Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kemen kirol elkarteak jasoko du 2021eko Boluntariotza Saria

Kemen kirol elkarteak jasoko du 2021eko Boluntariotza Saria

Kemenek 27 urte daramatza boluntariotza bultzatzen eta desgaitasuna duten pertsonen alde kirolaren bidez lan egiten. Saria azaroaren 29an emango da Foru Aldundiaren Jauregian.

Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak iragarri duenez, Kemen kirol elkarteak jasoko du Gipuzkoako Boluntariotzaren 2021eko Saria, “gure lurraldean errotuta dagoen erakundea da eta, boluntariotza sustatuz, 27 urte daramatza desgaitasuna duten pertsonei kirola hurbiltzen”. Kemen kirol-klubak kirola ardatz hartuta egiten du lan, degaitasun fisikoa duten pertsonen errealizazio pertsonala eta gizarteratzea lortzeko.

          Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariaren helburua da gizarte mailan egindako lanagatik eta boluntariotza bultzatzeagatik nabarmendu diren pertsonen eta gizarte erakundeen ibilbidea jendaurrean aitortzea, “Gipuzkoa gero eta solidarioagoa izan dadin lan egin dutenak”, azaldu du diputatuak. Sari honen XXVII. edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak saria emango dio Kemen kirol klubari, desgaitasuna duten pertsonen alde egin duen lana eta beren ibilbidea aitortzeko, baita boluntariotzarekiko duen konpromisoa eskertzeko ere.

Saria emateko ekitaldia datorren astelehenean izango da, azaroaren 29an, 12:00etan, Foru Jauregiko Jargi Aretoan. Bertan, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok Kemeni emango dio Gipuzkoako Boluntariotzaren 2021eko Saria. Pandemiagatik, aurten, iaz bezalaxe, ekitaldira jende gutxi bertaratu ahal izango da. Hartara, ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da.

Kemenen ia hiru hamarkadako ibilbidea boluntariotzari oso lotuta dago, foru-diputatuak adierazi duen bezala: “Kemenek hazten jarraitzen du, eta gero eta kirol gehiago sartzen ditu bere jardueran. Horrekin, desgaitasuna duten geroz eta pertsona gehiagori aukera ematen die kirola egiteko, baita lehiaketarako ere. Eta hori, dozenaka boluntarioren lanik gabe, ezinezkoa izango litzateke. Kemenen familiako kide guztiak boluntarioak dira, eta hori, zalantzarik gabe, txalogarria da, eta horixe aitortu nahi dugu sari honen bidez”.

Maite Peñaren hitzetan, Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria "oso lagungarria" da "egunero eta trukean ezer espero gabe milaka pertsonak egiten duten lan ordainezina" ikusarazteko, eta, aldi berean, boluntariotzak lurralde osorako duen "garrantziaz eta onuraz" kontzientziatzeko. "Gipuzkoa lurralde solidarioa da, 700.000 biztanle inguru gara, eta 40.800 boluntario baino gehiago ditugu". Diputatuak gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarte horiei laguntzen jarraituko duela, "ezinbestekoak" baitira Gipuzkoa "lurralde gero eta berdinagoa, kohesionatuagoa eta solidarioagoa" izateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela 27 urte sortu zuen Gipuzkoako Boluntariotza Saria, Gipuzkoako hirugarren sektore soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko. Azken urteetako irabazleak honako hauek izan dira: AGIPAD (1999), ACASGI (2000), Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001), Nagusilan (2002), Karitatearen Alabak (2003), DEE (2004), CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006), Juan María Garitano (2007), Izan – Proyecto Hombre fundazioa (2008), Behar Bidasoa (2009), DYA Gipuzkoa (2010), Itxaropen Telefonoa (2011), Laringektomizatuen elkartea (2012), Odol emaileak (2013), Koldo Aulestia (2014), Gipuzkoako Elikagaien Bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017), Jose Mari Soroa (2018), Charo Martínez Lascurain (2019), Begisare (2020).

  

1475