Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Katxalinek 6.000 parte hartzailera iritsi nahi du urteroko "marea arrosan"

Katxalinek 6.000 parte hartzailera iritsi nahi du urteroko "marea arrosan"

Urteroko martxa solidarioa urriaren 29an egingo da Donostian, eta bularreko minbizia ikertzeko funtsak biltzea izango du xede.

Marea rosa

Gaur, urriak 19, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna da, eta urtero bezala, Katxalin bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa duten emakumeen Gipuzkoako elkarteak gonbidapena egin die gipuzkoar guztiei Donostiako kaleetan datorren urriaren 29an egingo den martxa solidarioan "urratsak egiten jarraitzeko"; aurten, 6.000 parte hartzailera iritsi nahi dute. Elkarteak 700 bazkide baino gehiago ditu eta Maite Valle elkarteko ordezkariak urteko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuarekin batera.

 

Kanpaina urriaren 17tik 29ra bitartean egingo da, Gipuzkoako zenbait herritan informazio mahaiak jarrita. Merkatariek ere kanpainarekin bat egingo dute, erakusleihoak apainduko baitituzte. Bestalde, urriaren 25ean, Mireia Peláezek hitzaldi bat emango du Tabakaleran, "Bularreko minbizian ariketa fisikoa modu eraginkor eta seguruan egiteko gakoak" izenburu duela. Amaitzeko, urriaren 29an, "marea arrosak" Donostiako kaleak hartuko ditu bederatzigarren urtez, bularreko minbizia ikusarazteko eta kirola minbizia saihesteko eta prebenitzeko faktoreetako bat dela aldarrikatzeko.

 

Maite Peña diputatuak babesa adierazi dio Katxalin elkarteari, "atsedenik gabe" lanean jarraitzen baitu “gaixotasuna ikusgai egiteko, gizartea sentsibilizatzeko eta bularreko minbizia duten emakumeei babesa eta laguntza emateko”. Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza Katxalin elkartearekin lankidetzan: “Gure babes osoa ematen diogu proiektuari, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu, prebentzioa eta laguntza sustatzen” adierazi du diputatuak. Era berean, herritarrei dei egin die “urtero bezala” martxa solidarioan parte har dezaten; izan ere, “minbiziaren aurkako borroka iraupen luzeko lasterketa da, guztion inplikazioa eskatzen duena”.

 

Diputatuaren hitzetan, Katxalinek “izugarrizko lana” egiten du: gaixotasunaren ikuspegi positiboagoa zabaltzen du, prebentzioa sustatzen du eta minbizia duten emakumeen bizi kalitatea hobetzen laguntzen du, informazio eta sentsibilizazio kanpainak antolatuz, emozioak kudeatzeko terapiak eginez eta diagnostikatu berri diren emakumeei lagunduz. “Esperientzia berberak izan dituzten emakumeei, bai eta haien familiei eta ingurukoei ere laguntza, konpainia eta ulermena eskaintzen dizkiezue; eta lan hori benetan txalogarria eta oso garrantzitsua da”.

 

Maite Vallek, bestalde, azaldu du aurtengo kanpaina urriaren 17an jarri zela abian, Azpeitian informazio mahai bat jarrita, eta atzo, urriaren 18an, Ordizian eta Lasarten izan zirela. Gaur mahaiak Donostian eta Orion jarriko dira; bihar, urriak 20, Legazpin, eta, hilaren 21ean, Andoainen, Bergaran, Elgoibarren, Tolosan eta Zumarragan.

 

Halaber, Maite Vallek eskerrak eman dizkie dendariei, erakusleihoetan bularreko minbizia ikusarazten lagunduz kanpainan parte hartu dutelako, bai eta Aramendia gozotegiari ere, aurten ere kanpainarekin bat egin duelako, arrosa koloreko Donut Solidarioa eginez, "gaixotasuna ikusgai egiteko hain garrantzitsua den zeregin horretan laguntzeko", eta bildutako dirua minbiziari buruzko ikerketetara bideratuko delako.

 

Amaitzeko, urriaren 29an, bederatzigarren martxa solidarioa egingo da. 11:00etan hasiko da eta, Alderdi Ederretik abiatuta, 4,5 km egingo ditu “marea arrosak” Donostiako kaleetan zehar. Maite Vallek azpimarratu duenez, “gaixotasunari buruzko irudi positiboa ematen ahaleginduko gara, sendatze intzidentzia handia nabarmenduz eta emakumeak beren buruaren autozainketaz ardura daitezen sustatuz, horretarako nahikoa baita ekintza txiki eta errazak egitea, edonork eskura dituenak, hala nola egunero ariketa pixka bat eginez”.

Izena www.katxalin.org helbidean eman behar da, eta elastikoak Garberako eta Urbil merkatal zentroetako Eroski dendetan eta Deportes Apalategi eta Apalategi Woman dendetan eros daitezke.

  

1900