Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Ingurumen Departamentuak zabor sakabanatuaren aurka borrokatzeko Euskadiko lehen planaren emaitzak aurkeztu ditu

Ingurumen Departamentuak zabor sakabanatuaren aurka borrokatzeko Euskadiko lehen planaren emaitzak aurkeztu ditu

2021ean, identifikatutako 536 guneetatik 67tan jardun da, eta 54,6 tona hondakin bildu dira.

2022/02/23
Foto Ingurumen Departamentuak...

José Ignacio Asensio: “Gure lurraldeko eta gure kostaldeko ingurumena eta biodibertsitatea arriskuan jartzen duten kutsadura-foku horiek ezabatzea lehenetsi dugu. Gure konpromisoa datozen hiru urteetan arazoa konpontzea da”.

Gaur goizean, José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Mónica Pedreira Ingurumen zuzendariak, sakabanatutako zaborren aurka borrokatzeko garatzen den Euskadiko lehen planaren emaitzak aurkeztu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenaren helburua da sakabanatutako zaborren 536 foku ezabatzea lurraldean. Horren inguruan,  2021ean zehar  Gipuzkoan sakabanatutako zabor-pilaketak prebenitu eta zuzentzeko egindako jardueren balantzea egin da. Asensiok adierazi du, “zaborrak pilatzen diren guneak “kutsadura-guneak” dira, eta horrek arriskuan jartzen ditu ingurumenaren oreka eta gure lurraldearen eta itsasertzaren biodibertsitatea. Zabor pilaketak ezabatzea lehentasunezko ekintza da”. Horretarako, jakinarazi du bere Departamentuak 600.000 euro erabiliko dituela 2024 urtera arte arazoa konpontzeko, 150.000 € izango direlarik urtean. 

2020. urtean, Ingurumeneko Departamentuak lehen aldiz egin zuen lurralde mailako azterlan bat, zabor sakabanatuen problematika aztertzeko. Guztira, 536 zabor foku zenbatu ziren Gipuzkoan: 44 kostaldean, 359 lehorreko ingurunean, eta 133, berriz, ibai ingurunean.

Arazo hori konpontzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak plan bat abian jarri zuen iaz, 2024rako pilaketa-puntu horien egoera zuzendu eta hobetzeko helburuarekin, udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan. Lehenengo jarduerak 2021ean egin dira, eta identifikatutako 536 zabor-guneetatik 67 kendu dira, guztizkoaren %12,5a. Foku horietako 34 ibai-ingurunekoak dira (%50,7);  27, kostaldekoak (%40,3) eta 6, lur eremuetakoak (%9). Guztira, 54,6 tona jaso dira 67 guneetan.

Planaren lehen fase honetan, arreta berezia jarri zaio ibai-arroetan pilatutako zaborrari, oso eragin negatiboa baitu gure kostaldeko egoeran. Hori horrela, Ingurumeneko Departamentuak aurrera eramandako lehenengo ekintzetako bat izan da Deba, Mijoa eta Oria ibaietan zeuden zabor sakabanatuak biltzea. Ibai horietan, guztira, 17,7 tona zabor sakabanatu bildu dira 37 km-ko luzera batean. Ekintza hori gauzatu zen 2021eko uztailetik irailera bitartean, Ingurumen Zuzendaritzaren 72.424 euroko inbertsio baten bidez, lankide zituela mankomunitate hauek: Debabarrena, Debagoiena, San Marko, eta Tolosaldea. Zehazki, 7.920 kg bildu ziren Deba ibaian, 440 Mijoan, eta 9.360, berriz, Orian; batez beste, 478,9 kg kilometro bakoitzeko. Deba, Mijoa eta Oria ibaietan bildutako zabor sakabanatuaren % 27 errefusarekin parekatu daitezkeen hondakinena zen; % 24,6 altzariena, zurarena, kristalarena, koltxoiena eta ehungintzarena; % 11,65 plastikoarena; % 0,45 TEEHena; % 23,9 metalena; eta % 12,4, berriz, pneumatikoena.

Bestalde, Ingurumen Zuzendaritzak dirulaguntza-lerro berri bat sortu du udalentzat eta mankomunitateentzat, jarduketak gauzatu ditzaten zabor sakabanatuen pilaketa-fokuak prebenitzen eta zuzentzen laguntzeko. Horretarako, 75.000 euroko aurrekontua bideratu du. Diruz lagundu daitezkeen jarduketak dira kostaldeko, ibaietako eta lehorreko espazioak garbitzearekin zerikusia dutenak. Dirulaguntzan sartzen dira ere bai  zaborrak kontrolik gabe isurtzea ekiditeko elementuak jartzea.

Orain arte, aurrekontuaren % 68 bideratu  da (51.341,37 euro). Gauzatutako jarduketen artean, nabarmentzekoak dira ibai espazioen 28,9 km-ren garbiketa (21,6 tona zabor sakabanatu bildu dira); lehorreko espazioen 8 hektarearen garbiketa (guztira 9,9 tona bildu dira); eta 3.100 metro elementu jartzea, eragoztearren zaborrak ibai ingurunera iristea.

Era berean, laguntza eman zaie zaborrak biltzeko bestelako ekimen batzuei. Horien artean, aipatzekoak dira Txingudiko paduretako zabor bilketa, Surfriderrekin batera egin dena, eta Leitzaran ibaiaren inguruneko bilketa, La Liga fundazioarekin eta Real Sociedadekin batera.

Ingurumen Zuzendaritzak 600.000 euro erabiliko ditu plan guztia garatzeko. 2021ean inbertitutako 150.000 €ri, beste 450.000 gehituko zaizkie hurrengo hiru urteetan.2022an, zaborren pilaketa-fokuak prebenitzeko eta zuzentzeko dirulaguntza-lerroa bultzatzen jarraituko da 75.000 euroren bitartez; lurraldeko kosta eta ibai inguruneetan dauden zabor sakabanatuen bilketak egiten ere jarraituko da,  75.000 euroko inbertsio ekonomikoarekin; azterlan bat egingo da lurraldeko ibai bideetan ohikoak diren hondakin berezi jakin batzuen iturri potentzialei buruz; eta, azkenik, informazio eta sentsibilizazio kanpainak egingo dira, ahalbidetuko dutenak dagoen problematika ezagutaraztea eta ohitura-aldaketa bat sortzea.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuak adierazi duenez, “lan partekatu eta koordinatu bat bultzatzeko konpromisoa hartu genuen, Gipuzkoan identifikatutako zabor sakabanatua pixkanaka kentzeko eta zuzenketa- eta prebentzio-neurriak eraginkortasunez gauzatzeko” .“Gaur, esan dezakegu Plana martxan dagoela eta Gipuzkoak ingurumena hobetuko duela hurrengo hiru urteetan kutsadura-gune horiek ezabatuz”.

 

  

347