Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Ingurumeneko Departamentuak gazteen hausnarketa- eta ekintza-foro bat abian jarri du, politikak gazteekin alderatzeko

Ingurumeneko Departamentuak gazteen hausnarketa- eta ekintza-foro bat abian jarri du, politikak gazteekin alderatzeko

Ingurumeneko Departamentuak hausnarketarako eta ekintzarako foro bat ireki du Gipuzkoako gazteentzat.

2021/06/02
Foto Ingurumeneko...

José Ignacio Asensio: “Klima-krisia belaunaldi-demokrazia eskatzen duen erronka da; izan ere, orain hartzen ditugun erabakien menpe egongo da gure gazteen bizi-kalitatea, eta horregatik da beharrezkoa haiekin batera lan egitea gizarte berde eta jasangarria berreraikitzen”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak eta Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak, Departamentuko ingurumen-politikak Gipuzkoako gazteekin kontrastatu eta egokitzeko lehen euskal foroa aurkeztu dute gaur arratsaldean. Foroa, “Etorkizuna Eraikiz” programaren barruan, Green Recovery Think Tank proiektuaren parte da, eta belaunaldi berriei hausnartzeko, kontrastatzeko eta entzuteko gune bat sortzea du helburu, Departamentuaren  politikak eta programak berrikusi ahal izateko eta gazteen ikuspuntua txertatzeko. José Ignacio Asensio foru diputatuak azpimarratu du garrantzitsua dela gazteen ikuspuntua klimaren gobernantzan sartzea: “Klima-krisia belaunaldi-demokrazia eskatzen duen erronka da;  izan ere, orain hartzen ditugun erabakien menpe egongo da gure gazteen bizi-kalitatea, eta horregatik da beharrezkoa haiekin batera lan egitea gizarte berde eta jasangarria berreraikitzen”.

Foro horrek urtebeteko lan-plana du, eta 18 eta 30 urte bitarteko Gipuzkoako 11 gaztek hartuko dute parte modu aktiboan. Guztiek profil desberdinak dituzte. Foroan parte hartzen dute klima-krisiarekin sentsibilizatuta dauden elkarte nagusietako ordezkariek, hala nola, Impact Hub, Surfrider, Foru Aldundiko bertako langileak eta hainbat arlotako unibertsitate-graduetako eta lanbide-heziketako ikasleak, enpresen administrazioaren ingurukoak edo komunikazio arlokoak.

“Gazteak klimaren alde” da ezaugarri horiek dituen lehen foroa Euskadin, eta politika klimatikoa gaiarekin sentsibilizatuta dagoen sektore nagusietako batera hurbiltzeko asmoz sortu da. Gipuzkoan, 100.000 gazte  inguru ditugu, Gipuzkoako biztanle guztien % 15a, eta Eurobarometroaren (2019ko apirila) azken inkesten arabera, galdetutako gazteen % 67k adierazten dute ingurumena babesteak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak izan behar dutela Europako Batzordearen lehentasun politiko nagusietako bat datozen urteetara begira.

Bestalde, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-datuak % 25 ingurukoak dira. Asensio diputatuaren arabera, “krisi klimatikoa krisi sozial, ekonomiko eta bizi-ohituren islada da”, eta gaineratu duenez, “ekintza klimatikoa gure eredu sozial eta ekonomikoak eraldatzean hasten da, eta, erronka klimatikoari heltzen dion heinean, etorkizun jasangarri eta kalitatezkoa bermatzen du gure gazteentzat”.

Europako Batzordearen Ekintza Klimatikorako martxan dagoen Gazteriaren Foroak erreferentzia lerroa markatzen du “Gazteak Klimaren Alde” foroarentzat. Europako Batzordeak, ekintza-esparru bat sortzen du gazteentzako programak sortuz ekintza klimatikoari buruzko proiektuetan, eta gazteei klimarako eta beren komunitateetarako neurriak hartzen laguntzen die. Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako gazte aktiboen eta klima-arloan sentsibilizatu dauden gazteen ikuspegia txertatu nahi du, Departamentuaren beraren erreferentzia-esparru gisa.

Foro hau abian jarrita, Ingurumeneko Departamentuak  gazteen ahotsa eta ahalmena areagotzeko konpromisoa hartzen du, klima-aldaketari buruz eta neurri egokiak hartzen ez badira honek gure lurraldean utziko dituen ondorio sozial, ingurumeneko eta ekonomikoei buruz.

  

422