Indarkeria Matxistari Aurre Egiteko Gipuzkoako Koordinazio Mahaiak aurrera darrai biktimei arreta emateko zerbitzuen hobekuntzan
Indarkeria Matxistari Aurre Egiteko Gipuzkoako Koordinazio Mahaiak aurrera darrai biktimei arreta emateko zerbitzuen hobekuntzan
Indarkeria Matxistari Aurre Egiteko Gipuzkoako Koordinazio Mahaiak aurrera darrai biktimei arreta emateko zerbitzuen hobekuntzan
• Bigarren osoko bilkuran, Mahaiak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin eta haien seme-alabekin izandako esku-hartzeko aurrerapenak nabarmendu zituen, eta erakundearteko koordinazioari eta birbiktimizazioaren prebentzioari lehentasuna eman zion. • 2025erako planteatutako helburuen artean daude, besteak beste, biktima gazteentzako arreta indartzea eta koordinazio mekanismoak hobetzea.

Indarkeria Matxistari Aurre Egiteko Koordinazio Mahaiak bigarren osoko bilkura egin du gaur, Foru Aldundiko Gunea espazioan, Gipuzkoa plazan. Topaketa horretan izan dira Mahaia osatzen duten erakundeetako politikariak eta teknikariak, eta erakundearteko elkarrizketarako eta koordinaziorako gune giltzarri gisa sendotu da.
2023ko martxoan sortu zenetik, Mahaiak lan egin du indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko mekanismoak indartzeko eta praktikak indarreko araudira egokitzeko. 2024an, parte hartu duten erakundeek ahalegin are handiagoa egin dute esku-hartze integraleko eredu bat ezartzeko, arreta berezia jarriz intersekzionalitatean eta kasurik konplexuenetan.
Esku-hartzearen azterketa eta identifikatutako erronkak
2024ko helburu nagusia izan da aztertzea indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin eta haien seme-alabekin esku hartzea zailtzen duten erronkak. Inplikatutako operadoreen arteko koordinazioa hobetzea eta eragindako pertsonen birbiktimizazioa saihestea ahalbidetuko duten oinarriak landu dira. Egindako hausnarketari esker, kasu horien azpian dauden egoeren diagnostikoan aurrera egin ahal izan da, esku-hartzean eta koordinazioan izaten diren oztopoak identifikatu dira, eta ikuspegi komunak eta profesionalentzat erabilgarriak diren tresnak proposatu dira. Gainera, jardunbide egokiak biltzea, arreta integrala bermatzea eta herritarrekiko komunikazio eraginkorra sustatzea landu da.
Ateratako ondorioak
Ateratako ondorioek nabarmentzen dute oreka bilatu behar dela biktimen babesaren eta adingabeen eskubideak errespetatzearen artean, birbiktimizazioa saihestuz, bereziki ama diren emakumeen kasuan.
Genero ikuspegia, haurren eskubideak eta ikuspegi intersekzionala modu eraginkorrean integratzen dituzten esku hartzeko ereduak eta ibilbideak diseinatzearen garrantzia azpimarratu dute. Eredu horien helburua da genero estereotipoak neutralizatzea, hainbeste birbiktimizatzen ez duen laguntza emanez biktimei eta zainketaren erantzukizuna amei bakarrik ez dagokiela ziurtatuta. Gainera, emakumeen ahalduntzea sustatu da, ama gisa duten rola berreskuratu eta indarkeriaren zirkulutik atera daitezen.
Era berean, erabaki da adingabeengan eragindako kalteak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko baliabide egokiak eskaintzeko eredu espezifikoak sortzea, esku hartzeko prozesuak inplikatutako pertsonen erritmoetara egokituta.
Erakundeen arteko koordinazioa indartzea
Mahaiaren funtsezko beste zutabeetako bat erakundeen arteko koordinazioa izan da. Hainbat administrazio zerbitzu eta mailaren baterako parte-hartzea sustatu da, arreta planak diseinatzeko eta haien jarraipena egiteko, biktimen errealitatera egokitutako balorazio espezializatuen bidez birbiktimizatzea saihesteko. Gainera, langileen gaitasunak indartzeko lan egin da, bai indarkeria matxistaren esparruan, bai haurrentzako zerbitzuetan, ikuspegi zabal eta kualitatiboetara egokitutako balorazio diagnostikoko tresnak erabiliz, eta horri esker, esku-hartze eraginkorragoa eta ez hain inbaditzailea lortu da.
Baliabideak gehitzea eta protokoloak eguneratzea
Biktimentzat eskuragarri dauden baliabideek ere hobekuntzak izan dituzte. Harrera zerbitzuetako plazak ugaritu dira, eta arreta psikologikoko itxaron zerrendak murriztea lortu da. Gainera, osasun, etxebizitza eta hezkuntza sistemen arteko erantzunkidetasuna sustatzeari eman zaio garrantzia, eta horrek biktimen beharrei erantzun integrala ematen lagundu du.
Sistemaren artikulazioari dagokionez, aurrera egin da protokoloak eta prozedurak eguneratzen, ikuspegi bereziarekin kasuen jarraipenean eta esku-hartzeen sistematizazioan. Horri esker, inplikatutako operadoreen arteko komunikazio eta koordinazio mekanismoak hobetu dira, eta ziurtatu da pertsona guztiek ezagutzen dituztela eskura dauden baliabideak eta jarraitu beharreko protokoloak.
Profesionalak aintzatestea
Azkenik, nabarmendu da garrantzitsua dela arlo horretan lan egiten duten profesionalen lana aintzatestea eta sentsibilizazioa eta etengabeko prestakuntza sustatzea, indarkeria matxistaren biktimei eta haien seme-alabei arreta egokia eta etikoa bermatzeko.
2025erako helburua
2025ari begira, funtsezko zenbait helburu planteatu dira. Lehenik eta behin, indarkeria matxistaren biktima diren nerabe eta gazteei ematen zaien arretan sakondu nahi da, batez ere prozedura judizialetan ematen zaien errekuperazio prozesuan. Gainera, Koordinazio Protokoloaren ezarpena osatuko da sexu indarkeriaren biktimentzako arreta zentroekin, eta Hariberriaren jardueraren jarraipena egingo da, bere prozedurak ebaluatu eta doitzeko.
Era berean, txosten bat egingo da indarkeria matxistak eragindako nerabe eta gazteen inguruko esku-hartzeari buruzko ondorio eta hobekuntza orientazioekin, arreta estrategiak hobetze aldera. Hainbat sistematan nerabeekin lan egiten duten profesionalentzat baliagarriak diren dokumentu erreferentziak bilduko dituen dosier bat sortuko da, baliabide garrantzitsuetarako sarbidea errazteko.
Gainera, EAEko sexu indarkeriaren biktimentzako arreta zentroekin koordinatzeko protokoloa zabalduko da, jarraibide zehatzagoak eta harremanetarako pertsonak txertatuz, inplikatutako eragileen arteko koordinazioa optimizatzeko. Eta, azkenik, txosten bat egingo da Hariberriaren lehen urteko jardueren datuekin, erabiltzaileen profilari eta koordinazioko ibilbide ohikoenei buruzko informazioarekin.
4496