Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Jasangarritasun departamentuak eta Irungo Udalak babesleku klimatikoen sare bat sustatuko dute herritarrak bero-boladetatik babesteko

Jasangarritasun departamentuak eta Irungo Udalak babesleku klimatikoen sare bat sustatuko dute herritarrak bero-boladetatik babesteko

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentuak abian jarritako 80.000 euroko dirulaguntzari esker, Irungo Udalak 6.765 euro jasoko ditu hiriko babesleku klimatikoen sarea abian jartzeko. Udalaren babesleku klimatikoen sareak askotariko 30 espazio biltzen ditu dagoeneko: irisgarriak dira, eta herritarrei erosotasun termikoa eskaintzen diete, muturreko tenperaturei aurre egiteko.

2025/07/28
Sostenibilidad

José Ignacio Asensio: «herritarrek benetako soluzioak behar dituzte, klima-aldaketaren efektuen aurrean. Espazio hauek justizia klimatikoa, babesa eta berdintasuna eskaintzen dituzte. Osasun publikoko eta ongizateko inbertsio bat dira, klima gero eta gogorragoa den testuinguru batean»

Cristina Laborda: «Irunen herritarrak zaintzen dituen hiri baten alde egiten dugu, eta babesleku klimatikoen sare hau horren adibide ona da, hiriko espazioak ongizate kolektiboaren alde jar daitezkeela erakusten baitu».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak eta Irungo Udalak bisita instituzional bat antolatu dute gaur udalerriko zenbait espaziotan barrena, babesleku klimatiko urbanoen sarea osatzen duten eremuetan barrena, hain zuzen, Gipuzkoako udalerrietan klima-aldaketaren inpaktuari aurre egiteko estrategia bateratuaren barruan.

Ibilbidearen xedea herritarrei sare hori martxan dela gogoraraztea izan da, eta bertan izan dira José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru-diputatua, Cristina Laborda Irungo alkatea, Gloria Vázquez Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendaria eta Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkaria.

Jarduketa Jasangarritasun departamenduak udalei garapen jasangarriaren helburuekin lotutako proiektuak gauzatzen laguntzeko dirulaguntza lerroari esker egin da. Guztira, 80.000 euroko aurrekontua du deialdiak, eta horietako 6.765,41 euro Irungo Udalari esleitu dizkiote, babesleku klimatikoen sarea garatu eta ezartzeko.

«Herritarrek benetako soluzioak behar dituzte, klima-aldaketaren efektuen aurrean. Espazio hauek justizia klimatikoa, babesa eta berdintasuna eskaintzen dituzte. Osasun publikoko eta ongizateko inbertsio bat dira, klima gero eta gogorragoa den testuinguru batean», esan du José Ignacio Asensiok.

Bisitan, lau espazio erakusgarri ikusi dituzte: San Juan plaza, udal-liburutegia (CBA), Sarjia parkea eta Mendibil merkataritza-gunea. Sarean  Udalak zenbait tipologiatako babeslekuak biltzen ditu: barneko espazio publikoa, kanpoko berdegunea eta erabilera publikoko espazio pribatua.

Espazioak udalerriko mapan identifikatu eta seinaleztatu dira, beren baldintzei esker beroaldietatik babesteko espazio egokiak direlako eta tenperatura atsegina eskaintzen dutelako, batik bat kolektibo zaurgarriei begira, hala nola adinekoak, osasun-arazoak dituztenak edo etxean klimatizaziorik ez dutenak.

«Herritarrak zaintzen dituen hiriaren ereduari jarraitu nahi diogu Irunen. Babesleku sare honek ederki erakusten du nola bideratu daitezkeen hiriko espazioak ongizate kolektibora, herritarrei udako beroaldietatik babesteko puntuak eskainita», esan du Cristina Labordak.

Zehazki, 30 espazio jarri ditu Irungo Udalak herritarren esku babesleku klimatiko gisa, barnekoak zein kanpokoak dira, publikoak eta pribatuak:

  • Barrualdean: Carlos Blanco Aguinaga udal-liburutegia, Palmera-Montero gunea, Mendibil merkataritza-gunea, Azken Portu udal-kiroldegia, Artaleku udal-kiroldegia (harreragunea), Bidasoa bizirik, Belaskoenea LHI, Lekaenea-Anaka HLHI eta Eguzkitza HLHI.
  • Kanpoaldean: Sarjia parkea, Soroxarta parkea, Belartzako parkea, Behobiako parkea,  Beko Errota parkea, Ibarlako parkea, Txoko Alai parkea, Julián Sánchez parkea, Ama Xantalen egoitzako lorategiak, Kateko frontoia eta parkea eta Ugalde-Kateko kirol-instalazioak.

Gainera, babesleku klimatikoen mapak kanpoaldeko beste toki batzuk hartzen ditu barnean, hala nola kaleak: zuhaitzak eta itzaletan esertzeko bankuak dituztenez gero bide erosoak edo aterpe modukoak izan daitezkeen tokiak.

Instituzioen lidergoa eta tokiko lankidetza

Jasangarritasun Departamentuaren iritziz, klima-aldaketaren aurreko egokitzapena tokiko lehentasuna da dagoeneko, eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez ekin behar zaio, hiri-plangintzan aplikatuta eta justizia sozialaren ikuspegia landuta. Irungo babeslekuen sareak ikuspegi hori indartzen du.

«Konpromiso argia dugu: klima-aldaketaren inpaktuei aurrea hartzea maila lokaletik, udalei laguntza emanda, baliabideak, plangintza eta ikuspegi estrategikoa eskainita. Horrela eraikitzen da lurralde prestatu, inklusibo eta erresiliente bat», gaineratu du Asensiok.

  

13023