Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Itziarko biribilgune berriaren eraikuntza amaitu da

Foto Itziarko biribilgune berriaren eraikuntza amaitu da

Itziarko biribilgune berriaren eraikuntza amaitu da

Aintzane Oiarbide: "N-634 errepidearekiko bidegurutzean oinezkoen segurtasuna areagotu egin da abiadura moteldu delako eta Zumaiarako adarrean oinezkoentzako pasabide babestu bat dagoelako"

Itziarko biribilgune berriaren eraikuntza amaitu da

Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Itziar gainean, N-634 eta Gl-3210 errepideen arteko bidegurutzean, egin duen biribilgune berriaren lanak. Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi du eraikuntza berri honek hobekuntza handia ekarriko duela inguruko bide-segurtasunerako. “Bidegurutze arriskutsua zen, bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat. Biribilgune berriarekin trafikoaren abiadura murriztuko da, eta horrek oinezkoentzako segurtasunean eragingo du ".

Inguru horretako trafiko nagusia Itziarko industrialdetik eta AP-8/Deba autobidetik datorrena da. Orain arte, autobidetik zetozen eta Itziarko industrialdera biratu nahi zuten ibilgailu astunek arazoak zituzten bidegurutzearen % 16tik % 18ra bitarteko malda gainditzeko. Bestalde, Itziartik    AP-8/Deba aldera biratu nahi zuen trafikoak N-634 errepidearen bi noranzkoak zeharkatu behar zituen, eta, ondoren, N-634 errepidera itzuli, maniobrak eragiten zuen arriskuarekin.

Aintzane Oiarbidek deitoratu duenez, koten arazoak direla eta, ezin izan da biribilgune berritik Itziarrera igotzeko adarrik prestatu, eta, ondorioz, autobiderako bidegurutzean dagoen hurrengo biribilguneraino jarraitu behar izan da, noranzkoa aldatu eta berriro igo, Itziarrerako zuzeneko adarra hartzeko. Adar zuzen hau aurrekoa baino 50 metro lehenago hasten da. “Itziarko auzotarrekin harremanetan egon da Diputazioa obraren nondik norakoaren argibide guztiak emateko. Obra hau gure apustuaren adibide bat da; Gipuzkoako landa eremuetako biztanleek hiri eremuetako biztanleek bezalako zerbitzu, azpiegitura eta bizi kalitate aukera berdinak edukitzea”, azpimarratu du Oiarbidek

Errotonda berriaren eraikuntzarekin, 34 metroko diametroa eta 4 adar dituena, mugimendu guztiak ordenatzea lortzen da. "Deba/AP-8tik Itziarrerantz adar luzeagoa egin da, malda % 16tik     % 9ra jaitsi da, eta, beraz, ibilgailu astunek ez dituzte orain arte igoeran zituzten zailtasunak izango", zehaztu du Aintzane Oiarbidek. "Gainera, N-634 errepidearen bidegurutzean oinezkoen segurtasuna handitu egin da Zumaiarako adarrean oinezkoentzat babestutako pasabide berriarekin, eta ibilgailuek abiadura murriztu beharko dutelako biribilgune berrira hurbiltzean", azaldu du diputatuak.

Gidarien segurtasuna hobetzeaz gain, inguruko industriak "lehiakortasunean" duen eragina azpimarratu du foru arduradunak. "Errepide-sare eroso, moderno eta segurua funtsezkoa da gure  industriarentzat eta egunero mugitzen diren langile guztientzat", azaldu du.

Itziarko biribilgune berria eraikitzeko lanak uztailaren amaieran hasi ziren eta 328.615,67 euroko aurrekontua izan dute.