Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak hirugarren urtez ezarri du UPCYCLING proiektua

Ingurumeneko Departamentuak hirugarren urtez ezarri du UPCYCLING proiektua

Bertan, herritarrek arropa eta ehunezko materialak utzi ahal izango dituzte ekainaren erdialdera arte.

2019/05/07

Hirugarren urtez arropa edukiontzi bat jarri dute Garbera merkataritza gunean. Bertan, herritarrek arropa eta ehunezko materialak utzi ahal izango dituzte ekainaren erdialdera arte. Horrela, bigarren bizitza bat emango zaio jada erabiltzen ez den materialari

José Ignacio Asensio: “Ingurumeneko Departamentuak sustatzen duen proiektu honen helburua da hondakina lehengai bihurtzeko joera sustatzea, tokiko ekoizpena bultzatzea eta moda iraunkorraren industriak Gipuzkoan duen potentziala balioestea”.

Ekimen honi esker, 2017an 1.500 kilo bildu ziren eta iaz 2.000 kilo, %25eko hazkundea.

Ingurumeneko Departamentuak bilketa hau sustatzen jarraitu nahi du eta aurten ehun hondarren biltzea %25ean haztea aurreikusten du berriro ere.

AEG Ikastetxeko ikasleek bizitza berri bat emango diete oihal horiei. Diseinu berriak egingo dituzte azaroan Miramar jauregian egingo den Moda Iraunkorraren desfilearen laugarren ekitaldirako.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak UPCYCLING proiektua aurkeztu du hirugarren urtez segidan Ernesto Gasco Donostiako Udaleko Bultzada Ekonomikoko zinegotziarekin, Laura Chamorro Gipuzkoa de Moda-ko zuzendariarekin, Patricia Echevarría AEG Ikastetxeko Proiektu Jasangarrien zuzendariarekin eta Nuria Vegas Garberako merkataritza guneko zuzendariarekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak sustatutako ekimen bat da, Donostiako Bultzada Ekonomikoko Udal Arloarekin, AEG Ikastetxearekin eta Garbera merkataritza gunearekin batera.

UPCYCLING ekimenaren helburua da oihal-hondarrak jantzi berri bihurtzea. Horretarako, arropa edukiontzi bat jarri dute Garbera merkataritza gunean. Bertan, herritarrek arropa eta ehunezko materialak utzi ahal izango dituzte ekainaren erdialdera arte. Horrela, bigarren bizitza bat emango zaie jada erabiltzen ez den materialari Behin materialak bilduta, AEG Ikastetxeako ikasleek diseinu berriak egingo dituzte material horiekin, zeinak ikusgai egongo baitira Moda Iraunkorraren desfilearen hirugarren ekitaldian, azaroan, Miramar jauregian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuaren Hondakinen Prebentzioko Astearen barruan.

Asensiok oso aldeko iritzia azaldu du ekimenaren inguruan, eta aldez aurretik eskertu du herritarren ahalegina eta aurreko bi urtetan erakutsitako konpromisoa. Orobat goraipatu du AEG Ikastetxeko diseinatzaileek egindako lan «zoragarria».

Ingurumeneko diputatuak esan duenez, «Helburua da hondakina lehengai bihurtzeko joera sustatzea, tokiko ekoizpena bultzatzea eta moda iraunkorraren industriak Gipuzkoan duen potentziala balioestea». Orobat esan du moda iraunkorra ekonomia berdea garatzeko eta hemen lanpostuak sortzeko aukera bat dela, hartara Gipuzkoa iraunkortasunaren mugarri izan dadin.

Aurten,  gazteen artean kontsumo eta ekoizpen jasangarria bultzatzeko helburuarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatuta, Emaús Gizarte Fundazioa batu da proiektura. Hiru tailer espezifiko burutuko dituzte familia eta gazteei zuzenduak. Egiazko simulazioa egingo da gure etxebizitzetan sortzen dugun ehun-hondakinaren klasifikazioari buruz. Tailerrak maiatzak 10ean, ostiralean (16:00tik 20:00ra) eta maiatzak 11an, larunbatean (10:00tik 14:00ra bitartean eta 16:00tik 20:00ra bitartean) gauzatuko dira.

Tailer hauek burutzeko klasifikazio zinta bat egongo da, parte-hartzaileak jabetu daitezen zein den egunero edukiontzietara botatzen den arropa kopurua. Arropa kaiolak klasifikatuko dituzte eta jarraitzen diren aukeraketa irizpideak zeintzuk diren ezagutuko dituzte. Aldez aurretik, parte-hartzaileei azalduko zaie zein den gaur egungo arazoa modaren kontsumo neurrigabearen inguruan (kutsadura, baliabide naturalen kontsumoa, herrialdeengan duen eragina, eta abar…) eta arropa guzti hori nola eta non jasotzen den.

Arropa klasifikatu ondoren, oihalaren balorizazioan sortzen diren fluxu guztiak aztertuko dira: berrerabilpenerako prestakuntza (egiaztapena, higienizazioa, josketa eta esekiontzia), berrerabiltzea (non, nola eta zenbatera saltzen den) eta birziklatzea (garbiketarako trapuak sortzeko kotoia, ehuna berriro egiteko poliesterra, Métisse ekoizteko kotoia). Berrerabili daitekeen arroparekin ariketa bat egingo da eta parte-hartzaileek proposatu beharko dute nola aurkeztu, zein prezio ezarri eta dendan non edo nola kokatu nahi duten.

Asensiok adierazi du Ingurumeneko Departamentua jakitun dela hondakinen berrerabilpena sustatu behar dela eta kontzientzia sortu behar dela haren inguruan. «Ekimen hau sortu zen modaren alorra sentsibilizatzeko helburuarekin, baita herritarrak ere, horien ahalegina ezinbestekoa baita kontsumoa kontzientea eta abegitsua izan dadin, hondakinen berrerabilpenean oinarritua, hartara moda arduratsu eta ingurumenari abegitsura gerturatzeko.

UPCYCLING ez da materialak eraldatzea berriro erabili ahal izateko, baizik eta lehengaia gisa erabiltzea gauza berri bat egiteko, baina inolako prozesu industrialik erabili gabe, betiere diseinatzaileek diseinu alorrean duten gaitasunari eta esperientziari esker. “Kontzeptu aldaketa bat da eta, ondorioz, produktu baten bizitza amaierak aukera ematen du beste produktu bat fabrikatzeko”, azaldu du Asensiok. Izan ere, UPCYCLING Departamentuak ekonomiaren eredu zirkular bat lortzeko helburuan kokatu du. Horretarako, politika iraunkorrak bultzatu ditzaketen sektoretan lan egiten da, modaren sektorean adibidez, moda jasangarri eta birziklagarriaren alorrean aitzindariak diren enpresa txiki eta ertaineko ekosistema bat baitago Gipuzkoan.

  

1246