Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hirugarren dosiaren txertaketa hasi da Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Hirugarren dosiaren txertaketa hasi da Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Gaur, guztira, Pfizer-en 132 dosi ipini dira Irungo Caser Residencial Anaka egoitzan.

Gaur hasi da Pfizer-en hirugarren dosiaren txertaketa Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Hala onartu zuen Osasun Publikoaren Batzordeak pasa den astean, eta Osakidetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak euren bitartekoak antolatu dituzte txertoa lehenbailehen ipintzen hasteko. Gaurko egunean 132 txerto jarriko dira Irungo Caser Residencial Anaka zentroan bizi diren adinekoen artean. Bihartik aurrera lurraldeko gainerako 64 egoitzetara zabalduko da txertaketa.

Gipuzkoako Foru Aldundia Osakidetzarekin elkarlanean ari da txertaketa-kanpainaren hasieratik, 2020ko abenduaren 27an egoitzetan abiatu zenetik. Txertoak eta horiek inokulatzeko materiala Osakidetzak erraztuko ditu, eta egoitzetako erizaintza taldeak arduratuko dira horiek jartzeaz, Foru Aldundiko taldeen laguntzarekin.

Irungo zentroan hasi ondoren, bihar jarraituko da txertaketarekin, lurralde osoko 65 egoitzatara iritsi arte. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu duenez, "beste urrats bat" da pertsona zaurgarrienak COVID-19 gaitzaren aurrean babesteko. "Txertoen eraginkortasuna frogatuta geratu da, eta hirugarren Pfizer dosia pertsona zaurgarrienei emateko aukera onartu bezain laster, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik hala adierazita, gure bitartekoak antolatu ditugu ahalik eta lasterren inokulatzen hasteko".

Goizeko 10:00etan ipini dira lehen dosiak, eta Isaac, Gregorio, Esperanza, Plautilla eta Florentina izan dira horik jaso dituzten lehen egoiliarrak. Maite Peñak gogorarazi duenez, "Osasun sailarekin eta Osakidetzarekin elkarlan estuan jarraitzen dugu, oraindik amaitu ez den pandemia honi aurre egiten jarraitzeko".

  

1379