Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak hitzarmena sinatu du IHOBErekin

Ingurumeneko Departamentuak hitzarmena sinatu du IHOBErekin

Asensio: “Gure erantzukizuna da kostako udalerriei klima aldaketaren aurkako borroka eraginkor baterako tresna eta bitartekoak ematea”

2018/06/04

Proiektuaren helburua da Klima Aldaketari begira kostaldearen kalteberatasunari buruzko xehetasun-azterketak egiteko behar den informazioa sortzea, jasotzea eta biltzea, azterketa horiek egitea eta autonomía-erkidegoei atxikitako Itsaso-lehorreko jabari publikoko lurrak eta horien gainean eraikitako egiturak Klima Aldaketara egokitzeko planak egitea, baita ikustaile kartografiko bat egitea ere, sortutako informazio guztia erabiltzaileen esku jartzeko.

José Ignacio Asensio: “Gure erantzukizuna eta eginbeharra da kostako udalerriei  klima aldaketaren aurkako borroka eraginkor baterako tresna eta bitartekoak ematea”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatuak eta Jesús Losada IHOBE Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoko zuzendari nagusiak, hitzarmena sinatu dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian, Gipuzkoako kostaldea Klima Aldaketara egokitzeari buruzkoa.

Gipuzkoa Klima 2050 estrategiak Parisko Klimaren Goi Bilerako akordioak (2015) ditu oinarri. Akordio horien helburua da mende honetan tenperatura igoera 2 gradu baino gutxiagokoa izatea. GK 2050 estrategia oinarrizkoa da Gipuzkoarentzat, gure itsasertza arriskuan baitago; izan ere, itsas maila 29 eta 49 cm artean handitu daiteke. Egungo isurien maila mantenduz gero, hondartzen herena desagertuko litzake. Honi buruz, José Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatuak nabarmendu du “Euskadin tokiko estrategia duen lehen lurraldea gara eta horrek Klima Aldaketaren helburu europarretan azkarrago aurrera egiten lagunduko gaitu”.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bidez, euskal kostaldea Klima Aldaketara egokitzeko proiektua bultzatzen ari da. Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak autonomia-erkidegoentzako finantza-lerro bat ezarri du (PIMA Adapta Costas CCAA 2017), zeinaren helburua den Klima Aldaketara egokitzeko Plan Nazionala garatzen laguntzea. Horretarako, 220.106 euro transfiritu ziren Euskal Autonomi Erkidegora. Proiektua osorik egiteko behar den finantzaketa osagarria Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hartuko du bere gain, IHOBE sozietate publikoaren bitartez. Aipatutako lanak kontratatzeko, IHOBEk prozedura ireki baten bidez, AZTI Fundazioari esleitu dio “Euskal Kostaldearen urrakortasun, arrisku eta egokitzapena Klima Aldaketaren aurrean” proiektua (KOSTEGOKI).

Proiektu hau gauzatzeko Jarraipen-Batzorde bat eratuko da, batzorde tekniko batek eta zuzendaritza batzorde batek osatuta eta parte hartuko du: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak; Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzak; IHOBE, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ura, Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak. Nolanahi ere, Batzordearen helburua da informazioa trukatzea, irizpideak bateratzea eta sinergiak aprobetxatzea, erakunde bakoitzak bere eskumenen esparruan egiten dituen jarduketen inguruan.

Ingurumeneko Diputatuak gogorarazi du Gipuzkoak, eta zehatzago gure kostaldeko udalerriek (Hondarribia, Donostia, Orio Zarautz, Getariak, Zumaia, Deba eta Mutriku), modu adierazgarrian daudela klima aldaketaren fenomenoaren eraginpean. “Gure erantzukizuna eta eginbeharra da kostako udalerriei klima aldaketaren aurkako borroka eraginkor baterako tresna eta bitartekoak ematea. Horrexegatik hain zuzen, oso garrantzitsua da koordinazio on bat Klima Aldaketari modu eraginkorrean aurre egiteko”.

Gipuzkoak dagoeneko badu kostaldeko bideometria-sare bat lurraldeko kostaldean, Kostasystem sisteman oinarritutakoa, denboran zehar Klima Aldaketak kostaldeko hareatzetan duen eragin behatu ahal izateko.

  

1169