Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak Munich-eko IFAT azokan egiaztatu ditu hondakinen zein uraren kudeaketaren aurrerapen teknologikoak

Ingurumeneko Departamentuak Munich-eko IFAT azokan egiaztatu ditu hondakinen zein uraren kudeaketaren aurrerapen teknologikoak

Asensio: “Ingurumen Gunearen teknologia erantzuna da hondakinen gaian kanpoko mendekotasuna gainditzeko”

2018/05/14

José Ignacio Asensio: "Birziklapena eta ingurumena aukera bikaina dira industria aurreratu bat sendotzeko eta enplegu berdea sortzeko Gipuzkoan”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak Munich-era bidaiatu du aurrez aurre ezagutzeko uraren eta hondakinen kudeaketan  enpresa aurreratuenen teknologiak eta esperientziak; zehazki, gure lurraldean ezarriko diren teknologiei buruz (Gipuzkoako Ingurumen Gunean). Foru arduradunaren presentziak ingurumen sektoreko enpresa gipuzkoarrei babes instituzionala emango die IFAT azokan, ‘Uraren, hondakin-uren, hondakinen eta lehengaien kudeaketan munduko azoka liderra’. José Ignacio Gipuzkoako Bidatek, Bunt Planet, Cometel, CMO Valves, Ikusi, Indar, Orbinox, Tecnalia eta Belgicast Talis enpresen stand-ak bisitatzea aurreikusten du. Ihobe eta Aclimaren agendeei atxiki zaio ere.

IFAT azoka maiatzaren 14tik 18ra izango da Munich-en (Alemanian) eta liderra da mundu mailan uraren, hondakin-uren, hondakinen eta lehengaien kudeaketan. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Diputatuaren presentziak helburu du uraren eta hondakinen kudeaketa arloan irtenbideak aurkeztea, hondakinetan dauden baliabideen berreskuratze teknologiak nabarmenduz: balorizazio energetikoa eta zepen transformazioa.

Helburua da GIGan ezarritako soluzioak egiaztatzea gaiko abangoardiako teknologiekin. Hau guztia gertuko ezagutza edukitzeko, Zubietako azpiegiturak azken aurrerapenez hornitzeko eta, hurrengo urtean, Gipuzkoak aurreko legislaturatik hondakinen tratamenduan dituen gabeziak konpontzeko. Gipuzkoako hiritarrek hondakinen gaikako bilketan duten konpromisoa eta kontzientziazio handia kontuan hartuta; izan ere, 2017an %52,99an kokatu zen eta azpiegitura berriekin %60ra heltzea da helburua 2020 baino lehen, Europako helburuak gaindituz.

Gipuzkoako Ingurumen Guneak lau azpiegitura izango ditu: balorizazio energetikoko planta, tratamendu mekaniko biologikoa (TMB), biometanizazioa eta zepen balorizazioa; Gipuzkoako hondakinen tratamendurako oinarrizko itxiera sistema osatuz. Klima Aldaketari aurre egiteko Zentroak urte honen bukaeran ekingo dio bere ibilbideari eta hiru jarduera ardatz izango ditu: berotze globalak gure lurraldean duen eragina neurtzeko eta aztertzeko behatoki bat sortzea, ekonomia berdea sustatzeko Europako funtsen bidez ekonomia zirkularra sustatzea eta ‘GK Recycling’ birziklatze klusterra indartzen jarraitzea, eta energia berriztagarriak sustatuz energia trantsizioa ahalbidetzea.

 

Ingurumeneko Diputatuak baieztatu du Gipuzkoako Ingurumen Guneak eta Klima Aldaketari aurre egiteko Zentroak, Gipuzkoari aukera emango diotela ingurumen kudeaketa aurreratua egiten, Europako helburuekin bat datorrena; eta hondakinen gaian kanpoko mendekotasuna gainditzeko erantzun hoberena direla. Halaber, adierazi du Ingurumen Gunearen bi faseen abiarazteari esker “hondakinen arazoa konponduta egongo da legislatura amaieran eta herritarrekin hartutako konpromisoa beteta egongo da, hondakinei dagokienez, lurraldea Europako herrialde garatuenen parean kokatuz”.

  

1283