Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak eta Ternuak Latxa Artile proiektuan parte hartzen dute

Ingurumeneko Departamentuak eta Ternuak Latxa Artile proiektuan parte hartzen dute

Ardi latxaren artilea aprobetxatuz kirol-jantzietarako kalitatezko isolatzaile termikoa sortuko dute.

2020/02/07

Ekimen honen helburua da gaur egun osoki hondakin gisa kudeatzen den ardi latxaren artileari irteera bat eskaintzea. Proiektu honen bidez, produktu horrek berriz merkatuan sartzeko duen ahalmena erakutsi nahi da, kalitate handiko jaketan isolatzaile termiko izateko balio baitu.

José Ignacio Asensio: «Hau da Administrazioaren, lehen sektorearen eta industriaren arteko elkarlanaren adibiderik onena ekonomia zirkularra bultzatzeko, hondakina baliabide bihurtuz». «Latxa Artile bezalako ekimenek aberastasuna sortzen dute eta Gipuzkoa ekonomia berdearen alorrean kokatzen dute».

Edu Uribesalgo: «Artileshell teknologia sortu dugu berrikuntzarekin, ingurumenarekin eta gizartearekin dugun konpromisoa nabarmentzeko. Irtenbiderik ez duen hondakin honentzako alternatibak bilatuz, tokian tokiko arazo bihurtu baita. Hondakin hau gure arropentzako lehengai bilakatuko dugu eta bide batez, gure erabiltzaileak ingurumenarekin eta gizartearekin arduratsua diren erosketek duten garrantziaren inguruan kontzientziatuko ditugu».

Ingurumeneko Departamentuak babesa ematen dio Ternua buru duen «Latxa Artile» proiektuari, Iletegia eta Muturbeltzekin elkarlanean. Ekimen honen bitartez, irtenbide bat eskaintzen zaio gaur egun osoki hondakin gisa kudeatzen den ardi latxaren artileari. Gainera, artilearen eliminazioak dakarren arazoak ekiditen dira eta kalitate handiko jakentzako isolatzaile termikotarako balio du. Proiektuaren helburua ardi latxaren ustiategietatik datorren artileari berriz balioa ematea da, bai ingurumen mailan, bai ekonomia zein kultura mailan. Proiektu hori martxan jartzearekin batera, horrelako ezaugarriak dituen artilearen bolumen etengabeari irtenbide egonkorra eman nahi zaio, eta balio-kate osoa inplikatuko duen ekonomia zirkularreko merkatu bat sortu nahi da.

Ehungintzaren sektorean zuntz sintetikoek izan duten gorakadaren eta etxaldeen sakabanaketaren ondorioz, artilearen neurriko balio handiko produktu bat erabilerarik gabe geratu da azken hamarkadetan.  Historikoki artilea euskal baserrien ekonomiaren euskarri izan den materialetako bat bazen ere, azken hamarkadetan ardi ilea ingurumen arazo bihurtu da. Arazo hori larriagotu egiten da ardi latxaren artilearen kasuan, arraza horretako ardien bereizgarri den artilea astuna eta lantzen oso zaila baita. Artalde horien ustiategietako artile landugabea, beraz, kudeatzen zaila den hondakina da, eta, gaur egun, gastuak besterik ez dizkie sortzen nola ustiategiei hala Administrazioari.

Iletegiak, artilea prozesatzen espezializatutako Ipar Euskal Herriko enpresak, datu hauek eman ditu: ardi bakoitzeko 2,5 kg artile sortzen denez batez beste, urtean 625 tona artile sortzen dira, 2000 tona Euskal Herri osoan. «Xafla isolatzaile bat sortzeko prozesua oso konplexua da. Urteak daramatzagu lanean Frantzian artilea prozesatzen duten industriek gure latxa artilearekin zerbait fabrikatzeko bilatzen, baina beti erantzun negatiboa jaso genuen, ardi latxaren artilearen morfologia eta zakartasuna direla eta. Hori horrela, erronka gure gain hartu genuen eta makina bat erosi ondoren, gure beharretara egokitu dugu. Azkenean, ezinezkoa zela zioten hori, errealitate bihurtzea lortu dugu», azaldu du Aña Andiazabalek, Iletegiako enpresako kideak.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, «gero eta baliabide gutxiago dugu eskura, eta beharrezkoa da industriak bere prozesuak aldatzea eta jasangarritasuna eta klima aldaketaren aurkako borroka negozio ereduen erdigunean kokatzea. Azken batean, planetarako eragin positiboa izango duen moda sortzeko garaia iritsi da». Asensiok adierazi duenez, «hau da Administrazioaren, lehen sektorearen eta industriaren arteko elkarlanaren adibiderik onena ekonomia zirkularra bultzatzeko, hondakina baliabide bihurtuz. Latxa Artile bezalako ekimenek aberastasuna sortzen dute eta Gipuzkoa ekonomia berdearen alorrean kokatzen dute».

