Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea KMK-k ateak irekiko ditu berriro

KMK-k ateak irekiko ditu berriro

KMK liburutegiak ateak irekiko ditu berriro, eta pixkanaka berrekingo die itxitakoan etenda geratu ziren zerbitzuei. Osasun larrialdiak sortu duen egoera honetan, hainbat higiene eta segurtasun neurri hartu dira, bai eta egutegi mailakatu bat zehaztu ere.

2020/05/22

Harkaitz Millan Kultura diputatua: «Jarduketa plan integral bat definitu da osasun eta higiene, zirkulazio eta komunikazio neurri guztiekin, erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko, eta zentroa leku seguru bat eta konfiantzazko espazio bat izan dadin berriro ere».

Berrogeialdian KMK-ren jarduera nagusia sare sozialen eta Interneten bidez zerbitzu digitalak eskaintzea izan da; orain, ordea, jarduketa protokolo integral bat prestatu da berriro ere ateak ireki ahal izateko.

Higiene neurriei dagokienez, ireki aurretik, KMK-ko instalazio eta baliabideetan sakon desinfektatu eta garbitu dira aretoak, altzariak eta gainazalak, osasun arloko agintariek emandako gomendioei jarraikiz.  Ateak irekitakoan, zentroa egunean hainbat aldiz garbituko da, eta berrogeialdian mailegatuta egon diren materialak desinfektatu egingo dira. Itzulitako materialak berrogeialdian jarriko dira apalategietara itzuli aurretik.

Beste jarduketa batzuk ere aurreikusi dira, hala nola langileen babes pertsonala zaintzea, sarreretan gel hidroalkoholikoak jartzea, osasun informazioari buruzko kartelak jartzea, sarbidea mugatzea eta edukiera zehaztea.

Irekitzeko egutegiari dagokionez, datorren astelehenean, maiatzak 25 dituela, maileguak itzultzeko aukera irekiko da. Hallean espazio bat egokituko da horretarako.Liburutegiaren ohiko ordutegian egongo da irekita: astelehenetik ostiralera 8:30etik 20:30era eta larunbatetan 8:30etik 14:00etara.

Ekainaren 1etik aurrera, itzulketa zerbitzuaz gainera, mailegu zerbitzuari berrekingo zaio, bi fasetan:

Ekainaren 1etik 13ra

Maileguak aurrez erreserbatuta egingo dira soilik, katalogoaren bitartez, telefonoz edo aurrez aurre. Telefono bidez erreserbatzeko, telefono hau izango da eskura: 943 112 793. Liburutegian bertan ere erreserbatu ahal izango dira dokumentuak, sarrerako informazio mahaian.Modu batera zein bestera, dokumentuen erreserba prestatutakoan, SMS bidez jakinaraziko zaio erabiltzaileari eskaera prest duela. SMSa jasotzen duen unetik, 72 orduan jaso beharko dira eskatutako dokumentuak.

Ekainaren 15etik aurrera

Ohiko mailegu zerbitzuari berrekingo zaio, eta apalategiak erabili ahal izango dira, nahiz eta jende kopurua eta zirkulazioa mugatuko diren.

Kultur jardueren programazioa ere abiaraziko da, eta gaur egungo erakusketa aretoan egingo dira. Areto horrek funtzio bikoitza izango du: Alde batetik, erakusketak hartuko ditu, eta, bestetik, hitzaldiak, biltzarrak eta abar hartzeko lekua eskainiko du (oraingoz jarduera aretoa ordezkatuko du).

Ekainaren bukaeran beste zenbait zerbitzu martxan jartzea aztertuko da, betiere egoeraren eboluzioaren arabera eta osasun arloko agintarien jarraibideak errespetatuz. Dagokionean emango dugu guztiaren berri.

 

 

  

1422