Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Igor Villarreal da MUBIL Fundazioaren zuzendari berria, Poloaren garapena erronka duela

Igor Villarreal da MUBIL Fundazioaren zuzendari berria, Poloaren garapena erronka duela

IKERLANetik dator, eta esperientzia profesional handia du sektorean; “MUBIL esku onenetan egongo da”, Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak nabarmendu duenez.

MUBIL

Igor Villarreal (Donostia, 1972) izango da MUBIL Fundazioaren zuzendari berria, eta funtzio hori bere gain hartu du gaur. Kimika Zientzietan lizentziatua, bere ibilbide profesionala IKERLAN zentro teknologikoan egin du, Polimeroen Zientzia eta Teknologian Masterra du, Zientzietan Doktoregoa, eta Executive MBA ere badu. Hizkuntzei dagokienez, ingeles maila aurreratua du eta euskara da bere ama hizkuntza. Villarealek lan-bilera egin du gaur Foru Aldundian Eider Mendoza diputatu nagusiarekin eta Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin; biek ala biek ongietorria eman eta babes osoa eskaini diote etapa berri honetan.

MUBILeko zuzendari berriak IKERLANen hasi zuen bere garapen profesionala ikertzaile gisa, eta SOFC erregai-pilen proiektuaren arduradun izendatu zuten 2006an. 2010ean Sorkuntzako Sistema Alternatiboen Arloko arduradun izendatu zuten, eta kargu horretan jarraitu zuen 2016. urtera arte, Energia Biltegiratu eta Kudeatzeko Arloko arduradun izendatu zuten arte, orain arte betetzen zuen postua, hain zuzen. Arduradun gisa 40 pertsonako talde baten buru izan da, eta proiektu ugari koordinatu ditu, bai estratu mailakoak, bai nazioartekoak.

Proiektua hedatzeko une erabakigarrian hartzen du Villarealek MUBILen lema, Eskuzaitzetan Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriaren Poloa eklosio betean dagoen honetan, eta proiektua gauzatzeko eta fase operatiboan jartzeko erronka izango du esku artean. “Oso desafio garrantzitsua da Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat, eta horri esker jauzi kualitatibo bat egin ahal izango dugu mugikortasun iraunkor eta adimentsuaren arloan aktore garrantzitsu bat bezala kokatzeko. Igorren profila guztiz egokia da erronka horri berme guztiekin ekiteko”, Insaustik azpimarratu duenez. “Ibilbide luzea du, ondo baino hobeto ezagutzen du sektorea, eta, gainera, 10 urte baino gehiago daramatza kudeaketa-lanetan. MUBIL esku onenetan egongo da”.

Mugikortasunaren arloari buruz duen ezagutzaz gain, diputatuak nabarmendu du Villarrealek arlo horretako eragileekin duen “harrema estua, urteetako lan partekatuaren ondorioz. Bai enpresekin, bai ikerketa-zentroekin, bai unibertsitateekin eta ikastetxeekin. Horrek asko erraztuko du haren egokitzapena eta lankidetza, MUBILen oinarrizko printzipioetako bat baita azken hori; sektorean kontaktu asko eta ospe ona dituen profesionala da”, adierazi du.

Horrela, Villarrealek Insaustiren beraren lekukoa hartu du zuzendaritzan, baina horrek proiektuarekin duen lotura organikoari eutsiko dio, MUBIL Fundazioko presidente postua hartu baitu. “Proiektu ilusionagarria eta funtsezkoa da gure etorkizunerako, lehiakortasunaren eta iraunkortasunaren ikuspegitik, eta ahalegin guztia egingo dugu duen potentzial guztia gipuzkoarren mesedetan aprobetxatzeko”, amaitu du.

  

2940