Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Klima aldaketaren inpaktuek 270 milioi euroko kostu ekonomikoa eragin dute Gipuzkoan

Klima aldaketaren inpaktuek 270 milioi euroko kostu ekonomikoa eragin dute Gipuzkoan

Errepideak eta elektrizitatea izango dira klima aldaketak Gipuzkoan izango dituen ondorioekiko azpiegitura kritikoenak. Euriaren ondoriozko uholde arriskuek batez ere errepide sareari egingo diete kalte eta tenperatura maximoek alterazio elektriko handiak ekarriko dituzte. Bi gertaerek herritarren segurtasunari eta ongizate sozial eta ekonomikoari eragingo die. Uholdeek, itsasoaren erasoek eta haizete handiek 270 milioi euroko kostua eragin dute Gipuzkoan 1994-2020 bitartean, eta uholdeak dira lurraldearen arrisku natural nagusia, hau da, kostu osoaren % 80.

2022/07/21
Foto Klima aldaketaren...

Lurraldearen batez besteko tenperatura hazten ari da joan den mendearen erdialdetik, azken 50 urteetan 1,2 ºC igo da tenperatura eta azken hiru hamarkada hauetatik azkena izan da beroena.  Bizkaiko Golkoko itsas maila 2,5 cm hazi da hamarkada bakoitzean.

José Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua:

“Jasaten ari garen bero-boladek berresten dute klima-aldaketa hemen dagoela eta gure ingurumenean eta pertsonen osasunean, ekonomian eta gure ongizatean ondorioak dituela.” 

«Azpiegitura kritikoek bermatzen dute gizartearentzat funtsezkoak diren zerbitzuek behar bezala funtzionatuko dutela, hala nola osasunak, segurtasunak, ekonomiak edo hezkuntzak; eta klima aldaketak horietan izan dezakeen eragina ezagutu behar dugu, hartara, egokitzeko, gure lurraldearen erresilientzia maximizatzeko eta gure gizartearen ongizatea bermatzeko»

 «Datuek erakusten digutenez, hamarraldi erabakigarrian gaude anbizio klimatikoa areagotzeko, eta orain da unea arintze eta egokitzapen politikak gauzatzeko, egungo proiekzioak baino agertoki atseginagoa lortzeko».

Jose Ignacio Asensiok eta David Zabala Naturklimako zuzendariak Naturklima Fundazioak egindako hirugarren txostena aurkeztu dute (Klima aldaketak Gipuzkoan duen inpaktuari eta eragiten duen kalteberatasunari buruzko txostena–Azpiegitura Kritikoak). Txosten horretan, batetik, klima adierazleak eta klima aldaketak Gipuzkoan dituen ondorioak aztertzen dira, eta, bestetik, mende honetan gure lurraldeko azpiegitura kritikoetan izan dezakeen eragina. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak gure azpiegitura kritikoen kalteberatasuna aztertzearen balioa azpimarratu du. Izan ere, «azpiegitura horiek bermatzen dute gizartearentzat funtsezkoak diren zerbitzuek behar bezala funtzionatuko dutela, hala nola osasunak, segurtasunak, ekonomiak edo hezkuntzak; eta klima aldaketak horietan izan dezakeen eragina ezagutu behar dugu, hartara, egokitzeko, gure lurraldearen erresilientzia maximizatzeko eta gure gizartearen ongizatea bermatzeko».

Adierazle klimatikoak

Gipuzkoako adierazle klimatikoei buruzko txostenaren emaitzen arabera, urteko batez besteko tenperaturak gora egin du etengabe azken 50 urteetan, eta azken hamarkada 1981etik 2010era bitarteko erreferentziazko aldia baino gradu erdi bat beroagoa izan da. Gainera, mende honetako hamar urte beroenetatik zazpi azken hamarkadan erregistratu dira.

Beroa izateaz gain, azken hamarkada bereziki hezea izan da. Datuen arabera, metatutako prezipitazioak % 2,3 igo dira 1981 eta 2010 erreferentzia aldiekin alderatuta.  Azken hiru hamarkadetan itsas mailaren igoera areagotu egin da, aurreko mendeko datuekin alderatuta. Zehazki, 90eko hamarkadaz geroztik, Bizkaiko Golkoko itsasertzeko itsas maila 2,5 cm igotzen ari da hamarkada bakoitzeko.

Gaur egungo argazkia oinarri hartuta, mendea amaitu bitarteko urteetarako egin diren proiekzioek etorkizunak ekarriko digunaren arrasto batzuk ematen dizkigute, baldin eta berotze globala geldiarazteko gai ez bagara. Agertokirik ezkorrenean, urteko batez besteko tenperaturak gora egingo luke eta igoera 2,8-3,8 gradu zentigradu artekoa izan daiteke 2100. urtean; izozte egunen kopurua, berriz, jaitsi egingo litzateke. Gure kostaldean itsas maila igotzeari dagokionez, proiekzioek adierazten dute 50 eta 70 cm artean igo daitekeela aldi horretan.

