Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Ingurumenak 1.500.000 euro bideratu ditu normaltasun berrira itzultzen den hondartza-denboraldira

Ingurumenak 1.500.000 euro bideratu ditu normaltasun berrira itzultzen den hondartza-denboraldira

Ingurumen Departamentuak milioi eta erdi euro erabiliko ditu hondartzen garbiketa, bideometria sarea, Nik Hondartzak aplikazioaren eguneraketa, sentsibilizazio kanpaina eta salbamendu zerbitzuan laguntzeko. Ingurumen Departamentuak «Elkartasun Olatuak» kanpaina jarriko du abian Elikagaien Bankuarekin eta Emausekin lankidetzan, Gipuzkoako hondartzetan elikagaiak jaso eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei helarazteko. Nik Hondartzak aplikazioak garraio publikoari buruzko informazioa eskainiko du, hondartzen erabilera iraunkorragoa bultzatzeko.

2022/06/15
Foto Ingurumenak 1.500.000 euro...

José Ignacio Asensio: “Normaltasun-uda baterako itzulera inauguratu dugu, eta modu arduratsu eta iraunkorrean gozatzera bultzatuko dugu. Garraio publiko eta jasangarriari lagunduko diogu, eta NIk Hondartzak aplikazioaren bidez, okupazio-indizeei eta kondizioei buruzko informazioa ematen jarraituko dugu, une oro hondartzak segurtasunez erabiltzeko”.

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eman dio hasiera Gipuzkoako hondartzen udako denboraldiari Zarauzko hondartzan, Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziarekin batera.  2022ko hondartza denboraldia ekainaren 15etik irailaren 15era izango da Gipuzkoan. Irekiera ekitaldian, Foru diputatuak azpimarratu du “Normaltasun-uda baterako itzulera inauguratu dugu, eta modu arduratsu eta iraunkorrean gozatzera bultzatuko dugu. Garraio publiko eta jasangarriari lagunduko diogu, eta NIk Hondartzak aplikazioaren bidez, okupazio-indizeei eta kondizioei buruzko informazioa ematen jarraituko dugu, une oro hondartzak segurtasunez erabiltzeko”

Ingurumen Departamentuak milioi eta erdi euro erabiliko ditu hondartzen garbiketa, bideometria sarea, Nik Hondartzak aplikazioa eguneratzea, sentsibilizazio kanpaina eta salbamendu zerbitzua emateko, Foru Aldundiak hondartzak garbitzeko zerbitzua zuzenean ematen dien udalerrietan. Banaketa orekatua izango da, udalerri txikienei mesede egingo dien zuzenketa kontuan hartuko duena.

Aurtengo berritasun nagusiei dagokienez, Ingurumen diputatuak adierazi du Hondartzen Mahaian adostutakoari jarraiki, pandemia garaian aforoak kontrolatzeko martxan jarri zen Nik Hondartzak aplikazioa mantenduko dela, Asensio diputatuaren hitzetan, «prebentzio tresna hori indartuta, hondartzetan segurtasun eta kalitate indizerik altuenekin egon ahal izatea bermatzeko eta horrela herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko». Ildo horretan, okupazioa adierazteko semaforo sistema beharrean termometro bat erabiliko da, ez baita aurreikusten COVID-19aren ondorioz hondartzetan mugaketarik izango denik; oraingoan termometro hori jardungo da hondartzetako okupazioaren adierazle gisa. Bainatzeko debekuaren alerta mantendu egiten da, eta gehitu da itsasoaren egoerari, olatuaren ezaugarriei, mareei eta puntu arriskutsuei buruzko informazioa, bainua seguruagoa izan dadin. Asensio diputatuak adierazi du «Nik Hondartzak aplikazioa sortu zela prebentzioko tresna gisa, eta aurten indartuko dela funtzio berriak gehituta, erabiltzaileek bainua seguruagoa izateko baldintzei buruzko informazioa izan dezaten». Nik hondartzak aplikazioak, berritasun gisa, botoi bat izango du hondartza bakoitzera nola iritsi jakiteko, garraio publikoari lehentasuna emanda, eta Mugikortasun Jasangarriko botoi bat izango du, Google Mapserako loturarekin.

Bestalde, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak adierazi duenez, “hau normaltasunera itzultzeko uda izango da. Denok gozatu nahi dugu hondartzetako erreginaz mugarik gabe. Udako denboraldia hasteko astebete falta den arren, gure hondartzara itzuli dira toldoak egun hauetan, zarauztarren eta udatiarren gozamenerako”. Bestalde, Txurrukak jakinarazi duenez, “berrikuntza gisa, uda honetan, Zarauzko malekoiko bainu eta dutxak doan erabili ahal izango dira”.

Bestalde, aurten berriz ere sentsibilizazio kanpainei ekingo zaie hondartzetan. Emausekin eta Elikagaien Bankuarekin lankidetzan, “Elkartasun olatuak” izeneko kanpaina ibiltari bat diseinatu da; Volkswagen furgoneta bat 8 udalerritan eta 9 hondartzatan barrena ibiliko da. Kanpaina ekainaren 9tik abuztuaren 2ra egongo da martxan, puntu bakoitzean astebetez, Zarautzen hasita ekainaren 9an.

Sentsibilizazio kanpainak bi helburu izango ditu: batetik, zakarrontziak ondo erabil daitezen sustatzea eta herritarrak hondakinak gaika bereizi eta biltzearen inguruan sentsibilizatzea, haur jokoen, mintegien eta pegatinen bidez. Bestalde, Elikagaien Bankurako elikagaiak bilduko dira, egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioz geroz eta pertsona gehiago baitaude beharrean. Elikagaien Bankuak azpimarratu du bereziki elikagai hauek beharko liratekeela: olioa, arrain kontserbak (atun latak, sardinak, etab.), arroza, pasta eta, dilista lehorrak. Carlos Martinezek, Bankuko presidenteordeak, berretsi du beharrak handitu egin direla onuradunen kopurua handitu delako. «Gure ustez, bi arrazoirengatik handitu da onuradunen kopurua: Ukrainako gerrak desplazatutako pertsonak ugaritu direlako eta oinarrizko produktuen prezioa igo delako; horrek eragin bikoitza du Bankuan, merkatuan erosten dituen produktuen prezioaren balioa ere handitu egin baita».

Begoña Cabaleiro, Emaús Fundazioko Komunikazio Arduradunak dioenez, “kontsumo arduratsua, berrerabilpena, birziklapena eta ekonomia zirkularra ez dira ahaztu behar udan. Modu jasangarrian berdin berdin goza daiteke. Hondartzara bizikletaz joan gaitezke, bertako eta denboraldiko produktuak eraman ditzakegu bertan jateko, iturriko ura kantinplora batean eramanez, eta erabilera bakarreko produktuak ez erabiltzen”.

  

313