Edu Uribesalgo Ternuako Berrikuntza zuzendariak honako hau gaineratu du: «Artileshell» teknologia sortu dugu berrikuntzarekin, ingurumenarekin eta gizartearekin dugun konpromisoa nabarmentzeko. Irtenbiderik ez duen hondakin honentzako alternatibak bilatuz, tokian tokiko arazo bihurtu baita. Hondakin hau gure arropentzako lehengai bilakatuko dugu eta bide batez, gure erabiltzaileak ingurumenarekin eta gizartearekin arduratsua diren erosketek duten garrantziaren inguruan kontzientziatuko ditugu».

Proiektua garatzeko Lamariano azpikoa baserria aukeratu da, Antzuolan kokatua, ardi latxak zaintzen eta gazta ekologiko ugari egiten dituena Ama-txo markaren izenean. Txomin Alberdi eta Amaia Laskurain baserri hau kudeatzen duten bi gazteak dira: «Oso pozik gaude ekimen honetan parte hartzeagatik,  gure sektorearentzako bultzada bat delako, gure proiektuarentzako laguntza handia suposatzen duelako  eta ilusio handia egiten digulako gure ardien artilea Ternuako produktuen zati bat izatea. Ternuak  natura errespetatzeko eta babesteko gure balioak partekatzen ditu, kalitatezko eta bertako lehengai bat balioan jarriz, gure ardi Latxaren artilea bezala».

Ternuak urteak daramatza I+G+b probak garatzen lehengai hau aprobetxatzeko asmoarekin, ezaugarri tekniko oso interesgarriak baititu. Artile hau lehengai baliotsua da, propietate ugari dituena (bakterioen aurkakoa, isolatzaile termikoa eta termoerregulatzailea da, airea harrapatzen du, ondo funtzionatzen du bustita, suaren aurka, eta abar). Profesionalek moztuko diete ilea ardiei, eta horietako bakoitza pieza batean moztea eskatuko da, zuntzak ez hausteko eta artilearen propietate guztiak osorik mantentzeko. Ekoizpen prozesu bideragarri bat lortzeko, Iletegia enpresaren esperientzia hartuko da kontuan, adituak baitira artilearen manufakturan. Ateratzen den isolatzailea Ternuara bidaliko da, jakak diseinatzeko prozesuan erabil dezaten. Ehun horiek aukeratzeko orduan, jasangarritasun irizpideak erabiliko dira, eta lehentasuna emango zaio monomaterial birziklatu eta birziklagarriak erabiltzeari. Era berean, kontuan hartuko da jakak konponerrazak izatea eta balio bizitza amaitutakoan erraz birziklatzea. 

Latxa Artilek proposatutako konponbideari esker, hondakin baztertuen kopurua gutxituko da, eta oso aprobetxagarria den hondakin bat esportatzea ere saihestuko da.  Gainera, hurbileko produktu batetik datorren isolatzaile termiko bat erabiltzeak jaketarako material teknikoen inportazioaren ingurumen inpaktua aurreztuko du.  Artilea erabiltzeak, material biodegradagarria eta erraz sortzeko modukoa izaki, ordezkatu egingo du petroliotik datozen material isolatzaileen erabilera bai erauzketan (berotegi efektuko gasen isuriak, uren eta lurzoruen kutsadura, etab.) bai fabrikazioan, horietan ingurumen inpaktua eragiten duten produktu kimikoak erabili behar izaten baitira. 

«Artileshell» teknologia berri honekin diseinatutako lehenengo jakak ARTILE JACKET izena izango dute. Ternuako udazken-neguko 2020-2021 bildumaren barruan egongo dira eta irailetik aurrera dendetan egongo dira 229,95 euroko gutxi gorabeherako prezioarekin. Jaka bakoitzak 400 gramo artile eramango ditu. Bere bide-orria jarraituz, Ternuak iraunkortasun irizpideak jarraitu ditu jantzi honen oihalak aukeratzerakoan. Hain zuzen ere, birziklatutako oihaletan oinarritutako haize eta eurietatik babesten duen jaka diseinatu du, artilezko betegarri natural eta ekologikoarekin eta PFC gabeko ura aldarazteko tratamenduarekin. «Latxa Artile» proiektuaren zikloa azaltzeko, Ternuak jakaren barnean etiketa berezi bat sartu du elaborazio prozesu guztia kontatuz. Jakak nazioartean merkaturatuko dira.

  

1597