Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kirolaren komunitateak begi onez ikusten du kirolerako eta ikuskizunetarako erabilera anitzeko ekipamendu bat

Kirolaren komunitateak begi onez ikusten du kirolerako eta ikuskizunetarako erabilera anitzeko ekipamendu bat

Gipuzkoako kirol eta kultur eragileen parte-hartzearekin egin den txosten baten emaitzak aurkeztu ditu Aldundiak. Kontsultatu diren eragileen % 100 ados daude Anoeta inguruan erabilera anitzeko espazio baten beharra dagoela.

2019/04/04

Denis Itxasok, lehenengo diputatu nagusiordeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen azterketa baten emaitzak aurkeztu dizkie Gipuzkoako eliteko klubei, erabilera anitzeko pabiloi baten erabiltzaile potentzialak diren heinean. Azterketa horretan hainbat gai jorratu dira, hala nola ekitaldi eta ikuskizunetarako ere erabili ahal izango litzakeen erabilera anitzeko kirol espazio bat edukitzeak izan dezakeen interesa, espazio horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriak eta espazio hori eduki ahal izateko dauden aukerak.  Emaitzak aurkezteko, bilera bat egin da foru jauregian, eta bertan izan dira planteatutakoa bezalako espazioetan jokatzen duten Donostiako kirol klub profesional nagusietako ordezkariak, besteak beste Gipuzkoa Basket, Bera Bera -bai eskubaloia, bai saskibaloi egokitua- eta IDK Gipuzkoa, eta baita Gimnasia Erritmikoko Gipuzkoako Federazioa eta CD Bidasoa Irun ere -azterketan parte hartu dutenak guztiak ere-, nahiz ekitaldi eta ikuskizunen sustatzaile gipuzkoarrak, hala nola Get In eta Ginmusica.

 

Itxaso: “Ondo dago kirol garaipenez harro sentitzea eta baita ere goi mailako musika ekitaldiak Gipuzkoara bueltatu daitezen nahi izatea, baina ezin dugu beste aldera begiratzen jarraitu. Oso argi dago azpiegituren aldetik gabeziak daudela, eta mahaigaineratzen ari gerana da erabilera anitzeko pabilioi baten beharra, gure inguruan dauden hiriak, Iruña edo Bilbok, dutenaren parekoa. Kirol eta kultur agenteekin egindako kontrastean oso modu argian agertzen da, espazio anitza, bertsatila, modulablea eta ongi konektatuta behar dugula. XXI.mendeko espazio bat, erakutsi dugun kapazidade organizatiboaren neurrira”.

 

Aurkeztu den azterketaren helburuak dira Donostian erabilera anitzeko ekipamendu baten erabiltzaile potentzialen interesa ebaluatzea, instalazio horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriak eta baldintzak identifikatzea, eta egon litezkeen aukeren egokitasuna aztertzea. Azterketa egiteko beharrezko informazioa biltzeko galdetegi bat diseinatu da, eta galdetegi hori bete dute azterketan parte hartu duten klubek.

 

Hainbat faktore hartu dira kontuan, hala nola kokapena eta ingurunea, ekipamendura iritsi ahal izateko garraiobideak, sarbideak eta mugikortasun murriztua dutenentzako irisgarritasuna. Aparkatzeko aukerak, aforoa eta ekipamenduaren modulagarritasuna, pistaren tamaina, klimatizazioa, akustika, megafonia, argiztapena, beroketetako espazioa eta aldagelak bezalako faktoreak ere hartu dira kontuan.

 

Aurrez aurreko elkarrizketak egin dira erabilera anitzeko espazioaren erabiltzaile potentzialekin, haien premia nagusiak identifikatzeko, eta, gainera, online galdetegiak erabili dira 17 kirol federaziorekin. Horiek horrela, azterketatik ondorioztatzen da egun erabiltzen diren instalazioetatik bakar batek ere ez dituela asetzen inkestatuen beharrak, ez Gascak, ez Illunbek -horiek baitira nagusiak aforoari dagokionez, eta ezta hiriko gainerakoek ere. Instalazio gehienak eskasak dira klubek dituzten beharrei dagokienez, eta bi dira okerren baloratutako alderdiak: entrenatzeko eta berotzeko espazioa eta aforoa. Aldiz, mugikortasuna eta argiztapena dira ongien baloratutako alderdiak.

 

Galdetegiari erantzun diotenen % 100ek begi onez ikusten dute erabilera anitzeko pabiloi bat, izan eraikuntza berrikoa, izan egungo instalazio bat egokituta. Klubek diote erabilera anitzeko espazioa astero erabiliko luketela, bai entrenatzeko, bai jokatzeko ere, eta kultur arloko enpresek, berriz, noizean behin erabiliko lukete.

 

Aforoari dagokionez, kirol kluben ustez 1.500 eta 5.000 pertsona artean hartu ditzakeen espazio bat behar da; aldiz, kultur enpresek gogorarazi dute Donostian ez dagoela 1.800 lagun (Kursaal) baino gehiago har ditzakeen espaziorik kontzertuak emateko akustika egokiarekin. Kirol ekitaldietarako eskatzen den aforo maximoa 5.000 pertsonakoa den bitartean -1.500, 3.000 eta 5.000 pertsonako aforora modulatzeko aukerarekin-, maximo hori 10.000 pertsonara iritsiko litzake kontzertuetarako.

 

Kokapenari dagokionez, oro har uste da Anoeta ingurua dela lekurik egokiena, bai komunikazio egokiak dituelako, bai kirol ekipamendu osagarriak bertan kontzentratzen direlako.

 

Proiektuak aurrera egingo balu, horrelako ekipamendu baten azterketa xehatua ezingo litzake era isolatuan egin; azterketa hori Gipuzkoan eta, batez ere, Anoeta inguruan jada badiren instalazioekin batera egin beharko litzake. Era berean, azterketa hori egiteko hausnarketa bat ere egin behar da, eta hausnarketa horrek bere baitan hartu behar ditu:

 

-Instalazio bakoitzaren erabilerak definituko dituen eta haien errentagarritasun sozial eta ekonomikoa kontuan hartuko dituen kirol politika bat.

 

-Hiriari eta lurraldeari begirako helburuen definizioa, erabilera anitzeko ekipamenduaren xedeak eta jarduerak gidatuko dituena.

 

-Ekipamenduan hainbat pista egoteko aukera, entrenamendu jarduerak optimizatzeko eta kirol diziplina bakoitzaren arauzko neurrietara egokitu ahal izateko.

 

-Beroketetarako prestatutako espazio bat edukitzeko aukera, pisten benetako erabilera denborak optimizatu ahal izateko.

 

-Eliteko kirol taldeen egoitza izateko aukera, entrenamenduetarako eta ohiko lehiaketetarako.

 

-Estatu mailako eta/edo nazioarteko kirol ekitaldiak hartzeko aukera, bai talde gipuzkoarrek parte hartzen badute, bai Gipuzkoako kirol federazioek antolatzen badituzte.

 

            -Kultur ekitaldiak egiteko aukera. Donostia beti izan da geraleku garrantzitsua Estatuko nahiz nazioarteko artisten biretan, eta kontzertu handiak egin dira bertan.
  

1579