Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Ingurumen Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute

Ingurumen Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute

EHUko Ekonomia Zirkularraren Gelak "erosketa eta kontratazio zirkularra" proiektua garatuko du, Ingurumen Departamentuarekin sinatutako hitzarmenari esker

2021/07/07
Foto Ingurumen Departamentuak...

Jose Ignacio Asensio: "kontratazio eta erosketa publikoak aldaketa-palanka izan daitezke ekonomia zirkularrerantz benetako bultzada emateko, beren lizitazioetan irizpide berdeak, zirkularrak eta berrikuntzakoak sartzen baitituzte".

José Ignacio Asensiok, Ingurumeneko diputatuak, eta Xabier Ostolazak, EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute 2021erako programatuta Ekonomia Zirkularreko Unibertsitate-Enpresa Gelan aurreikusitako zenbait jarduera garatzeko.

Ekonomia Zirkularraren Gelaren ohiko jardueretarako materialak erosteko 6.000 euroko ekarpenaz gain, Ingurumen Zuzendaritzak 62.000 €-ko konpromisoa hartu du Erosketa eta Kontratazio Publiko Zirkularra proiektuaren garapenarekin lotutako azterketa, analisi edo ikerketa lan akademikoak egiteko.

Green Recoveryren % 100 Lurralde Zirkularraren Think Tanken sortu zen proiektu honen beharra, eta honetan datza: administrazio eta erakunde publiko guztientzat erosketa publiko berde eta zirkularrerako baliabide sistema bat aztertu, proposatu eta garatzea. Ingurumeneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok gogorarazi duenez, "kontratazio eta erosketa publikoak aldaketa-palanka izan daitezke ekonomia zirkularrerantz benetako bultzada emateko, beren lizitazioetan irizpide berdeak, zirkularrak eta berrikuntzakoak sartzen baitituzte".

Iaz abian jarri zen EHUko Ekonomia Zirkularraren Gela, Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Gipuzkoako Estrategian jasotako helburuen artean dago, eta bere asmoa da ekonomia zirkularra unibertsitatearen errealitatera hurbiltzea.  Gela horretan elkarlaneko, prestakuntzako, ikerketako, bilerako eta irakaskuntzako proiektuak garatzen dira ekonomia zirkularraren esparruan. Trebatzen ari diren pertsonei zirkulartasun irizpideak emateaz gain, gerora beren praktika profesionaletan aplikatu ahal izango dituztenak, ekonomia zirkularraren gelak erraztu egiten du enpresekin eta beste eragile batzuekin lankidetza proiektuak sortzea eta garatzea.  Horren inguruan, foru diputatuak azpimarratu duenez, "goi mailako hezkuntzak berebiziko garrantzia du ekonomia tradizionala ekonomia zirkular bihurtzeko.  Orain trebatzen ari diren ikasleek, etorkizunean, gizartean eragina izango duten erabakiak hartuko dituzte, eta ikasle horien prestakuntzan zirkulartasun kontzeptuak sartzea ezinbestekoa da praktika horiek aplikatu ahal izan ditzaten euren etorkizuneko lanbideetan.”

 

  

340