Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kirol Etxe berria prest egongo da 2019ko azken hiruhilekoan, 20 urtetan lehen erreforma egin ondoren

Kirol Etxe berria prest egongo da 2019ko azken hiruhilekoan, 20 urtetan lehen erreforma egin ondoren

Anoetako Estadioa eraberritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatu duten hitzarmenaren arabera, Aldundiak 4 milioi euro jarriko ditu hiru urtetan eta, kontraprestazio gisa, Gipuzkoako 43 kirol federazioren egoitza egokituko da; egoitza hori urtearen amaieran itzuliko da Anoetara.

2018/12/14

Denis Itxaso lehen diputatu nagusiordeak eta Eneko Goia Donostiako alkateak gai horren inguruko hitzarmena sinatu dute gaur goizean, eta hitzarmen horren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 4 milioi euro jarriko ditu Anoetako Estadioa eraberritzeko; zehazki, hiru urtetan ordainduko du kopuru hori: 2018an milioi bat, 2019an milioi bat, eta 2020an bi milioi.  Foru Aldundiak laguntza eman nahi du Gipuzkoako kirolaren erreferenteetako bat den Real Sociedad taldeak jokatzen duen zelaia hobetzeko, baina Aldundiko Kirol Departamentuaren asmoa da akordio hau onuragarri izatea Gipuzkoako kirol guztiarentzat eta, horregatik, akordioan hainbat baldintza jasotzen dira: Kirol Etxea eraberritzea, alboko miniestadioa hobetzea, eta belar hockeyrako zelai bat eraikitzea.

 

Gipuzkoako 43 kirol federazioren egoitzak hartzen ditu Kirol Etxeak -denak futbol, txirrindularitza, piraguismo eta halterofiliakoak izan ezik-, eta, aurreikuspenen arabera, esparru hori egokitzeko lanak amaituta egongo dira 2019ko hirugarren hiruhilekoan (bat etorriz Anoetako Estadioaren obra zibila amaitzeko aurreikusitako datarekin, hau da, 2019ko azaroa). Instalazio horiek 1993koak dira, eta hau izango da azken hogei urteetan egiten den lehenengo erreforma, aurrekoa 1998an egin baitzen. Horrela, 5.156 metro karratu dituzten instalazioak berrituko dira, eta espazio horien erabilera lagapena berrogeita hamar urtekoa izango da, inolako kanon edo kontraprestaziorik sortu gabe. Hobekuntzak egingo dira euri urak ateratzeko sisteman, aire girotze eta aireztapen sisteman eta sistema elektrikoan, eta hobetu egingo da energia eraginkortasuna.

 

Gainera, hobekuntza handiak egingo dira Anoetako miniestadioan: instalazioak hobetuko dira eta harmailak handitu; izan ere, estadioaren atletismoko pistak kendu ondoren, hori izango da aire zabalean atletismoa egiteko Donostialdean izango den instalazio nagusia. Azkenik, Aldundiak erantzuna eman nahi izan dio eskaera historiko bati, hau da, belar hockeyrako zelai berri bat eraikitzea. Kirol espezialitate horretako Gipuzkoako taldeek, nahiz eta estatuko elitean lehiatu eta titulu garrantzitsuak lortu (Real Sociedad taldea Ligako txapeldun da gaur egun), urteak daramatzate baldintza eskasetan entrenatzen; izan ere, maila goreneko taldeak eta prestakuntzakoak Aieten dagoen zelai bakarrean entrenatzen dute, eta gehienetan espazioa partekatu behar dute, zelai osoa erabiltzeko aukerarik gabe. Akordio horri esker, zelai berri bat egingo da Zubietan, kirol horren beharrei erantzuteko xedez.

 

Denis Itxasok adierazi duenez, «akordio hau ona da Real Sociedad taldearentzat eta baita ere Gipuzkoako kirolarentzat orokorrean. Anoetako eraberritze lanetan parte hartu nahi genuen, eta, halaber, argi geneukan horrek onura ekarri behar ziola Gipuzkoako kirolari, bi hamarkadatan hobekuntzarik izan ez duen federazioen egoitza berrituta; guztira, 43 federazio hartzen ditu eta,  kirol fitxa duten Gipuzkoako 84.000 kirolari. Eta aldi berean, premia handiak zituzten bi kirol espezialitate zainduko dira: atletismoa eta hockeya. Ziur gaude akordio honekin denok izango garela irabazle, batez ere Gipuzkoako kirola».

 

Donostiako alkate Eneko Goiak poza agertu du Aldundiarekin hitzarmena sinatu delako, izan ere “Anoetako Estadioaren birmoldaketa oso obra konplexua da eta hitzarmen hau, hain zuzen ere, obra konplexu horren finantzaketaren eskema osatzeko falta genuen pieza jartzera dator”. Goiak honako hau azpimarratu du, baita ere “estadioa berritzeak, bestalde, onurak izango ditu kirol arloko eragile askorentzat ere: hainbat kirol diziplinatako federazio eta klubentzat eta, zehazki, atletismoarentzat eta hockeyarentzat”. Udalak eta Donostia Kirola-k bultzatuko dituzten instalazio berriei esker –hockey zelaia eta miniestadioa hurrenez hurren– “arrazoizko epe batean gune eta instalazio hobeak izango ditugu kirol modalitate horietan aritzeko, hau da, erabiltzaile nagusi diren kluben mailak merezi duen moduko instalazioak izango ditugu”. Alkateak aditzera eman duenez,  Anoetako Estadioaren birmoldaketa “legealdi honetako obra nagusietako bat da, eta oztopo asko gaindituz eta atxikimenduak irabaziz egin da”, eta hau azpimarratzen amaitu du: “behin obrak amaituta, dagoeneko 25 urte zituzten eta berritu beharrean zeuden kirol instalazio batzuk erabili ahal izango ditugu donostiarrok eta gipuzkoarrok”.

  

1368