Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak eta Naturklimak Gipuzkoako hiru enpresa saritu dituzte klima-aldaketaren aurrean egindako lanagatik

Ingurumeneko Departamentuak eta Naturklimak Gipuzkoako hiru enpresa saritu dituzte klima-aldaketaren aurrean egindako lanagatik

Gipuzkoako 11 enpresak parte hartu dute proposamen berritzaile eta jasangarriak garatzeko lehiaketan, enpresek klima-aldaketaren aurkako borrokaren esparruan eraldaketa ekologikoan dituzten erronkei erantzuteko.

2020/08/11

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Xabier Esteban Naturklima, Gipuzkoako Klima Aldaketaren aurkako Fundazioaren zuzendari teknikoak, ekainaren hasieran deitutako “Enpresa-erronkak klima-aldaketaren aurkako borrokan” lehiaketaren ebazpena jakinarazi dute gaur. Lehiaketaren helburua da proposamen berritzaileak saritzea, bultzatzea eta garatzea, lurraldeko enpresen erronka zehatzei erantzuteko, Klima-aldaketaren aurkako borrokaren esparruan, baliabideen Ekonomia Zirkularraren ikuspegitik.

Programa honen helburua da Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei laguntzea eguneroko funtzionamenduan aurre egin behar dieten erronkei (ekoizpen-prozesuak, produktuen berrikuntza, digitalizazioa eta abar) aurre egiten. Horretarako, talentua bilatu behar da, bai enpresetan bertan, bai enpresetatik kanpo. Horren bidez, enpresa horien lehiakortasuna hobetu ahal izango dute, eta Lurraldean klima-aldaketa prebenitzen eta hari aurre egiten lagunduko duten negozio-ideia berriak sortu.

José Ignacio Asensio foru-arduradunak adierazi duenez, “ekonomia zirkularra funtsezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokan. Indarrak batu eta hondakinak eta klima-aldaketa aberastasuna eta enplegua sortzeko aukera bihurtu behar ditugu, Gipuzkoa jasangarriago batean”. Asensiok azpimarratu duenez, “hori erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren adibide garbia da, ekonomia berdearen esparruan beharrezkoak baitira, Gipuzkoaren suspertze ekonomikoa eta etorkizuna bultzatzeko beharrezko praktika. Halaber, azaldu du ekonomia zirkularrak birziklatze-sektoreko enplegua bikoiztu dezakeela eta “10.000 lanpostu 2030 baino lehen” lor ditzakeela.

Gipuzkoako 11 enpresa aurkeztu dira lehiaketara. Lehiaketa ebazteko orduan kontuan hartu diren irizpide nagusiak honako hauek izan dira: lurralde-erronken erantzuna, Gipuzkoan eragin positiboa lortzea, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzea eta proiektuak prozesu osoan zirkulartasunari eustera bideratuta egotea. Hiru izan dira saridunak. 15.000 euroko saria jasoko dute dirutan, eta Naturklimako ekonomia zirkularreko Hub-en saio bat, informatika-postu hornituarekin eta Fundazioan eskuragarri dauden zerbitzuez baliatzeko aukerarekin (erreprografiak, komunikazioak, internet, etab.):

Graphene Synthetic Fuels

Graphene Gipuzkoako enpresa bat da, kalitate handiko grafenozko olatak egiten eta merkaturatzen ditu, eta material horretan oinarritutako teknologiak garatzen ditu. Grafenotik abiatuta, hainbat industria-aplikazio lortzen dira, hala nola zabortegietako plastikoa erregai bihurtzea. Gaur egun, Euskadin urtean 213.500 tona hondakin plastiko isurtzen dira. Graphenek birziklapen kimikoko gune bat garatu nahi du Gipuzkoan, %100 zirkularra, pirolisi tradizionaleko prozesu baten eta nano-materialen erabileraren konbinazioaren bidez.

Ekolber

Ekolber Gipuzkoako enpresa bat da eta erreferente bat bioplastikoaren sektorean. Ingeniaritza-, ikerketa- eta garapen-jardueretan lan egiten du, bai eta kautxu eta plastiko biodegradagarriak sortu, eraldatu eta merkaturatzen ere, oinarri kolagenikoko nahasteen eta nekazaritza-, basogintza-, elikagai-, abeltzaintza- edo arrantza-sektoreko hondakinen bidez lortuak. Gainera, bioingeniaritza-dibisio bat du, kolagenoan oinarritutako produktu alternatiboak garatzen dituena eta kolageno-oinarri biodegradagarria (larruak) duen material berri bat garatzen duena, plastikoaren ordez.

Ekolberrek erabat jasangarria den produktu batekin egiten du lan, iturri berriztagarrietatik lortua eta zikloaren amaieran erabateko degradazio-ahalmena duena. Karbono-aztarnarik ez du ia, eta, haren sustapen- eta produktu-motaren arabera, haren balio-bizitzaren ondoren birziklagarria, konpostagarria edo erraustekoa izan daiteke, aplikatzen zaion produktu bakoitzari balio ekologikoa gehituz

Bilibin

Bilibin Zirkularra ekonomia zirkularreko soluzio berritzaileak sortzen dituen aholkularitza-enpresa da, erakundeetan hondakinak saihesteko eta, hala, errentagarriagoa, erresilienteagoa izaten eta enpresa jasangarri gisa posizionatzen laguntzeko. Erabilera bakarreko plastikoen eta elikagaien hondakinen prebentzioan eta murrizketan eragina izan nahi du, eta plastikoaren murrizketari lotutako zigilu bat ezarri.

  

1809