Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak lankidetza-hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin

Ingurumeneko Departamentuak lankidetza-hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin

Hitzarmen hau sinatzean, Ingurumeneko Departamentuak “Azken minutua” programaren alde egiten jarraituko du. Horretarako, 200.000 € emango ditu.

2021/03/11

 

Lankidetza emankor horri, partikularrek zuzenean jasotako bilketei eta Europako Laguntza Funtsaren ekarpenei esker, urtean batez beste 2.500.000 kilogramo elikagai baino gehiago biltzen dira.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Belén Méndez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko lehendakariak, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian.

Gaur egungo kalkuluen arabera, giza kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat inguru xahutzen da mundu osoan, horrek dakarren kostu ekonomiko eta ingurumenekoarekin. Gipuzkoan, zehazki, 120.000 tona elikagai galtzen dira urtean. Hori dela eta, Ingurumen Departamentua 2007an hasi zen lanean Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin, merkaturatu ezin diren “azken minutu” elikagai kontsumigarriak biltzen (galkorrak baina erabat kontsumigarriak direnak).

Era berean, elikagaien sektoreko enpresak elikagaien dohaintzaren alde lan egiten duten erakundeen taldean sartu dira, eta, lankidetza emankor horri esker, partikularrengandik zuzenean jasotako bilketei eta Europako Laguntza Funtsaren ekarpenei esker, urtero, programa horien bidez, 2.500.000 kilogramo elikagai baino gehiago jasotzen dira, 2018an 2.508.006 kilogramo banatu dira eta 2019an 2.536.146 kilo.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak nabarmendu duenez, “elikagaiak alferrik galtzea herrialde bat balitz, munduko berotegi-efektuko gasen igorle handiena izango litzateke, Txinaren eta Estatu Batuen ondoren”. Hitzarmen hau sinatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak “Azken minutua” programari laguntzen jarraituko du. Horretarako, 200.000 euroko diru-ekarpena egingo du, gehienez, “azken minutuko” programako elikagaien bilketa, biltegiratzea eta banaketa finantzatzeko, bai eta Elikagaien Bankuari Gipuzkoako Lurralde Historiko osoan egungo sarea mantentzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak emateko ere.

Ikuspegi ekonomikotik, ekintza hori oso eraginkorra da, 10 faktorearekin, hau da, GFAk Elikagaien Bankuari diruz lagundu zion euro bakoitzeko 10 elikagai fresko lortzen dira. Hala, jarduera handituz joan da 2007tik gaur egun arte, erantsitako datuen arabera. Horri esker, Oiartzungo egoitza hobetu eta Bergaran beste bat ireki ahal izan dute. Egoitza hori 2011n jarri zen martxan, eta Gipuzkoako lurralde osoa hartzen du.

2030eko Garapen Iraunkorraren Agendaren helburuetako bat da munduko per capita elikagai-galera erdira murriztea txikizkako salmentan, kontsumitzaileen artean, eta ekoizpen- eta hornikuntza-kateetako elikagai-galerak murriztea, uztaren ondorengo galerak barne. Halaber, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralak (2019-2030 GHHKPO) bere gain hartzen dituen konpromiso estrategikoen artean, elikagaien xahutzearen prebentzioa nabarmentzen da.

 

  

1728