Gertaera klimatologiko nagusiak

Naturklimaren txostenak 1994tik azpiegitura kritikoetan eragina izan duten gertaera klimatologiko nagusiak aztertu ditu. Txostenaren arabera, gertaera nagusiak uholdeak, itsas erasoak eta ekaitz ziklonikoak edo haize bortitzak izan dira. Esate baterako, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren datuetan oinarrituta egin diren kalkuluen arabera, uholdeen, itsas erasoaldien eta ezohiko ekaitz ziklonikoen ondorioz 1994. urteaz geroztik 270 milioi euro ordaindu dira kalte ordainetan.

Historikoki, uholdeak izan dira lurraldearen arrisku natural nagusia, hau da, kostu osoaren % 78. Hala ere, azken urteetan uholdeek eragindako kalteak murriztu egin dira, ziurrenik horretarako bereziki egin diren lanen ondorioz. Bestalde, itsas erasoek eragiten dute gertaera bakoitzeko kalte gehien, gertaera bakoitzeko 22.000 euro inguru. 

Ekaitz zikloniko atipikoak dira espediente gehien sortu dituzten ezohiko gertaerak (% 57,6) Hala ere, kostuei dagokienez, kalte ordainen % 10,2 baino ez dira 1994tik.

Azpiegitura kritikoen gaineko inpaktu nagusiak

Azken hamar urteetan errepide bidezko garraioak izan ditu kalterik handienak, izozte, elurte, uholde, euri jasa edo lerradurengatik zirkulazioan izandako mozketen ondorioz. Aurreikuspenen arabera, muturreko gertaera horien maiztasuna eta intentsitatea areagotu egingo dira klima aldaketaren ondorioz, eta, errepide sareari ez ezik, gainerako azpiegitura kritikoei ere eragingo diete.

Inpaktu ugari izan dituen beste sektore bat elektrizitatea da: haize ekaitz gogorren ondorioz mozketak gertatzen dira eta jendea argindarrik gabe gelditzen da, edo uholdeek transformadore elektrikoak erasaten dituzte eta elektrizitate horniduran gorabeherak eragiten dituzte.

Klima aldaketak ez du eragin handirik izan ikastetxeetan eta osasun etxeetan.  Bestalde, nabarmendu behar da horrelako muturreko egoera klimatologikoak gertatzen direnean, larrialdi zerbitzu guztiak herritarrei laguntzeko martxan jartzen direla eta beren esku dagoen guztia egiten dutela; beraz, "Herritarren Segurtasuna" azpisektoreak izan du azken hamar urteetan inpaktu mailarik handiena. 

Etorkizuneko proiekzioak

Ondorio nagusien artean, txostenak honako hau adierazten du: euriak errepide sarean eragindako uholde arriskua eta gehieneko tenperaturen igoeraren ondorioz alterazio elektriko handiak gertatzeko arriskua dira klima aldaketak Gipuzkoako azpiegituretan eragin ditzakeen inpaktu nagusiak, eta kalte zuzenak eta zeharkakoak eragin ditzakete herritarren segurtasun eta ongizate sozial eta ekonomikoan.

Errepide sarearen gaineko uholdeei dagokienez, arriskua lurraldeko errepide nagusietan dago, hainbat arrazoirengatik sentikorragoak baitira: trafiko handiagoa dago, abiadura handiagoan doa eta tarteak luzeagoak dira; beraz, ur putzuak eta zirkulazioa moteldu eta kalteak sortzeko arriskua nabarmen handitzen da.       Azterlanaren emaitzek adierazten dute arriskua handitu egingo dela datozen hamarkadetan.

Tenperatura maximoek linea elektrikoen garraio ahalmenean duten arriskuari dagokionez, eta mendeak aurrera egin ahala tenperaturak igotzen jarraituko duela kontuan hartuta, azken 30 urteetako egoera larriagotu egin daiteke, batez ere tentsio handieneko lineetan (Debagoiena eta Donostialdea).

Bestalde, azpiestazio elektrikoetan ibai uholdeak izateko arriskua, oro har, txikia da gure lurraldean, baina garrantzitsua da azpimarratzea horietako bik arrisku maila oso handia dutela, hain zuzen ere, Urola eta Oria ibaien arroetan kokatutakoek, eta Deba ibaiaren arroan daudenek, arrisku handia dutela. Gainera, klima aldaketa dela eta, arrisku maila handitu egingo dela aurreikusten da.

  

650