foru Aldundiak eta Gipuzkoako gizarteko hainbat agente kualifikatuk Proiektu Esperimentalen proposamenak aztertu, onartu eta abiarazten ditu. Hau da, praktikan, Etorkizuna Eraikizen bi zutabe nagusiak diren Gipuzkoa Taldean eta Gipuzkoa Lab espazioen arteko zubia da. Erabakigune honetan parte hartzen dute, besteak beste, Errenteriako alkate Aizpea Otaegik, Mondragon taldeko Zigor Ezpeletak, UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreorde Agustin Erkizia eta Xabier Riezu, hurrenez hurren, nahiz, gizartegintzako ordezkari gisa, Mikel Malkorrak (Elkartu) eta Adriana Martinezek (Aptes). Aldundia ordezkatzen dute, besteak beste, Xabier Barandiaranek, Sebas Zurutuza Estrategiako zuzendariak eta Monica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak.

          Duela urtebete eratu zen Proiektuen Bulegoa eta, honi esker, Etorkizuna Eraikiz are eta gehiago zabaldu da gizarteko ordezkarien partaidetzara, politika publikoen esparruan Estatu osoko lan eremu publiko-pribatu garrantzitsuena bihurtzera iristeraino. Otsailean Etorkizuna Eraikizen 2021eko Kudeaketa Plana onartu ondotik, lan lerro hauei jarraiki lanean ibili da Proiektuen Bulegoa, gerora begira gipuzkoar gizarteak dituen desafioei elkarlanean aurre egin eta politika egiteko moduak eraldatu asmoz. Horrela, gaurko bileran Etorkizuna Eraikiz osatzen duten elementu nagusien jardueraren jarraipena ere egin da, esaterako Think Tankaren lehen fasearen ebaluazioa, Gipuzkoa Taldeanen laguntza deialdia edota 2021eko Aurrekontu Irekiak.

Gaur arte, Etorkizuna Eraikizen testuinguruan 32 proiektu esperimental jarri dira martxan, lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko nagusien partaidetzarekin; orain, Proiektuen Bulegoak berriki onartu dituen aipatutako beste hiru proiektu hauek gehitzen dira. 2016an martxan jarri zenetik, 27.000 gipuzkoarren partaidetza erakarri du Etorkizuna Eraikizek eta ekonomia eta gizartearen alorreko 700 eragilerekin lan partekatua sustatu da. Aurreko legealdian bere egitura osatu ostean, legealdi honetan eman du jauzi kualitatiboa eta, pandemiaren testuinguruan, COVID-19 osteko Gipuzkoak izango dituen beharrei erantzuna eman eta etorkizuneko gizartea eta ekonomia eraikitzeko lurraldeak duen tresnarik eraginkorrena bilakatu da, betiere gobernantza ireki eta elkarlanekoaren bidetik.

  

1331