Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Justiziak babestu egin ditu Aralarren egindako jarduketak

Justiziak babestu egin ditu Aralarren egindako jarduketak

Ontzat jo du 2017an Goroskintxurako pista-proiektuaren aurka jarritako salaketa artxibatzea agintzen duen autoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ontzat jo du Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiak emandako autoa. Auto horretan, Eguzkik eta Landarlanek Aralarko mendilerroan Saltarriko mangarainoko pista egiteko lanen aurka jarritako salaketa behin-behinean largesteko eta artxibatzeko agintzen da. Zehazki, Intzansao eta Goroskintxu arteko saroitik txaboletarako sarbideak antolatzeko eta zaharberritzeko proiektuan jasotako jarduketak dira, inguruko artzainen baldintzak hobetzea helburutzat zutenak. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu duenez, autoak «irmotasunez» ezartzen du departamentuak joan den legealdian egindako jarduketak «legezko baldintza guztiak bete zituela eta naturaguneak babesteko indarrean dauden arau guztiak errespetatu zituela».

Salaketa honako hauen kontra jarri zen: Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño, garai hartan Ingurumeneko zuzendari zen José Felix Asensio eta Enirio-Aralar Mankomunitateko presidente José Miguel Santamaría. Autoak hitzez hitz dioenez, hartutako erabakiak ezin dira «arbitrariotzat» jo, «proiektua onartzeko prozedura indarrean zegoen legedira egokitu zen», eta «proiektua gauzatzea ingurumena zaintzeko plan batekin batera egin zen beti». Gogorarazi duenez, «onartu aurretik, batzar nagusi ugari egin ziren eta Mankomunitateak parte hartu zuen horietan», «hainbat kontsulta egin zitzaizkien sozietate ekologistei» eta «azalpen ugari eman ziren iritzi publikoaren aurrean».

Gainera, epaitegiak berretsi duenez, Aralarko Natura Baliabideen Antolamendurako Planak «bide jakin batzuk egiteko aukera ematen du», betiere Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak baimentzen baditu, kasu honetan bezala; gainera, «ez da ahaztu behar zein zen proiektuaren xedea: lehendik zeuden sarbideak egokitzea, bideetatik kanpoko gurpil arrastoek kaltetutako larre eremuak lehengoratzea, eta sarbide bat ezartzea (…) eremu horretan abeltzaintza-jarduera eta haren kontserbazioa sustatzeko». Azkenik, autoan adierazten da proiektuak EAEko «Ingurumena Zaintzeko Plana» bete duela, eta ez dela «ingurumenari eta, bereziki, parke naturalaren, haren habitaten eta intereseko espezieen osotasunari eragiten dien inpaktu kaltegarririk edo hautemangarririk» gertatu.

Larrañagak azpimarratu du pistak «giltzarriak» izan direla Aralar inguruan bizi diren eta lan egiten duten pertsonen baldintzak duintzeko, horien bidez irtenbide bat ematen baitzaie lehendik zituzten irisgarritasun zailtasun handiei. Urte luzez egin izan duten eskariari emandako erantzuna izan dira. Artzaintzak eta abeltzaintzak egokitu dute habitat hori mendeetan zehar, eta horrek ahalbidetu du ingurua ezagutzen dugun modukoa izatea gaur egun. Funtsezko aktiboa da Aralarko natura-, paisaia- eta kultura-balioei eusteko, eta bizirik iraun dezan erraztu behar dugu. Sektoreak belaunaldi erreleboa behar duen une honetan, erraztasunak eman behar ditugu errelebo hori gerta dadin; ez dugu oztopo gehiagorik jarri behar», azaldu du.

Nabarmendu duenez, egindako jarduketek Aralar «goi mendiko habitat gisa kontserbatzen lagundu dute, inguruko larreak mantentzea sustatuz, abeltzainek egiten duten kudeaketa jasangarria eta egokia sendotuz, eta mendizaleen eta mendiz eta naturaz gozatzen duten beste erabiltzaile batzuen segurtasuna hobetuz». Iragarri duenez, Aldundiak, bere eskumenen barruan, inguruko sarbideak, hornidura edo txabolak hobetzeko jarduerak egiten jarraituko du. «Lehen sektoreak funtsezko zeregina du aurre egin beharreko etorkizuneko erronken barruan, hala nola trantsizio berdean edo klima-aldaketaren aurkako borrokan. Ekonomikoki eta sozialki beharrezkoa den jarduera da, baina baita paisaiaren zaintzaren, natura-ingurunearen kudeaketaren edo lurralde orekaren ikuspegitik ere. Kontuan hartu beharrekoa da jasangarritasuna oinarri duen edozein planteamendutan».

Azkenik, diputatuak adierazi du justiziak Arantxa Ariztimuño zuzendariaren «kudeaketa ona eta zuzentasuna» babestu dituela, eta tamalgarria dela «modu demokratikoan hartutako erabakiak nola judizializatu eta instrumentalizatu diren helburu politikoekin –asmo onez ari diren pertsonen izena zikinduz eta akusazio bidegabe, funsgabe eta guztiz neurrigabeak eginez–, nahiz eta erabakiak inplikatutako erakunde eta eragile guztien adostasunarekin hartu ziren, udalak, Aldundia, Batzar Nagusiak eta lehen sektorea kontuan izanik, erabateko gardentasunez, eta guztion ongizatea helburutzat hartuta”.

  

1718