Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak aurrerapausoak eman ditu Energia Jasangarritasunaren Estrategian

Ingurumeneko Departamentuak aurrerapausoak eman ditu Energia Jasangarritasunaren Estrategian

Debagoieneko eta Beterri Buruntzako garapen agentziek bat egin dute Gipuzkoako Energia Jasangarriaren Lurralde Mahaiarekin.

2019/03/21

Saioan parte hartu dute energia gaietan erreferentziazko aholkulari den Javier García Brevak eta Tecnaliako eta Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioko ordezkariek.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensio buru duen Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaian, lurralde osoko eskualdeetako garapen agentziek parte hartu dute; gainera, oraingo honetan, bi agentzia berri bildu dira mahaira, zehazki, Debagoienekoa eta Beterri Buruntzaldekoa. Hortaz, Gipuzkoako 89 udalerrietatik 81ek ordezkaritza dute dagoeneko bertan. Bidasoa Bizirik eta Donostiako Udala ere mahaira biltzea izango da hurrengo erronka. Energia Mahaiaren saio honetan izan dira energia gaietan erreferentziazko aholkulari den Javier García Breva, Tecnaliako Energia Efizientziaren Alorreko zuzendari Sergio Saiz eta Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioko zuzendari Itziar Eizaguirre ere.

Saio horretan, Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiak oinarritzat izango duen dokumentua aurkeztu dute. Egindako analisian xede jakin bat finkatu da: Gipuzkoako energia politikak GK 2050 klima aldaketaren estrategian ezarritako helburuetara bideratzea, hala nola isurketak murriztera eta deskarbonizazioa lortzera. Halaber, ezinbestekotzat jo da tokiko erakundeek lurraldearen etorkizuneko eredu energetikoa definitzen parte hartzea. Trantsizio energetikoa lortzeko gakoen artean dago laguntza irmoa ematea nola energia berriztagarriak hedatzeari hala efizientzia hobetzeko eta kontsumoa arrazionalizatzeko neurriei, horrela sustatuko baita aurreztea eta horrela babestuko baliabideak. Gainera, lehentasunezkotzat jo da kontsumitzaileei energia eskuratzeko aukera parekoagoa eskainiko dieten tresnak garatzea, esaterako, autokontsumorako  sorkuntza banatua. Aurreztea, efizientzia eta autokontsumoa ezinbesteko lan ildotzat hartzen dira pobrezia energetikoari aurre egiteko bidean.

Hori horrela, energia jasangarritasunaren estrategia berriaren bidez, Gipuzkoan 2050erako aurreikusten den energia eskaria ebaluatu nahi da, eta baita bideragarritasun plan bat diseinatu ere, behar horiek energia berriztagarriekin estaltzea bideragarria izan ote daitekeen ikusteko. Analisi hori osatzeko, ekintza plan bat abiarazi, eta proposatutako negozio ereduek eta teknologia berriek duten eragina ebaluatuko da.

Miramongo Parke Teknologikoan izan den lansaioan egindako aurreikuspenen arabera, energia jasangarritasunaren estrategia berria prest egongo da urte amaierarako, eta 2020an hasiko dira zabaltzen.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok ezinbestekotzat jo du tokiko erakundeek (Aldundia, udalak eta beste batzuk) batera lan egitea kontsumitzaileak (hiriguneetako eta landa eremuko etxeak, sektore guztietako enpresa txiki eta ertainak, merkatari txikiak, zerbitzu publikoa, etab.) inplikatuko dituen energiaren arloko estrategia bateratu bat sustatzen. Estrategia hori ekintza planen bidez zabalduko da, eta osoki garatuko ditu pobrezia eta ahultasun energetikoa murrizteko har daitezkeen neurriak: batetik, kontsumo ohiturak eta eraikin, instalazio, ekipamendu, ibilgailu eta abarretako efizientzia hobetzeko prebentzio neurriak, eta, bestetik, ekimen kolektibo eta publikoetan oinarritutako neurri eraldatzaileak, errendimenduen bidezko banaketa bat ahalbidetzen duten proiektuei bide ematen dietenak, toki eta eskualde mailan energiaren arloko plangintza eta ekintza, energia kooperatibak, energia berriztagarrietan oinarritutako autokontsumorako sorkuntza, etab. sustatzen dituztenak.

 

Asensiok adierazi duenez, «herritarrek gertuko erakundeei eskatzen diete esku har dezatela energiaren arazoari konponbidea bilatzen. Gipuzkoako udalek eta batik bat eskualdeetako agentziek laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskatu dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hiru arlotan lan egiteko, batik bat: aurreztea eta energia jasangarritasuna lortzea, energia berriztagarrietan aurrera egitea energia mota horrek gure energian pisu handiagoa izan dezan, eta, azkenik, energiaren negozioak itxura sozialago bat izan dezan».  «Bestalde, beharrezkoa da energia trantsizio hori tokiko ekonomia aktibatzeko eta enplegua sortzeko aukera modura aurkeztea», baieztatu du Asensiok.

Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaia 2017ko martxoan eratu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Departamentuaren ekimenez. Gaur egun, eskualdeetako garapen agentzia hauek biltzen dira mahai horretan: Debegesa (Debabarrena), Goieki (Goierri), Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Iraurgi Lantzen (Urola Erdia), Uggasa (Urola Garaia), Debagoiena eta Beterri Buruntza. Haren ardurapean dago pobrezia energetikoa eta energiaren mendekotasuna murriztea, eta gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik Gipuzkoan eredu energetiko jasangarri bateranzko trantsizioa xede duten politikak eta jarduera ildoak definitu dezaketen estrategi bateratuak lantzea, garatzea eta ebaluatzea.

  

1160