Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

KMK-k astelehenean berrekingo dio mailegu zerbitzuari

Foto KMK-k astelehenean berrekingo dio mailegu zerbitzuari

KMK-k astelehenean berrekingo dio mailegu zerbitzuari

• Harkaitz Millan Kultura diputatua: «Poliki joan nahi dugu erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, hori dugu lehentasun».

KMK-k astelehenean berrekingo dio mailegu zerbitzuari
  • KMK-k astebete egin du irekita, eta positiboa izan da balantzea: 500 erabiltzaile gerturatu dira KMKra maileguan zeuzkaten 2.000 liburu itzultzera.
  • Foru museoak ekainaren 2an irekiko dira, eta aire zabaleko jarduerak eskainiko dituzte, edukiera erdira murriztuta, eta bisitaldiak nahieran.

KMK-k astebete egin du irekita higiene, osasun, zirkulazio eta komunikazio neurriak hartuta Irekiera Plan Integrala abiarazi zenetik, eta normaltasuna izan da nagusi.  Helburua zentroa ingurune segurua eta konfiantzazkoa izan dadin bermatzea da, erabiltzaileen eta langileen osasuna babesteko. Joan den astelehenean ireki zutenetik ostegunera arte, 500 erabiltzaile inguruk erabili dute zerbitzua, eta 2.000 liburu inguru itzuli dituzte.

Harkaitz Millan Kultura diputatuak positibotzat jo du KMKren irekiera: «Aurrez aurreko kulturara itzultzea albiste ona da», baina zuhurrak izatearen beharra azpimarratu du, eta pazientzia izateko eskatu. «Logikoa da kulturan ere normaltasuna berreskuratzeko gogoa izatea, baina osasunak du lehentasuna», esan du Millanek.

Erabiltzaileek izan dituzten zalantza nagusiak maileguei eta zerbitzuak martxan jartzeari buruzkoak izan dira. Hemerotekaren inguruko informazioa eskatu dute, batez ere.  Hain justu, paperezko prentsa irakurtzeko zerbitzua da berreskuratzen zailenetariko bat, higiene arrazoiak tarteko eta erabiltzaileetako asko arrisku taldeetakoak direlako, adinekoak nagusiki.

Lehen aste hau, hurbildutako herritarren fluxuak eta egindako mugimendu motak erreferentziatzat hartuta, zentroak hurrengo irekiera-faseak prestatzen ari da, baldintza guztiak kontuan hartuta. Arreta berezia jartzen ari gara sarrerako eta irteerako ibilbideak definitzen eta horiek KMKra bertaratzen diren erabiltzaile fluxuen mugimendu naturalera egokitzen. Millanek zerbitzu teknikoek egindako lan handia goraipatu du, eta lasaitasuna helarazi du zentroak edukiera, distantzia eta higiene neurri guztiak kontuan hartzen dituen plan bat duelako, irekitzea pixkanaka eta faseka egin dadin: «Poliki joan nahi dugu erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko, hori da gure lehentasuna», esan du Millanek.

Ekainaren 1etik aurrera, mailegu zerbitzua erabili ahal izango da aurrez erreserbatuta; erreserba katalogoaren bidez, telefonoz (943 112 793) edo aurrez aurre egin daiteke. Liburutegian bertan ere erreserbatu ahal izango dira dokumentuak, sarrerako informazio mahaian.

Ekainaren 15etik aurrera, ohiko mailegu zerbitzuari berrekingo zaio, eta apalategiak erabili ahal izango dira, edukiera mugatuarekin eta zirkulazio jakin batekin. Gaur egungo erakusketa aretoan egingo diren kultur jardueren programazioa ere abiaraziko da.

KMko zerbitzuak erabiltzeko protokoloari buruzko informazio zehatza lortu nahi dutenek hemen kontsulta dezakete: http://www.kmliburutegia.eus/?lng=es#  

Foru museoen irekiera - Piztu Museoa

Euskal Itsas Museoa, Igartubeiti Baserria eta Zumalakarregi Museoa ekainaren 2an irekiko dira berriro, programa berrituta, publikoak segurtasun osoz goza dezan haien eskaintzaz.  Nola museoak hala bisitaldien eta jardueren formatuak COVID-19ari aurre egiteko segurtasun irizpideetara eta prebentzio neurrietara egokitu dira.

