Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea José Ignacio Asensio, Jasangarritasun diputatua, Ataungo alkatearekin bildu da udalerrian energia-komunitate herritarra sortzea bultzatzeko

José Ignacio Asensio, Jasangarritasun diputatua, Ataungo alkatearekin bildu da udalerrian energia-komunitate herritarra sortzea bultzatzeko

Ataunen, Jasangarritasun Departamentuak sendotu egin du Gipuzkoako trantsizio energetikoan duen lidergoa, udalerrian energia-komunitate bat sortzea sustatuz, energia demokratizatzeko, faktura merkatzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko funtsezko tresna gisa.

2025/09/23
Ataun

Halaber, Ataungo udalerriari aholkularitza tekniko, juridiko eta finantzarioarekin lagunduko dio, Aldundiaren baliabide guztiak herritarren zerbitzura jartzeko konpromisoa berretsiz, eredu energetiko bidezkoago, jasangarriago eta parte-hartzaileago baterantz aurrera egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensiok eta Ataungo alkate Martin Aramendik lan-bilera egin dute gaur goizean, eta adostu dute elkarrekin aurrera egiten jarraitzea udalerrian energia-komunitate herritar bat sortzeko.

Topaketa Ataunen azken hilabeteetan Jasangarritasun Departamentuak, Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoaren bitartez, garatu duen dinamizazio prozesuaren emaitza izan da. Prozesu hori hiru saio irekitan antolatu da, eta herritarrek gero eta interes handiagoa dutela egiaztatu ahal izan da. Horrez gain, Aldundiak eta Udalak energia-eredu partekatua, jasangarria eta parte-hartzailea bultzatzeko konpromiso irmoa hartu dute.

Bileran zehar, Asensiok nabarmendu duenez, “Ataunek aukera du gaur Gipuzkoan bultzatzen ari garen trantsizio energetiko justu eta herritarraren erreferente bihurtzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentutik zuen eskura jartzen ditugu gure baliabide tekniko, juridiko eta finantzario guztiak, proiektua arrakastatsua izan dadin”.

Martin Aramendi Ataungo alkatearen hitzetan, “azken urteotan Ataunen urrats sendoak egin ditugu energia kontsumoa murrizteko eta energia sortzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta hiru bilera egin ditugu berriro ere energia komunitatea sortzeko saiakera egiteko. Saio emankorrak izan dira, hainbat herritarrek parte hartu dute, eta iruditzen zaigu bi erakundeon arteko lankidetzari esker komunitatea sortzeko falta zaigun azken urratsa egiteko moduan izango garela. Egoera onean gaude eta baliatu egin behar dugu aukera hau, onura besterik ez digu-eta ekarriko”.

Orain arte egindako lanari esker, etorkizuneko energia-komunitatearen oinarriak ezarri ahal izan dira:

  • Sentsibilizazioa eta ezagutza komuna: herritarrek energia-komunitateen onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak ezagutu ahal izan dituzte, baita lurraldeko beste udalerri batzuetan abian jarritako esperientziak ere.
     
  • Diagnostiko teknikoa eta soziala: tokiko eragile nagusiak identifikatu dira eta dauden instalazioen potentziala balioetsi da. Nabarmentzekoa da udaletxearen 15 kW-eko soberakina autokontsumorako lehen proiektu pilotu partekatua dela.
     
  • Gobernantza eta hasierako ibilbide-orria: komunikaziorako, bizilagunen parte-hartzerako eta energia-komunitatearen antolaketarako lehen urratsak zehaztu dira.

Jasangarritasun Departamentuak, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bitartez, laguntza integrala, aholkularitza espezializatua eta finantziazio-lerro espezifikoak jarriko ditu Ataunen eskura, bai komunitatea eratzeko, bai udalerriko auzoetan eguzki-instalazioak zabaltzeko.

Bilera horren bidez, Aldundiak eta Udalak energia-eredu bidezkoago eta demokratikoago baterantz aurrera egiteko konpromisoa indartu dute, non herritarrak protagonista aktibo izango diren energia berriztagarrien sorkuntzan eta kontsumoan.

Gaur egun, Gipuzkoak 67 energia-komunitate ditu martxan 59 udalerritan, 10.000 familia baino gehiago biltzen dituztenak. Helburua da 2027an lurraldeko udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat martxan izatea.

Asensiok azpimarratu duenez, “trantsizio energetikoa ez da ingurumen behar bat soilik, energia demokratizatzeko, familiei kostuak merkatzeko eta gure herrietan kohesio soziala indartzeko aukera bat ere bada”.

  

1377