Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kabiako egoitzetako 116 zaintzailek euskara B2 mailaren aitortza lortu dute

Kabiako egoitzetako 116 zaintzailek euskara B2 mailaren aitortza lortu dute

Aldundiak eta Jaurlaritzak egoitzetako erabiltzaileen “nahia eta, batez ere, beharra” gailendu dituzte euskararen erabilera sustatu eta zaintzaileen ezagutza neurtzeko.

Gizarte politiketako diputatua den Maite Peñak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Bingen Zupiriak, banatu dizkiete Kabiako 116 zaintzaileri euskararen B2 maila aitortzak gaur eguerdian, Aiete Jauregian eginiko ekitaldian. Kabiako 12 egoitzetako 138 langile aurkeztu dira HABE-k antolatutako ahozko frogan oinarritutako azterketara eta horien %84ak gainditu du, 116 zaintzailek, hain zuzen ere. Peña eta Zupiriarekin batera ekitaldian izan dira Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria.

            “Oso pozik eta harro” agertu dira bi erakundeetako ordezkariak, eta “adineko pertsonen zaintza ereduan eta hizkuntza berdintasunean aurrerapausoak” ematen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute aho batez. Peñak adierazi du: “Gure helburua zaintza eta arreta onena eskaintzea da, erabiltzaile bakoitzaren nahiari, eta batez ere, beharrari erantzunez. Hizkuntza kontuan hartzeko aspektu garrantzitsuetako bat da; kontuan izan behar dugu, gainera, askok, euskaraz artatuak izateaz haratago, arreta euskaraz jasotzeko beharra dutela”.

            Peñak erakundeen, langileen eta egoitzak kudeatzen dituzten enpresen arteko “elkarlan estua” nabarmendu du, “ezinbestekoa” hizkuntza berdintasunean eta zaintza eredu osoago batean aurrera egiteko; eta gehitu du: “Kabiak bere sorreratik du txertatuta hizkuntza berdintasunaren ikuspegia, kalitatezko zaintza eta arreta ez direlako ulertzen ikuspegi hori kontuan izan gabe”. Kabian, sarrerako baloraziotik hasita, erabiltzaileen eta familien hizkuntza hautua errespetatzen da, eta lan hizkuntza euskara izan dadin sustatzen dela azaldu du foru diputatuak. “Kabiako egoitzetan euskara nagusi izatea nahi dugu, langile orok lehen eta azken hitza euskaraz egitea, eta horregatik, B2 maila aitortzak emateak izugarrizko balioa du; ahozko euskara maila neurtzeaz gain, langileen motibazioa eta erabiltzaileen nahia eta beharra asebetetzen ditugulako, arreta eta zaintza hobeago bat eskainiz”.

            Bingen Zupiria sailburuak kalitatearekin lotu du emandako pausoa: “Eusko Jaurlaritzak Kabiako egoitzetako langileen esfortzua txalotu egin nahi du. Egin duten ahaleginari esker, kalitate handiagoz eskaini ahal izango dute beren zerbitzua eta egoitzetako erabiltzaileek eskertu egingo dute. Zaintzari lotutako lanetan, beste hainbat esparrutan bezala, euskara kalitatearekin lotu behar dugu ezinbestean, hori bera bermatzen baitu euskarak: kalitatezko zerbitzu bat. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarlanari esker, HABEren laguntzaz, argi geratu da garrantzitsua dela hizkuntza-eskakizunak lanpostu bakoitzari dagozkion zereginetara egokitzea. Kasu honetan, ahozkotasuna lehenetsi da”.

 

Hurrengo pausuak

Aitortzen banaketa ekitaldian, egoitzetako langileek eta egoitzak kudeatzen dituzten enpresetako ordezkariek hartu dute hitza, hala nola, Aita Menni, Biharko, Clece, Eulen eta Zu eta Biok enpresetako kideek. Eskerrak emateaz gain, euskararen sustapenarekiko eta hizkuntza berdintasunarekiko dute konpromisoa berretsi dute, baita martxan dituzten neurri, plan eta etorkizuneko asmoak azaldu ere.

 

Aieten eginiko ekitaldian banatutako aitortzak Kabiako egoitzen lan egiteko balio dute egun baina, etorkizunera begira, “aitortza hauek, agiri bihurtzea izango da hurrengo pausua, beti ere Eusko Jaurlaritza eta HABE-rekin elkarlanean”, azaldu du Maite Peñak. Kabiaren misioa mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei egoitzetan eta eguneko zentroetan zaintza eta arreta ematea den neurrian, “kalitatezko zaintza eta arreta ezin dira ulertu hizkuntza berdintasuna txertatu gabe, eta bide horretan sakontzen jarraituko dugu, gaurko aitortzak ofizializatuz eta geroz eta langile gehiago animatuz parte hartzera eta euskaraz aritzera”.

Izan ere, gogorarazi du Peñak, 2015eko urrian Kabiaren sorrerarekin batera, erakundean euskara nola txertatu landu zen, “abiapuntua, Kabiako eredua eta lehentasunak zehaztuz. Hizkuntza berdintasuna Kabiaren sorreratik jarri da balioan eta hainbat irizpide zehaztu ziren orduan, eta horiek sakontzen dihardugu geroztik: hizkuntza ahozko harremanetan, jendaurreko ekitaldietan, lan hizkuntza bezala, dokumentuetan, sare sozialetan, irudi korporatiboan, etab.”.

  

1516