Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Itxaso Lenbur institutua eta bertako turismo eta kultur ekipamenduak bisitatu ditu

Itxaso Lenbur institutua eta bertako turismo eta kultur ekipamenduak bisitatu ditu

Denis Itxaso Legazpiko Lenbur Fundazioko instalazioak bisitatu ditu.

Denis Itxaso Kultura diputatua Legazpiko Lenbur Fundazioko arduradun Olatz Conde eta Aurelio Gonzálezekin elkartu da gaur arratsaldean eta zentroko instalazioak bisitatu ditu egin zioten eskaerari erantzunez.

Institutuaren egoitza den Bikuña jauregiaz gain, zentroak Brinkolan eta Telleriarten dituen gainerako instalazioak ere ikusi ditu. Era berean, “50eko hamarkadan egun bat. Langileen ibilbidea”  izenez ezagutzen den ibilbidea egin du, eta Burdinaren museoa, Mirandaola burdinola, Olapintxoa eta Chillida lantokia ere bisitatzera joan da, hau da, Fundazioak sustatzen duen turismo eta kultura produktu osoa.

Itxasok interes handiz entzun ditu Lenbur Fundazioko arduradunek eman dizkioten azalpenak zentroen funtzionamenduari, eskaintza turistiko eta kulturalari, eta etorkizuneko planei buruz.

Kultura eta Turismo Departamentua, Denis Itxaso buru dela, ahalegin handia egiten ari da lurraldeko turismo eta kultur eskaintza sustatzeko, horrela turismo fluxuak orekatzeko eta turismoak sortzen duen aberastasuna lurraldean hobeto banatzeko, eta, hain zuzen ere, Foru Aldundiak bultzatu nahi duen kalitatezko eskaintza mota horren barruan sartzen da Lenbur proiektua.

Fundazioa natura eta kultura ondarea eta burdinaren industria kultur nortasunaren sinbolo gisa sustatzeko eta kanpora islatzeko elementu modura bultzatzeko asmoz sortu zen, horrela ekonomia eta gizarte garapenari laguntzeko. Proiektua 350.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute

1997an eratu zenez geroztik, Fundazioak 20 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu kultur eta industria ondarea berreskuratu, zabaldu, ikertu eta eskuratzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Europar Batasunaren, INEMen, Kutxaren eta 18 erakunde pribaturen laguntzaz.

 

 

 

 

 

  

1511