Kultura suspertzeko planaren barruan (Piztu Kultura) Piztu Museoa hainbat publiko motari egokitutako jarduera programa bat da, eta 3. fasean berrekingo zaio. Aire zabaleko jarduerak eskainiko dira, formatu murriztuan, eta bisitaldiak nahieran. Ibilaldi gidatuak egingo dira museoen inguruan, baita pista-jokoak eta ginkanak ere;  banaka egin ahal izango dira eta horietarako gidak museoan jaso ahal izango dira. Bestalde, museoaren barnean Mikromuseoak ekimena proposatzen da: istorio handiak hitz gutxitan, talde txikitan eta formatu murriztuan gozatzeko aukera emango duten topaketak.

Segurtasun neurriak

Museoek hainbat neurri hartu dituzte, besteak beste, edukiera erdira murriztea, instalazioak maiz higienizatzea eta desinfektatzea, pertsonen artean bi metroko distantzia bermatzeko ibilbideak markatzea, leihatilan metakrilatozko panelak jartzea, eta hainbat gunetan gel hidroalkoholikoak eskura jartzea. Orobat, entzungailuak eta bestelako elementu ukigarri guztiak erretiratu dira, eta QR kodeengatik ordeztu, informazioa norberaren gailu mugikorretan deskargatu ahal izateko.

Horrez gain, museoek elementu grafikoak jarri dituzte sarreran eta eremu komunetan, bisitaldian errespetatu beharreko araudia gogorarazteko: maskara erabiltzea eta pertsonen arteko bi metroko distantzia mantentzea kasu.

EUSKAL ITSAS MUSEOA

Euskal Itsas Museoak ordutegi zabalagoa eskainiko du, eta etenik gabe irekiko da 10:00etatik 19:00etara. Donostiako kaian kokatutako museoak «Elkano. Lehenengo Mundu Bira» erakusketa eskaintzen jarraituko du, doan.

Mikromuseoen eskaintzaren barruan, 15 minutuko topaketak egingo dira, eta bertan aldi baterako erakusketari buruzko istorio harrigarriak ezagutzeko aukera izango da, gehienez ere zortzi laguneko taldeetan.

Bestalde, ibilaldi horietan, bisitariek aukera izango dute museoko lantaldeak gidatuko dituen ibilaldi kontatuetan Jarana izenez ezaguna den Donostiako portuko sekretuak esploratzeko.

IGARTUBEITI BASERRI MUSEOA

Igartubeiti Baserri Museoak aldi baterako erakusketa batekin ekingo dio denboraldiari: Emakume Sagardogileak. XVI. eta XVIII. mendeen artean emakume sagardogileek izan zuten betekizun garrantzitsua aztertzen da bertan.  Erakusketa honen osagarri, emakumeek gaur egun sagardoaren munduan duten rola erakutsiko da online formatuan, astez aste, museoaren web orrian.

Gainera, Igartubeiti baserriaren inguruan Areago soinu ibilaldiak ere eskainiko dira; euskarazko ibilbide honetan, bisitariak fikzioaren bidez ezagutuko du Igartubeiti Baserria, Maialen Lujanbio bertsolariaren eta Arantza Iturbe kazetariaren kontakizunek gidatuko bisitaldi batean.

ZUMALAKARREGI MUSEOA

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak «Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat» aldi baterako erakusketa eskainiko du aurrerantzean ere.

Erakusketa hori Mikromuseoen eskaintzaren barruan ikusi ahal izango da, talde txikitan, erakusketaren komisario Mikel Alberdik dinamizatutako bisitaldietan. Iraganera begira –XIX. mendeko euskal emigrazioari lotutako gertakari bat oinarri hartuta–, gaur egungo migrazio fenomenoei buruz hausnartzea du helburua.