Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Irekita dago 305 ibilgailurentzako lekua duen Aritzetako aparkaleku disuasorioa

Irekita dago 305 ibilgailurentzako lekua duen Aritzetako aparkaleku disuasorioa

Markel Olano: «Aparkalekua handituz, beste urrats bat egin dugu Gipuzkoan mugikortasun partekatua eta jasangarritasuna ahalbidetzeko bidean»

Gaur ireki da Aritzetako aparkalekua. Plaza kopurura bikoiztu du: lehen 159 ibilgailurentzako lekua zuen; orain, berriz, 305 plaza eskaintzen ditu. Hala ezagutarazi du Markel Olano diputatu nagusiak Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin batera egin duen agerraldian. Aparkalekua egokitzeko lanak Bidegi foru sozietateak finantzatu ditu, 1,3 milioi euroren aurrekontuarekin. Lanak lau hilabeteko epean burutu dira. «Iragarri eta hitzeman genuen moduan, bete egin ditugu Aritzetako aparkalekua egokitzeko epeak, eta, hala, gaurtik aurrera irekita dago berriro aparkalekua, plaza kopurua bikoiztuta, erabiltzaile askoren eskariari eta eguneroko beharrei erantzun bat emateko helburuz», adierazi du diputatu nagusiak.

Aritzetako aparkalekua handituz, «beste urrats bat egin dugu mugikortasun partekatua ahalbidetzeko bidean». Olanok gaineratu duenez, «garraio publiko kolektiboak oinarrizko ardatza izaten jarraitu behar du, baina batzuetan, ordutegi edo ibilbide jakinak direla eta, ibilgailu pribatua aukeratu behar izaten dugu». Gipuzkoako Foru Aldundiak «beti bultzatu ditu gidariak ibilgailuak aparkatzera» eta garraio publikoa erabiltzera, eta, hori posible ez denean, autoa partekatzera. «Zalantzarik gabe, askoz ere neurri jasangarriagoa da, ingurumenari eta lurraldearen ekonomiari dagokionez», adierazi du.

Aritzetako aparkalekua inauguratu zenetik, erabiltzaile kopurua hazi egin da «aparkalekua txiki geratzeraino». Aparkalekua zabaletara handitzeko espazioa falta zenez, Bidegik solairu bat gehitzearen alde egin du. Handitze proiektu honetan, beste solairu bat egin da lehendik zegoen aparkalekuaren gainean. «Etorkizuneko beharrak aurreikusi nahian, egiturak bigarren solairu bat egiteko moduan diseinatu dira», azaldu du diputatu nagusiak Aritzetako aparkalekura egin duen bisitan.

305 plaza eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak

Aritzetako aparkaleku berriak 152 plaza ditu beheko solairuan, eta 152 lehenengo solairuan. Aparkatzeko nasak 5 x 2,5 metroko dimentsioa du, eta mugikortasun mugatua duten pertsonentzako plazak erreserbatu dira solairu bakoitzean.  Bi solairuetara errepidetik sartuko da zuzenean, ibilgailuen sarrera-irteerak errazteko helburuz.

Halaber, lau ibilgailu elektriko aparkatzeko eta kargatzeko espazio bat ere egokitu da bertan. «Neurri honetako obra batean, ezin genituen alde batera utzi elektromugikortasuna eta bateriak kargatzeko aukera, etorkizunera begira Aritzetaren moduko edozein aparkalekutan ezinbestekoak izango diren bi alderdi», gaineratu du Olanok. Aparkaleku berritu eta handituak suteen aurkako sistemadun LED argiteria berria du, eta espazioaren segurtasuna bermatzeko bideozaintzako kamerak ere baditu.

 

Epe barruan eta ondoriorik gabe egindako lanak

Aritzetako aparkalekuak duen eskari altua aintzat hartuz, eta obrak egin bitartean erabat ixtea saihesteko, Bidegi foru sozietateak lau fasetan egin du obra, lanak egin bitartean aparkalekuaren zati bat beti erabilgarri egoteko moduan. Zerbitzua indartzeko, erabiltzaileen eskura jarri ziren eremu horretan bertan kokatuta dagoen Bidegiko bezeroen arreta zentroko 33 plazak, eta beste 76 leku ere egokitu ziren, Behobiarako noranzkoan dagoen zerbitzuguneak eskaintzen duen kamioientzako aparkalekuan. Horri esker, handitze lanak egin bitartean, 120 plaza izan dituzte gidariek erabilgarri. Aparkaleku berria ireki ondoren, Behobiarako noranzkoan dagoen espazioa kamioien erabilerarako izango da berriro ere, eta lau plaza erreserbatuko dira Lurraldebusen hiriarteko autobus zerbitzuaren beharretarako.

  

2767