Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ibermediak 30.000 dolar emango dizkio Elias Querejeta Zine Eskolari, 2020-2021 ikasturtean ikasleentzako hamar beka sortzeko

Ibermediak 30.000 dolar emango dizkio Elias Querejeta Zine Eskolari, 2020-2021 ikasturtean ikasleentzako hamar beka sortzeko

Proiektuaren sendotasuna, erakundeen laguntza eta irakasle taldearen maila altua baloratu ditu talde ebaluatzaileak

2019/12/04
  • Denis Itxaso:  EQZE eskola giltzarria da talentua Gipuzkoara erakartzeko, bertako ikusentzunezkoen ekoizpena sendotzeko eta gure kultur industriak sustatzeko”

Ibermedia Laguntzako Iberoamerikako funtsak Elias Querejeta Zine Eskola hautatu du sortu berri den Prestakuntza Programei Laguntzeko modalitatearen barruan (2019ko deialdia). Modalitate horretan, zinema edo telebista eskolak, unibertsitateak, lanbide heziketako zentro espezializatuak eta sozietate pribatuak edo ikus-entzunezko industriako erakunde eta elkarte profesionalak sartzen ziren.

Prestakuntza Programen aldeko dirulaguntzetarako batzordeak, besteak beste, honako alderdi hauek baloratu ditu: proiektuaren berezitasuna eta prestakuntza metodologiaren sendotasuna, "Bikaina" dela adierazten duena; ekimena laguntzen eta babesten duten erakundeen ospea (bereziki nabarmentzen da Donostiako Zinemaldiaren parte hartzea) eta EHUn sartzea; eta irakasle koadroaren "maila altua, ibilbidea eta jatorri anitza". Talde ebaluatzailearen iritziz, EQZEk "lagundu, esploratu eta gertutik jarraitu" behar den ildo batean lan egiten du.

Hilaren hasieran argitaratutako ebazpena berretsi ostean, funtsak 30.000 dolarreko diru laguntza emango dio EQZEri, mugikortasunerako eta etengabeko prestakuntzarako bekak eta laguntzak sortzeko. Eskolak hamar beka partzialen bidez (bidaia poltsak) banatuko du diru-laguntza. Beka bakoitza 3.000 dolarrekoa izango da, eta hurrengo ikasturtean (2020-2021 ikasturtea) eskolan matrikulatzen diren eta programa finantzatzen duten hogeita bat herrialdeetatik datozen hautagaiek eskuratu ahal izango dute: Argentina, Brasil, Bolivia, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Txile, Ekuador, Espainia, Guatemala, Italia (herrialde gonbidatu gisa), Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.

Kulturako Foru diputatuak Denis Itxasok adierazi  du Ibermediak finantzatutako bekek laguntzen dutela EQZE zinemagintzako talentu berrietara gerturatzen eta Eskolaren nazioarteko proiekzioa finkatzen. Era berean, azpimarratu du formazio zentro gisa eskaintzen duen bikaintasuna, “talentua Gipuzkoara erakartzeko, ikusentzunezkoen ekoizpenaren etorkizuna ereiteko eta gure kultur industriak sendotzen laguntzeko”. Itxasok bere esker ona adierazi dio Carlos Muguiro zentruko zuzendariario eta eskolako talde guztiari Ibermedia bezalako erakundeak erakartzeagatik eta Eskolari ematena ari zaion nazioarteko proiekzioagatik.

Elias Querejeta Zine Eskolako zuzendaritzaren ustez, dirulaguntza hau ematea albiste bikaina da, prestakuntza jasotzeko eta ikasketak egiteko erraztasunak ematen baitizkie zentroan sartu nahi duten pertsonei, baita aintzatespen handia eta nazioarteko babesa ere eskolaren proiekturako.

EQZE da kategoria honetan funtsaren babesa lortu duen Estatuko zentro bakarra. Bertan, Argentinako, Boliviako, Brasilgo, Kolonbiako, Guatemalako, Italiako, Mexikoko, Portugalgo, Puerto Ricoko eta Uruguaiko beste 12 hezkuntza proiektu ere hautatu dira, hasierako hogeita sei proposamenetatik. Programa espezifiko honen helburuak honako hauek dira: ikus-entzunezko enpresa ekoizpeneko eta kudeaketako profesionalen prestakuntza erraztea, teknologia berrien erabilera eta garapena sustatzea, eta sektorearen barruan lankidetza eta ezagutza-trukea sustatzea.

Etorkizuneko hamar beka horiei gehitu behar zaizkie Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Departamentuaren bitartez, eskolaren prestakuntza jardueraren lehen urtetik (2018-2019 ikasturtea) ematen dituen hiru bekak. 31 urtetik beherako gipuzkoarrei bideratutako 2.500 euroko laguntza horren onuradun lurraldeko sei ikasle izan dira orain arte (hiru promozio bakoitzeko).

Ibermedia programaren helburuak

Ibermedia programa 1998an abiatu zen. Ordutik 27 deialdi egin ditu, eta horien bidez 787 koprodukzio proiektu lagundu ditu, 859 ikus-entzunezko proiektu garatzen ari dira eta ia 3.000 prestakuntza-beka eman ditu 22 herrialdetan. Guztira 93 milioi dolar, onuradunak ia 2.000 proiektu izan direlarik. Laguntzen 2019ko deialdira 463 proiektu aurkeztu dira estimuluen programarekin doazen hiru kategorietan (koprodukzioa, garapena eta prestakuntza).

Gaur egun, programa finantzatzen duten hogeita bat herrialdek (CAACIko kide eta behatzaileak) eta herrialde gonbidatu batek berresten dute Ibermedia funtsa: Argentina, Brasil, Bolivia, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Txile, Ekuador, Espainia, Guatemala, Italia (herrialde gonbidatua), Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.

 

  

1337