Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Iñigo Urkullu: "Euskadiko esparru soziosanitarioa helburu izatetik errealitate ukigarria izatera igaro da"

Iñigo Urkullu: "Euskadiko esparru soziosanitarioa helburu izatetik errealitate ukigarria izatera igaro da"

Euskadiko batzorde soziosanitarioaren aparteko bileran, Gipuzkoako plan operatibo soziosanitarioaren garrantzia azpimarratu du Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak: “ baliabideak koordinatuz, herritarrei arreta hobea eskainiko zaie”

«Euskadiko esparru soziosanitarioa helburu izatetik errealitate ukigarria izatera igaro da». Argi mintzatu da Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Batzorde Soziosanitarioak 2013-2016 aldirako Euskadiko Arreta Soziosanitariorako Ildo Estrategikoen garapena aztertzeko Gasteizen gaur arratsaldean egin duen bileratik irteteeran.

Lehendakaria buru dela egin dute aparteko bilera, eta bertan izan dira aurreneko aldiz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Ramiro González, Unai Rementería eta Markel Olano hurrenez hurren, EUDEL-Euskal Udalerrien Elkarteko ordezkaritzarekin batera. Bileran, euskal esparru soziosanitarioa eraiki eta sendotzeko 2013an ezarri eta 2016an epemuga duen ibilbide-orriko ekintzen betetze-maila handia egiaztatu dute. 

Osasuneko sailburu eta Batzordearen egungo presidente Jon Darpónek eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak 2013-2016 aldirako Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Ildo Estrategikoak labur azaldu dituzte, zehazki, desgaitasunen bat duten edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonei, bazterkeria eta/edo babesgabetasun egoeran daudenei, trastorno mentalen bat dutenei, gaixotasun arraroren bat dutenei edo behar bereziak dituzten haurrei eragiten dietenak.  

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde-kontseilu soziosanitarioa eta lurralde-plan operatiboak osatu izana nabarmendu du bileran. Maite Peña Gipuzkoako gizarte politikako diputatuak azaldu du plan honek arreta soziosanitarioa hobetuko duten 27 proiektu batzen dituela; batzuk finantziazioa behar duten eta baliabide berriak abian jarriko dituzten proiektuak direla, baina gehienak,   erakundeen arteko informazio trukaketa eta koordinazioa lortuz, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea helburu duten egitasmoak direla  azaldu du Peñak. Diputatuak  laburtu du, esanez,  “plan honek, funtsean, egiteko modu berri bat dakarrela: erakundeen arteko koordinazioa hobetuz, herritarrei arreta hobea eskainiko zaiela “.

Bizkaiko Foru Aldundiak arreta goiztiarreko eredua garatu izanari eman dio garrantzia, Arabako foru aldundiak Abegia egoitza zentroa zabaldu izanari. 

Halaber, osasun-zentroen zein oinarrizko udal gizarte-zerbitzuen inplikazioa handia den eremuan, EUDEL-Euskal Udalerrien Elkarteak pertsona adintsuek tratu txar fisikoak eta ekonomikoak jasaten dituzten hautemateko tresna aurkeztu du. 

  

1399