Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Iker Aizkorbek irabazi du Aldundiaren egutegiaren argazki lehiaketa

Iker Aizkorbek irabazi du Aldundiaren egutegiaren argazki lehiaketa

Aurkeztutako 1.115 argazkien artean bere argazkia izan da aukeratua

Foto Iker Aizkorbek irabazi du...

Iker Aizkorberen argazkia izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren argazki lehiaketaren laugarren edizioaren irabazlea. Argazkilaritza Elkartearekin elkarlanean antolatzen du txapelketa hau foru erakundeak, eta lan sarituekin hurrengo urteko foru egutegia osatzen da. 1.000 euroko saria jasoko du Aizkorbek eta bere argazkia azalean azalduko da. Beste hamabi lan aukeratu dira, hilabete bakoitzeko bat, eta horien egileek ere 250 euroko saria jasoko dute.

Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako ekitaldian ezagutarazi dute epaia. Bertan izan dira, irabazleaz gain, Imanol Lasa Turismoko diputatua, Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko ordezkariak –Aldundiarekin elkarlanean antolatu du lehiaketa-, eta parte hartu duten hainbat lagun. Aizkorberen argazkiaz gain, hauenak agertuko dira 2021eko egutegian: Carlos Mediavilla (urtarrila), Jose Angel Amuchastegui (otsaila), Vladimiro Garcia (martxoa), Ander Urrosolo (apirila), Simon Arrigain (maiatza), Arbil Iciar (ekaina), Javier Beristain (uztaila), Jon Andoni Villafranca (abuztua), Pedro San Roman (iraila), Iker Gutierrez (urria), Luis Francisco Llavori (azaroa) eta Jose Miguel Romero (abendua).

Lehiaketak herritarren artean duen harrera ona azpimarratu du Lasak: “Egitasmoaren oso balorazioa positiboa egiten dugu, emaitzak oso onak izan baitira arlo kuantitatiboan zein kualitatiboan, kalitate handiko lanak jaso baititugu, Gipuzkoan argazkilaritzarako zaletasun handia dagoenaren isla”. Zehazki, aurtengo edizioan 1.115 lan aurkeztu dira guztira. “2021ean ere herritarrek ateratako argazkiekin osatutako egutegia izango du Gipuzkoak” eta gehitu du Foru Aldundiaren egutegia ekimen ezaguna dela. Horren adibide da laugarren edizio honetan, aurreko urtearekin alderatuta, “ia bikoiztu” egin dela jasotako lanen kopurua, azpimarratu du Turismoko foru diputatuak.

            Aurtengo lehiaketarako aukeratutako gaia Gipuzkoako turismoa izan da eta, aurkeztu diren lanen bitartez, “lurraldeko turismoa, altxor naturalak eta biodibertsitatea balioan jartzen duen” egutegia osatu ahal izan da. Lasak gogoratu duenez, COVID-19 gaitzaren pandemia dela eta, Foru Aldundia lurraldean turismoa suspertzearen alde eta sektore ekonomiko honetako jarduera dinamizatzearen alde ari da lanean.

Foru Aldundiaren eta Argazkilari Elkarteen ordezkariek osatutako batzordeak aukeratu ditu 13 argazki irabazleak, eta baloratu dituzten arloen artean dauden irudien kalitate tekniko zein artistikoa eta aurtengo gaiarekin duten erlazioa. 18 urtetik gorako argazkilari zaletuek zein profesionalek parte ahal izan dute, gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izan dituztelarik.

  

544