Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Itxaso: “Gipuzkoako zirkuitu bat bultzatu dugu musika eta arte eszenikoetako artista gazteek emanaldiak eman ditzaten"”

Itxaso: “Gipuzkoako zirkuitu bat bultzatu dugu musika eta arte eszenikoetako artista gazteek emanaldiak eman ditzaten"”

Programaren beste helburuetako bat da kulturaren agertokia dinamizatzea eta kultur programazio egonkorra duten espazioak ezagutzera ematea.

2016/04/19

Kultura diputatuak Katapulta Tour 20/000 programa aurkeztu du gaur, Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariarekin, Kultxa Kulturreko Mikel Mendarte arduradunarekin, eta Buenawistako Imanol Goñezekin batera. Ekimen horren bitartez, artista gazteei aukera eman nahi zaie Gipuzkoan 2016. urtean zehar martxan egongo den formatu txikiko musika emanaldietako eta arte eszenikoetako zirkuitu batean parte hartzeko.  Kutxakultur eta Jazzaldiak ere proiektu horretan laguntzen dute.

Itxasok adierazi duenez “programa honen helburua da lurraldean barrena egingo den zirkuitu batean parte hartu dezaketen artista gipuzkoarren mapa bat egitea, artista horien garapen profesionala bultzatzeko, lurraldeko kultur agertokia dinamizatzeko eta kultur programazio egonkorra duten espazioak ezagutzera emateko".

Musika taldeen hautaketa egin da Kultura Departamentuko Gazteria Zuzendaritzaren Gaztemaniak, Kutxa Kultur Musika eta Jazzaldiko programak elkartuz.

Gaztemaniak arduratu da musika arloko sei talde edota bakarlari, eta arte eszenikoetako beste zortzi hautatzeko deialdia egiteaz. Deialdi horretara 70 artista aurkeztu dira musika sailean, eta 39 arte eszenikoenean. Hautaketa egiterakoan, ahalegina egin da gaztetasuna, lurraldetasuna, generoa eta, noski, kalitatea bezalako faktoreak uztartzeko. Kutxa Kultur Musikak, berriz, bere programan dituen sei artistak eta taldeak eskaini ditu zirkuiturako, eta Jazzaldiak, urtero egiten duen bertako taldeen lehiaketatik ateratako lau talde.

Hautatutako artistek hiru emanaldi egin ahal izango dituzte urtean zehar Gipuzkoako udalerri ezberdinetan, eta ordaindu egingo zaie. Horrez gain, sustapen-bideo bat egingo zaie. Era berean, hautatutako talde bakoitzak aukera izango du hasierako talde gisa jotzeko musika talde profesional batekin, Gaztemaniak zirkuituaren barruan.

 “Oso pozik gaude deialdira aurkeztu direnen kopuruarekin. Benetan arrakastatsua izan da, eta horrek erakusten du Gipuzkoan sortzaile, sortzaile on asko dagoela, eta agertokiak behar ditugula artista horiek beren balioa erakus dezaten”, esan du Itxasok.

Deialdian parte hartu dute musikaren nahiz arte eszenikoen esparruan ibilbide profesionala garatzeko interesa duten artista profesional hasi berriek edo erdi profesionalek. Pop, rock, folk, musika elektroniko, hip-hop eta antzeko estiloetako musika taldeak, eta mikro-antzerkia, bakarrizketa, performancea eta magia bezalako formatu txikiko arte eszenikoetako proposamenak aurkeztu dira. Proposamen horietan, gehienbat, artisten jatorrizko lanak edo artistentzat propio sortutakoak jaso behar ziren.

“Programaren helburua da Gipuzkoako talentuak balioan jartzea eta sustatzea, bereziki musikaren eta arte eszenikoen esparruko gazteak. Asmoa ez da talentu berriak “aurkitzea”, lehendik daudenak “bultzatzea” baizik. Era berean, lagundu nahi dugu Gipuzkoako agertokia dinamizatzen, klubei eta antolatzaileei laguntza eskainiz”,  azaldu du Kultura diputatuak.

