Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea KAFE KAPSULAK BIRZIKLATZEKO KONTENEDOREAK

KAFE KAPSULAK BIRZIKLATZEKO KONTENEDOREAK

Dagoeneko 26 edukiontzi instalatu dira. Kafea proiektuak etxeko kafe kapsulen 4350 kilo birziklatuko ditu urtean Altza eta Intxaurrondo auzoetan.

2019/12/18
  • Aldundiak eta Donostiako Udalak dosi bakarreko kafe kapsulen gaikako bilketa eta balorizazioa bultzatuko dute Altza eta Intxaurrondoko auzoetan

  • Altzako Harrobieta plazan eta Intxaurrondoko Sagastieder plazan kokatutako bi karpak edukiontzi berrien funtzionamenduari eta proiektuaren helburuari buruzko informazioa eskainiko dute.

 

Ignacio Asensio: “Kafea proiektuari esker, kapsulen hondakina lehengai bihurtzen da gaikako bilketarako edukiontzi propioak fabrikatzeko; ekonomia zirkularraren adibide argia da, non arazoa irtenbide bilakatzen den”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, Donostiako Udalak, eta Ekogras, Lavazza eta Eskovazza enpresek aurrera eramango dute proiektu pilotu bat, etxeko kafe kapsulak birziklatzeko, Donostia hirian. Zehazki, 26 edukiontzi instalatu dira dagoeneko Altza eta Intxaurrondoko auzoetan. Altzako Harrobieta plazan eta Intxaurrondoko Sagastieder plazan bi karpa instalatu dira ere, edukiontzi berrien funtzionamenduari eta proiektuaren helburuari buruzko informazioa eskaintzen dutenak. Karpa hauek herritar guztiei zuzentzen zaie eta zabalik egongo dira 11:00etatik 19:00etara bitartean.

Ekimena Donostian garatuko da, zehazki, Altza eta Intxaurrondo auzoetan ezarriko da eta aztertuko du zer aukera dauden plastikozko eta aluminiozko kapsulak balorizatzeko, lehen kategoriako lehengai gisa erabiltzeko kapsulak birziklatzeko edukiontzien fabrikaziorako, eta bestetik, merkataritzako produktuen fabrikaziorako, Lavazzaren bezeroentzat.  Proiektu horri esker, urtean 4350 kilo lortuko direla zenbatesten da. Abenduko eta urtarrileko kapsula-bilketarekin, etxeko lehen potoak ekoitziko dira.

 

Donostian etxeko kapsulak birziklatzeko Kafea proiektuaren helburu nagusia da dosi bakarreko kapsulak birziklatzeko irtenbide bat ematea hiriko biztanleei. Ekograsek proposatzen du bere olio ibilbideaz baliatzea kapsulen bilketa-sistema bat gaineratzeko, helburutzat hartuta etxeetan sortzen ditugun dosi bakarreko kapsulak berreskuratu eta birziklatzea. Asmoa da ibilbide jasangarri bat eta teknologia berri bat sortzea kapsulak birbalorizatzeko, produktuen bizi-zikloa kontuan harturik; hartara, aurkitutako irtenbideak gure eskualdeko ekonomia zirkularraren parte izan daitezen. Horrezaz gain, kapsulak kontsumitzen dituzten Donostiako biztanleei etxeko edukiontzi bana emango zaie dohainik, bertan kapsula erabiliak gorde ditzaten, eta horrela, birziklatzeko edukiontziraino eramatea errazagoa izan dadin.

 

“Dosi bakarreko kapsulak birziklatzeko edukiontziek aukera bat eskainiko dute bigarren bizialdi bat emateko hondakin bati, zeina bihurtuko baita lehengai, eta beste produktu berri batzuk”. Asensiok nabarmendu du Kafea proiektuari esker, kapsulen hondakina lehengai bihurtzen dela gaikako bilketarako edukiontzi propioak fabrikatzeko; “ekonomia zirkularraren adibide argia da, non arazoa irtenbide bilakatzen den. Ekimen aitzindari bat da, ez bakarrik autonomia-erkidegoan, baita estatuan ere, gaika biltzen delako eta birziklatzearen aldeko apustu garbi bat delako, ekonomia eta enplegu berdea indartuz”, adierazi du foru arduradunak.

Kafea proiektua martxan jartzeko, baliagarria izango da Ekograsek egun duen olio edukiontzien ibilbide logistikoaren gaineko informazioa. Bi edukiontzi mota desberdin gehitu dira: alde batetik, buzoi antzeko bat, kapsulak biltzeko, 120 litroko edukierakoa, dagoeneko Donostian banatuta dauden landare olioaren bilketarako edukiontziei katigatua; eta bestetik, etxeetarako, poto txiki bat sortuko da, bi litroko edukierakoa, kontsumitzaileei balioko diena beren kapsula erabiliak bertan gorde ditzaten, eta gero, edukiontzi publikora eraman ahal ditzaten. Poto horiek sortzeko, ordea, balorizatu egingo da bildutako kapsulak birrintzetik datorren material birziklatua, eta horrela sortuko dira potoak. Ekogras enpresak dagoeneko egina du produktu lagin bat, kafe kapsuletatik abiatuta. Kapsulen osagaiek aukera ematen dute birrinketa egoki bat egiteko, beste mota bateko lehengai bat lor dadin, prentsa bereziko makinerian erabiltzen dena.

 

Kafe kapsula horien bilketari esker, 79.091 kilo kafe-hondar bilduko direla zenbatesten da. Ekograsek aukera eskaintzen du kafe-hondarrak balorizatu eta perretxikoen substratu bat lortzeko, eta horrela, etxeko auto-hazkuntzako kit bat egiteko. Perretxikoen substratuak, ordea, bestelako produktu bat ere aurkez dezake: poltsa berezi batzuk ere ekoitz litezke, 15 edo 20 kilokoak, eta horrela, eskala handiko ekoizpen bat garatu.

  

2235