Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Jabier Larrañagak Ogasuna eta bere bezeroen arteko konfiantza giroa indartzearen alde egin du

Jabier Larrañagak Ogasuna eta bere bezeroen arteko konfiantza giroa indartzearen alde egin du

Gipuzkoako Ogasuneko diputatuak gogoratu du lurraldeko eragile ekonomiko eta sozialak eta hiritar guztiak direla Ogasunaren bezero

2015/11/25
Jabier Larrañaga prentsaurrekoan

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, Ogasunaren eta honen bezeroen arteko konfiantza erlazioa sustatu eta indartzearen alde agertu da gaur. Gogoratu duenez, lurraldeko eragile ekonomiko eta sozialak eta hiritargo guztia da Foru Ogasunaren bezero, eta zuhurtzia, elkarrizketa, zubigintza eta gardentasuna bezalako tresnekin hornituta, konfiantza giro hori sendotzeko prest agertu da. “Zuen eskura gaituzue elkarrekin lan egiteko eta denon artean herri hau indartzeko”, esan du.

Larrañagak BSK aholkularitza enpresak gaur Donostian fiskalitatearen inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartu du. Agertoki honetan azaldu duenez, foru Gobernuak azken asteetan Kudeaketa Plana, 2016rako aurrekontuak eta Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Planak aurkeztu ditu, hau da, “edozein enpresa bezala, lanerako prestatu gara”.

Zuzentzen duen departamentuak, esan duenez, “hitzez eta ekintzez” orainaldiko eta etorkizuneko helburuak uztartzea ditu helburu. Horrela, egun indarrean dagoen babes sozialeko zerbitzuak sostengatu eta indartzearekin batera, proiektu estrategikoetan inbertsioak egitearen garrantzia azpimarratu du, etorkizunean ere sistemaren jasangarritasuna bermatu ahal izateko. “Honetarako, ekonomia sustapenean sinesten dugu, jarduera ekonomikoaren eta kalitatezko enpleguaren bitartez etorri dela herri honentzako aberastasuna”, gehitu du.

Eguneroko jardunari buruz, Larrañagak Gipuzkoak erabilgarri dituen gaitasun eta baliabideak zaindu eta defendatzea eskatu du. Diru-sarrerak bermatu gaurko eta biharko beharrei erantzuna emateko, batetik, eta iruzur fiskalaren aurkako borroka indartu, bestetik, lirateke Foru Ogasunaren arloan betebehar nagusiak. Gainera, EAEko Ekonomia Itunaren garrantzia aldarrikatu du, “badirudielako batzuetan ahaztu egiten zaigula mekanismo hau guztiz beharrezko dugula”

  

1668