Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak 132.000 € bideratuko ditu gazte ikertzaileen proiektuei laguntzeko

Ingurumeneko Departamentuak 132.000 € bideratuko ditu gazte ikertzaileen proiektuei laguntzeko

2022ko deialdiak 11 beka emango ditu, bakoitza 12.000 eurokoa.

2022/02/07

2022ko deialdiak 11 beka  emango ditu, bakoitza 12.000 eurokoa, arlo hauetan ikertzeko: ekonomia zirkularra, jasangarritasun energetikoa, eta klima-aldaketa.

Ingurumeneko Departamentuak, azken sei urte honetan, milioi erdi euro baino gehiago xedatu ditu 44 gazteren ikerketa-proiektuei laguntzeko.  Bekadunen %75ak sektorean jarraitzen dute lanean, eta erdiak,  beka egin zuen enpresan jarraitzen dute lanean.

José Ignacio Asensio: “Gazteen aldeko apustua egitea Gipuzkoaren etorkizunaren aldeko apustua egitea da” “Ikerketaren eta ezagutzaren aldeko apustua ezinbesteko balio bat da eraldaketa ekonomiko eta sozialerako, herritarrentzat ongizate handiagoa izango duen etorkizun bat ziurtatzeko modu gisa”.

 

José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak eta Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute gazte ikertzaileentzako beka-programa, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetarakoa, Departamentuak diruz lagunduko duena 2022an.

 

2016an abian jarri zenetik, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntza-programak 528.000 € xedatu ditu 44 ikerketa-beka finantzatzeko. Beken erdiek baino gehiagok (% 54) ekonomia zirkularraren arloko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak finantzatu dituzte, bai prebentzioari dagokionez, bai hondakinen berrerabilpenari, gaikako bilketari eta birziklapenari dagokienez. % 32 klima-aldaketaren eremura bideratu dira, bai berotzearen ondorioak arintzearen edo haietara egokitzearen arloko ikerketari dagokionez, bai klima-aldaketaren informazio berrikuntzari eta komunikazio publikoari dagokienez. Ehuneko txikiago bat (% 14) energiaren arlora bideratu da, alderdi hauetan oinarritutako proiektuekin: ikerketa eta berrikuntza, aurrezpen eta efizientzia energetikoaren arloan eta energia berriztagarrien erabilera arloan.

 

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok nabarmendu du bekadunen %75ak sektorean jarraitzen dutela lanean, eta erdiak,  beka egin zuen enpresan jarraitzen duela. Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela gazteei laguntzea eta beren prestakuntza indartzeko alternatibak eskaintzea etorkizuneko aukerak hobetu ditzaketen eremuetan, enplegu hobeak lortzea ahalbidetuta, eta azpimarratu duenez, “gazteen aldeko apustua egitea Gipuzkoaren etorkizunaren aldeko apustua egitea da”.

Ingurumena diputatuak ikerketan eta ezagutzan inbertitzea, ezinbesteko balio bat dela azpimarratu du eraldaketa ekonomiko eta sozialerako: “Ikerketan inbertitzea eredu produktibo berri baten palanka da, zeina jasangarrria izango baita eta ezagutzan oinarritutako eraldaketa baten alde egingo baitu, herritarrentzat ongizate handiagoa izango duen etorkizun bat ziurtatzeko modu gisa”

 

Nabarmendu du nola egindako ikerketen % 70 emakume gazteek egin dituzten. Foru diputatuak oso positiboki baloratu du datu hori, berresten baitu emakumeek gero eta lidergo handiagoa dutela: “Emakumeak lidergoa izatea zenbait arloren ikerketan –hala nola ekonomia zirkularra, energia, eta klima-aldaketa– berme bat da trantsizio ekologikoa bidezkoa eta berdintasunezkoa izango dela”.

 

Urte hauetan emandako bekak bideratu dira bai esparru akademikoan garatutako proiektuetara bai lurraldeko beste ikerketa-zentro batzuetan edo baita enpresetan ere garatutakoetara. Beken % 54 unibertsitateetan garatu dira (EHU, Tecnum eta Mondragon Unibertsitatea), eta gainerakoa, berriz, enpresa-sektorean, hala nola Emaus, Aguas del Añarbe, Ekolber, Ekograss eta Aranzadi.

 

2022ko bekak

 

Irekita dago ikerketarako laguntzen 2022ko deialdia, helburutzat daukana honelako proiektuak garatzea: ikerketa, berrikuntza, dibulgazioa, informazioa eta komunikazioa. Helburu horrekin, 11 beken deialdia egiten da –bakoitza 12.000 eurokoa– arlo hauetarako:

 

  • 5 beka ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetarako, arlo hauetan: ekonomia zirkularra, eta hondakinen prebentzioa, berrerabilpena, gaikako bilketa eta birziklapena.
     
  • 2 beka ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetarako, arlo hauetan: aurrezpen eta efizientzia energetikoa, eta energia berriztagarrien erabilera.
     
  • 4 beka ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetarako, arlo hauetan: klima-aldaketa arintzea edo hartara egokitzea, eta klima-aldaketaren arloko informazioa eta komunikazioa.

 

Bekaren xede diren proiektuek izan beharko dute hasi gabeak, originalak eta lehenago argitaratu gabeak. Espainiako edo Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoek eskatu ahal izango dute beka, baldin eta bekaren garapenarekin bateraezina den lan jarduerarik egiten ez badute. Eskatzaileek Lanbide Heziketako goi mailako tituluren bat izan beharko dute, unibertsitate gradu eta graduondokoa, zeinaren ezagutza-eremuak zerikusia baitu eskatzen den bekaren xedearekin. Hartzaileak, zehazki, adar hauetako tituludunak dira: Zientziak, Ingeniaritza, Arkitektura, eta Komunikazioa, bai LHko goi mailako moduluetakoak, bai unibertsitate prestakuntzakoak. Gainera, eskatzaileak tutore bat izan beharko du, zeina izan baitaiteke unibertsitate, ikerketa-zentro, ikastetxe, eta enpresa publiko edo pribatu batekoa, baldin eta zuzeneko lotura badauka bekaren xede den gaiarekin. Bekak Internet bidez aurkeztu behar dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus), Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean.

  

1391