Horretarako, artistek beren lana erakutsi ahal  izateko zirkuitu bat osatuko duten programa eta erakunde ezberdinen arteko itun bat egin da.  Itxasok gogorarazi duenez, hori da bere Departamentuaren lan ildo nagusietako bat, baliabideak optimizatu eta ekintzak biderkatuko dituzten sareak eta itunak eraikitzea. Hiru dira itun hori osatzen duten programak: Gaztemaniak, Kutxa Kultur Musika eta Jazzaldia.  

Itsasok hiru programa horien ekarpena eskertu du, eta goraipatu eta aitortu egin du proiektuaren sustatzailea den Buenawista Prollekzions elkartearen lana. Buenawista profil profesional ezberdineko musikari elkarte bat da, Donostiako eta lurraldeko kultur esparruan lanean urteak daramatzana. Talentu sortzaileak bilatu, garatu eta sustatzeko plataforma bat da, diziplina ezberdinetako agenteen eta entitate publiko eta pribatuen arteko loturan oinarritzen dena, gure ingurunearen ahalmen sortzailea ahalik eta gehien garatzeko aukera ematen duena, eta gaur egungo kultur agertokian dauden gabeziez eta artistek beren proiektuak aurrera ateratzeko dituzten zailtasunez jabetu ondoren sortzen dena.

“Buenawistan aurkitu ditugun bateragarritasunak handiak dira, gure asmoa delako baita ere bertako talentua sustatzea”, ziurtatu du Itxasok.

Kultura diputatuak publiko-pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du. “Oso garrantzitsua da erakundeak programatzaileak ez izatea, adituen eta profesionalen lanaren ahalbidetzaileak baizik, oraingo honetan bezala. Gure egitekoa izan da sarea sortzen laguntzea, sare hori koordinatzea, eta ekimen hau bultzatzeko baliabideak eta bitartekoak jartzea”.

Donostia Kulturako Antzerki Unitateari ere eskertu dio eskainitako laguntza, arte eszenikoetako hautapenean parte hartu baitu.

Katapulta programaren barruan bi zirkuitu antolatu dira:

  • Gaztemaniak programako musika zirkuitu profesionala, non musika talde profesionalek 12 kontzertu emango dituzten hautatutako talde gonbidatuekin.
  • Zirkuitu “erdiprofesionala” bi modalitatetan: musika eta arte eszenikoak, artistak nahastuz joango direlarik.

Zirkuituan sartzen diren udalerriak: Donostia,  Hondarribia, Zarautz eta Arrasate, lehendik ere Gaztemaniak programaren barruan daudenak, eta horiei gehitu behar zaizkie Azkoitia, Irun, Azpeitia, Errenteria, Urretxu, Oñati eta Bergara.

Lokalak edo klubak: Café Irún (Irun);  San Agustin Kulturgunea (Azpeitia); Reyna Zinema (Errenteria);  Motz Taberna  (Urretxu); Bule, Tartufo (Bergara); Gazteleku (Oñati).

Hona hemen lehenengo kontzertuak:

ROY LONEY & SEÑOR NO (hautatutako taldea: Los Bracco), apirilaren 22an,  Azkoitiko Elkargunean.

MARK LANEHAN  + DUKE GARWOOD + hautatutako taldea, maiatzaren 26an, Zarauzko Modelo Aretoan.

STEVE GUNN + hautatutako taldea, maiatzaren 29an, Hondarribiko Psilocybenean

 

Hautatuen zerrenda

Gaztemaniako Bandak

Izaro

Frank

Izeber

Nothing Box

Sky Beats

Elena Setien

Los Bracco

Albert Cavalier

Pet Fennec

The Young Wait

Eraul

The Ghost Numbers & His Tipsy Gypsies

Swingpapers

Igelaren Banda

Half Quartet Plus Two

The Soul Messengers

 

Eszenikoak:

Pez Limbo

Ion Martinez Esnaola

Alazne Etxeberria

Mikel Bermejo

Cia Nogusano

Marga Altolaguirre

El Conccertino

  

1353