Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Irungo suteak 275 hektarea publiko eta 125 hektarea pribatu erasan ditu

Foto Irungo suteak 275 hektarea publiko eta 125 hektarea pribatu erasan ditu

Irungo suteak 275 hektarea publiko eta 125 hektarea pribatu erasan ditu

Foru Aldundiko bozeramaileak iragarri duenez, Aldundiak "irmotasunez" jokatuko du "natura ondarea berroneratzen laguntzeko".

Irungo suteak 275 hektarea publiko eta 125 hektarea pribatu erasan ditu

Foru Aldundiak duela bi aste Irunen izandako sutearen kalteen lehen balantzea egin du, zeina Gipuzkoan azken hamarkadan izandako suterik handiena izan den.  Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzako arduradunek egindako lehen zenbatespenaren arabera, suteak 400 ha inguru erasan ditu, horietatik 275 ha publikoak (Irungo Udalarenak) eta 125 ha pribatuak, guztiak Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan.  Suteak Endarako sakanaren erreserba eremua eta Bidasoa ibaira ematen duten hegalak hartu ditu, biak ere ingurune malkartsuak eta iristeko zailak.  Endara harana natura balio handikoa da, eta Aiako Harriko Parke Naturaleko erreserba eremu izendatuta dago.

          Eider Mendoza foru bozeramaileak, Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak, Ismael Mondragon Mendietako zerbitzuburuak eta Borja Olazabal Irungo Udaleko Garapen Iraunkorreko zinegotziak erasandako eremura egindako bisitan jakinarazi dira datu horiek, eta bertatik bertara egiaztatu ahal izan dituzte suteak eragindako kalteak.  Mendozak tamalgarritzat jo du suteak eragin duen "natura ondarearen galera", eta ziurtatu du "Aldundiko teknikariek eremuaren bilakaeraren jarraipen zorrotza" egingo dutela, "informazio horretan oinarrituta, eremua berreskuratzeko beharrezko neurri eta ekintza guztiak hartzeko.  Horri dagokionez, erabaki irmoa dugu”.

          Suteak eremu horietako baso autoktonoak erasan ditu, besteak beste, Endarako hariztia eta Bidasoa inguruko haritzak izan dira kaltetuenak. Oraingoz ikus daitekeen perimetroaren barruan, suteak modu batera edo bestera erasan dio landarediari hainbat aldagairen arabera: espeziea, orientazioa, maldak, haizearen abiadura, norabidea eta beste batzuk. Foru bozeramaileak iragarri du zaila dela "kalte horien bilakaera eta etorkizunean izango duten eragina aurreikustea.  Gutxienez, udaberria amaitu arte itxaron beharko da, ikusteko zenbat zuhaitz atera diren bizirik. Endarako hariztiak eta errekak, gainera, interes berezia dute faunaren aldetik, eta, beraz, ikusi egin beharko da zer eragin duen alderdi horretatik".

Halaber, gaineratu duenez, "Endarako sakanaren maldetan higadura arriskua dago, eta, beraz, jarraipen bat egingo dugu landaretza modu naturalean birsortzen den edo birpopulaketak egin behar diren ikusteko. Kasu horretan ere itxituren beharra dagoen aztertu beharko da.  Horrez gain, ikusi beharko da Endara bere lehengo egoerara itzultzen den, garrantzi hidrologikoa eta paisajistikoari dagokionez, egin beharreko lanak osatzeko".  Landaredi autoktonoak jasan dituen kalteez gain, Bidasoaren hegalean dauden sail batzuetan ere kalteak jasan dira, pinuetan (insignis eta larizio) zein iparraldeko haritzetan, eta larreak ere erre dira.  Mendi partikularrei dagokienez, kalte maila desberdinak daude, eta udaberrira arte itxaron beharko da landaketen bilakaera ikusteko. 

          Mendozak gogorarazi duenez, sutearen aurreko bost egunetan hego haize bortitza izan zen, eta landaredia eta lurra asko lehortu ziren. "Larunbatean bertan, haize boladek 130 km/h-ko abiadura hartu zuten eta hezetasuna % 40tik beherakoa izan zen. Baldintza horiek eta inguru horretan dauden maldak direla eta, sua erraz eta indar handiz zabaldu zen, eta, une batez, sugarrek Aiako Harriko parke osoa inguratu zuten Iparraldetik, Lesakatik eta Beratik".  Nolanahi ere, berriro gogorarazi du ez zela kalte pertsonalik izan, ez zela etxebizitzarik eta bordarik kaltetu, eta Gipuzkoan aziendarekiko eragina "oso arina" izan dela. Azkenik, azpimarratu du lankidetza "funtsezkoa" izan zela, eta eskerrak eman dizkie suaren aurkako borrokan parte hartu zuten suhiltzaile eta basozain guztiei, Ertzaintzari, Babes Zibilari, Irungo Udaltzaingoari, Gurutze Gorriari eta Gipuzkoako DYAri. "Denek eman zuten onena eta elkar harturik lan egin zuten; horri esker ez genuen hondamendi handiagorik izan”.