Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumena aurrekontuen aurkezpena

Ingurumena aurrekontuen aurkezpena

Ekonomia Zirkularraren aldeko apustuak, Klima Aldaketaren aurkako borrokak eta Energia Jasangarritasuna bultzatzeak Ingurumen Sailaren aurrekontu-ahalmena handitu dute

2021/02/02

Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak aurkeztutako aurrekontuak %5,85eko gehikuntza du 2020ko aurrekontuarekin alderatuta.

Asensio: “Aurrekontu batzuk diseinatu ditugu Gipuzkoa suspertze ekonomiko eta sozial jasangarri baten bidean jartzeko, estrategikoki prestatuta Europako funtsak jasoko dituzten proiektuak bultzatzeko”

José Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak Departamentuaren aurrekontuak aurkeztu ditu gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Departamentuaren gehikuntza %5,85ekoa izan da, 27 milioi eurotik 28,5 milioi eurora igaro baita.

Asensiok azaldu duenez, hazkunde horren arrazoia da zeharkatzen dugun krisi soziosanitarioaren garairako beharrezko irteera berdearen aldeko apustua indartzea eta Gipuzkoako sare ekonomiko eta soziala Green Recoveryko aginduen ildotik suspertzeko bidean jartzeko aukera izatea. Ekonomia Zirkularraren, Klima Aldaketaren eta Energia Jasangarritasunaren aldeko apustua dira departamentuak aurkezten dituen proiektu nagusien euskarri nagusiak eta, Gipuzkoara iritsiko diren Europako 150 milioi berreskuratze-funts mobilizatu nahi dituztenak. Asensio foru diputatuak gogoarazi du: “Aurrekontu batzuk diseinatu ditugu Gipuzkoa suspertze ekonomiko eta sozial jasangarri baten bidean jartzeko, estrategikoki prestatuta Europako funtsak jasoko dituzten proiektuak bultzatzeko”

Departamentuaren aurrekontua bi zuzendaritzetan banatzen da. Horrela, Ingurumen zuzendaritzaren  aurrekontua %4,25 handitu da eta Obra Hidraulikoena %11,5. Ingurumen Zuzendaritzak 19,8 milioi izango ditu, departamentu osok aurrekontuaren %69 eta Obra Hidraulikoen arloaren dotazioa 7,2 milioi, hau da, %26.

Ingurumen Zuzendaritzan, Ekonomia Zirkularra aurrekontuaren ia erdia (9,2 milioi) mobilizatzen duen programa da. Hondakinen Kontsortzioa eta prebentzioa, birziklatzea eta ekonomia zirkularra indartzea dira 2050ean Gipuzkoarentzat %100 zirkularra izango den ekonomiarantz mugitzeko proiektu nagusiak. Horri dagokionez, Asensiok nabarmendu duenez, “ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten dugu, emisioak murriztu eta  lurraldearen egungo eredu ekonomikoa eraldatzea gure ardatz estrategikoetako bat baita. Ekonomia zirkularra funtsezkoa da ekonomia berdea bultzatzeko, aberastasuna sortzeko, enplegua sortzeko eta gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetzeko”.

2050 Klima Aldaketaren aurkako Estrategia bultzatzeko programaren aurrekontuaren %92a Naturklima estrategiari laguntzera bideratuta dago. Plan horren bidez, ingurumena babesteko, energia aurrezteko eta Gipuzkoa berde eta jasangarria eraikitzeko ekimenak bultzatu nahi dira, eta Europako funtsak bideratzeko oinarriak ezarri.

Hirugarrenik, Gipuzkoan energia-eredu jasangarrirako trantsizioa sustatzea helburu duen programa dago. Tokiko Energia Planak sustatu eta energia-pobreziaren aurkako borroka sustatzez gain, 2 milioi horietatik %68k, lurraldean energia berriztagarrien tasa handituko duen, kanpoko mendekotasuna murriztuko duen eta autokontsumo energetikoa bultzatuko duen jasangarritasun energetikorako trantsizioa bultzatuko du. Horri dagokionez, Asensiok hau gogorarazi du: “Ahaleginak egingo ditugu lurralde-eredu energetiko bidezkoa ezartzeko, energia-eskariaren kudeaketa eraginkorrean oinarrituta eta pertsona energia-sistemaren erdian jartzen saiatuta. Hori ekonomia deskarbonizatu eta lehiakorrerantz aldatzeko tresna nagusia da”.

Ingurumen Zuzendaritzaren aurrekontua osatzen duten beste hiru programak hauek dira: jasangarritasuna, ingurumen-hezkuntza eta -sentsibilizazioa, lurraldearen erresilientzia bultzatzea eta azpiegitura berdeak indartzea eta hondartzak eta itsasertza osorik kudeatzea.

Obra Hidraulikoen arloari dagokionez, aurten %11,5eko gehikuntza izango du eta guztira 7,2 milioi, lau programatan oinarrituta garatuko dira. Zuzendaritza honen aurrekontuaren igoera nagusia azpiegitura hidraulikoen eremuan dago.

Zuzendaritza honen programarik garrantzitsuena azpiegitura hidraulikoena da (4,5 milioi euroko aurrekontua eta Zuzendaritzaren aurrekontuaren %63), eta administrazio eskudunekin egin beharreko hitzarmenak eta akordioak indartzera bideratuta egongo da, hondakin-uren saneamendu-sarea osatzen eta optimizatzen jarraitzeko eta lurralde osoan edateko uraren hornidura-sistemen bermeak sendotzeko.

Obra Hidraulikoen Zuzendaritzak 1,1 milioi euroko aurrekontuari eutsi dio ibaiak lehengoratzeko programarako, hau da, Zuzendaritzaren aurrekontuaren %15, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien arroetan eta ibaiadarretan ibaien konektibitatea hobetzeko eta 123 oztopo iragazkortzeko Plan Zuzentzailea garatzen jarraitzeko. Zuzendaritzaren gainerako aurrekontuaren xedea izango da Gipuzkoako ibaietako uren kalitatea bermatzea, hainbat proiekturen bidez (1.2 milioi), aforalekuak mantendu, konpondu eta kontserbatzeko, eta aforalekuen sare hori osatzea. Horretarako, aforaleku  berrien  eraikitzea sustatuko da, sarea osatu arte: Bidasoa Beherea, Oria Garaia eta Ego ibaia (aforaleku sarea berritzeko programa, 600.000 €).

  

1320