Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak aldaketa klimatikoaren aurka egiteko estrategien artean sartuko du hondakinen kudeaketa

Gipuzkoak aldaketa klimatikoaren aurka egiteko estrategien artean sartuko du hondakinen kudeaketa

Gipuzkoak beste urrats bat egin behar du hondakinen kudeaketa klima aldaketaren aurkako estrategia eraginkor bilakatzeko

2017/09/04

Hondakinen kudeaketaren sektoreak berotegi efektuko gasen (BEG) % 5 isuri zituen 2014an, 15,5 Mt CO2, zehazki. Kudeaketa jasangarriaren bidez, nabarmen murriztu daitezke isuriak, eta, gainera, baliabideak eta erregai fosilak aurrezteari esker, beste sektore batzuetan duen inpaktua ere murriztu dezake. Horiek izango ditu ardatz irailaren 6an eta 7an Donostiako Miramar Jauregian egingo den “Klima aldaketa eta hondakinen kudeaketa” udako ikastaroak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan.

Ikastaroan aztergai izango dira hondakinen inguruko arazoak, BEG isurketen eta berotze globalaren ikuspegitik, eta horien inpaktua txikitzeko moduak eta alternatibarik eraginkorrenak azalduko dira. Testuinguru horretan, GHHKPOren ondorioz Gipuzkoan aplikatutako irizpideak eta estrategiak balioetsiko dira. Xede horrekin eta gaiari ikuspegi desberdinetatik heltzeko asmoz, ikastaroak unibertsitate, erakunde eta enpresa munduko adituak bilduko ditu.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak emango dio hasiera ikastaroari “Hondakinen kudeaketa jasangarria, klima aldaketaren aurka egiteko faktore eraginkorra” hitzaldiarekin. Hark adierazi duenez, klima aldaketari aurre egiteko estrategiei hondakinen kudeaketa gehitu behar zaie, eta, baieztatu du Gipuzkoa norabide horretan doala, hain zuzen. Hor kokatu ditu zabortegiak behin betiko ixtearen lehentasuna –horiek sorrarazten baitute hondakinei lotutako BEGen % 80– eta alternatiba jasangarriagoen alde egitearen beharra, hala nola gaikako bilketa, birziklatzea, balorizazio energetikoa eta ekonomia zirkularra sustatzea. Ildo horretan, foru diputatuak baieztatu duenez, “Gipuzkoak beste urrats bat egin behar du sortutako hondakinak klima aldaketaren aurka egiteko faktore eraginkor izan daitezen: Gipuzkoako Ingurumen Gunea jarriko da martxan, hondakinek isuririk ez eragiteko eta birziklatzekoak ez diren hondakinen balorizazio energetikoa egiten dela bermatzeko”.

 “Klima aldaketa eta hondakinen kudeaketa” ikastaroa aditu eta hitzaldi hauek osatuko dute:

Irailak 6, asteazkena

-    Anabel Rodriguez, Ekonomia Zirkularraren Fundazioko zuzendari exekutiboa, hazkunde ekonomikoaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren arteko bateragarritasunaz arituko da “Ekonomia zirkularra eta klima aldaketa” hitzaldian.

-    Joan Colonek, Vic-eko Unibertsitateari lotutako Beta Zentro Teknologikoko jasangarritasun zuzendariak, “Hiri hondakinen zabortegietan BEG isuriak gutxitzeko alternatibak” aztertuko ditu.

-    Sara Alonso, Burgosko Unibertsitateko Elikadura eta Bromatologia irakasleak, berriz, “Elikagaien ustiapena, klima aldaketari aurre egiteko alternatiba eraginkor bat” hitzaldia eskainiko du.

Irailak 7, osteguna

-    Joan Matak, Bartzelonako Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoko katedradunak, “Biometanizazioa, klima aldaketari aurre egiteko alternatiba eraginkor bat” hitzaldia emango du.

-    Rafael Guineak, AEVERSU Hiri Hondakinen Balorizazio Energetikoko Enpresen Elkarteko presidenteak, “Hondakinak erraustea, klima aldaketari aurre egiteko energia iturri bat” hitzaldia eskainiko du.

-    Mahai-ingurua: Ikastaroa bukatzeko, “Gipuzkoako Ingurumen Gunea, klima aldaketari aurre egiteko estrategiarekin bat datorren azpiegitura” mahai-inguruan parte hartuko dute Jose Ignacio Asensiok, Joan Matak eta Rafael Guineak, eta Patxi Arratibelek egingo ditu moderatzaile lanak.

 

  

1310