Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hemen dugu berriro Komikilabea, eztabaida eta entretenimendua uztartzen dituen programa zabalarekin

Hemen dugu berriro Komikilabea, eztabaida eta entretenimendua uztartzen dituen programa zabalarekin

Errefuxiatuen egoera, generoa eta umorearen mugak landuko dira.

Hitzaldi, solasaldi, tailer eta erakusketen bitartez, errefuxiatuen egoera, generoa eta umorearen mugak landuko dira, beste gai batzuen artean. 

Ekitaldiak aisialdirako uneak ere izango ditu: afari japoniar bat, ibilbide bat komikiaren ikuspegitik Donostian interesagarriak diren tokietan barrena, eta festa bat zuzeneko musika eta sorkuntzarekin.

Komikilabearen bigarren edizioa egingo da azaroaren 8tik 13ra, eta prestatu den programaren bitartez, pultsua hartu nahi zaio komikiaren eta nobela grafikoaren egoerari. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatuta, eta Tabakalera, Donostia Kultura (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Literaktum, Intxaurrondo Kultur Etxea) eta Kutxa Kultur-en laguntzarekin, programak hainbat jarduera hartuko ditu: aurkezpenak, tailerrak, proiekzioak, hitzaldiak, erakusketak, PechaKucha formatuko mahai ingurua, eta baita ere jarduera gastronomiko bat. Bederatzigarren artea deitzen zaionaren bi ikuspegi esploratu nahi dira: bata, fikziotik gertu dagoena, batez ere genero fantastikotik, eta, bestea, errealitatea eta ez-fikzioarekin harreman gehiago duena, pentsamendu kritikoarekin eta beste formatu batzuekin -saiakera eta kazetaritza- lotura dituena.

Darío Adanti, Mai Egurza, Mauro Entrialgo, Sarah Glidden, Conxita Herrero, Mamen Moreu, Roger Mainwood eta Sara Morantek parte hartuko dute, beste hainbat egileren artean, mota guztietako jendearentzat pentsatutako jardueretan.

Eztabaida eta hausnarketarako programa

Zer da kazetaritza? Nola transmititzen dira istorioak? Nola nahasten dira memoria eta egia? Zergatik deformatzen da errealitatea? Horiek dira Sarah Glidden marrazkilari estatubatuarrak proposatzen dituen gai nagusienetako batzuk. Ez-fikzioari lotutako ahots berezienetako bat da gaur egun Sarah Glidden, eta azaroaren 10ean, ostirala, bere azken lana, Oscuridades programadas (Salamandra Graphic, 2016), aurkeztuko du Komikigunean arratsaldeko 19:00etan.  Nobela grafiko horretan, Glidden-ek, bi lagun erreportari eta marine ohi bat lagun dituela, Turkia, Siria eta Irak  bisitatzen ditu,  gerrak Ekialde Hurbilean, orokorrean, eta errefuxiatuengan, bereziki, izan duen eragina adierazteko istorioen bila.  

Eztabaidarako beste gai bat ere aurkeztuko da: umorearen mugak. Noizean behin agertzen den gaia da, gero eta arriskutsuagoak diren sute berriak pizten dituena, eta, itzali beharrean, politikoki zuzena den diskurtsoaren garai honetan eta fanatismo jakin batzuen gorakadari  esker, indar bereziarekin eta ustekabeko ondorioekin zabaltzen direnak. Mugarik ba al du umoreak? Eta erantzuna baiezkoa baldin bada, zeintzuk dira, zeinek zehazten ditu eta zer helbururekin? Hori izango da azaroaren 11n, larunbata, goizeko 12:00etan,  PechaKucha formatuko mahai inguruan eztabaidatuko den gaia, eta bertan izango dira Darío Adanti, Elizabeth Casillas, Mauro Entrialgo, Mamen Moreu eta Mikel Pagadizabal. Bertara gerturatutakoen partaidetzara irekitako mahaia inguruari hasiera eman aurretik, parte hartzaile bakoitzak 6 minutu inguru izango ditu, 20 bineta erabilita, gai desberdinei buruzko bere jarrera azaltzeko, besteak beste, umorearen definizioa, bilakaera, zentsura eta autozentsura, eta emakume sortzaileei, emakumeak izateagatik soilik, ezarritako mugak.

Beste ildo batean, Literaktum jaialdiaren sarrera gisa, Jorge Carrión idazleak Sara Morante eta Javier Olivares literatura-marrazkilari ospetsuak gonbidatuko ditu hausnarketa egitera literatura, ilustrazio eta komikien arteko harreman aberats eta konplexuen inguruan; solasaldi hori azaroaren 13an, astelehena, egingo da Komikigunean, arratsaldeko 19:30ean. Halaber, Intxaurrondo Kultur Etxeak solasaldi bat proposatzen du Marjana Satrapi-ren Persepolis liburu klasikoaren inguruan, Igor Leturiaren partaidetzarekin.

Aisialdirako programa

Komikilabea abian jarriko da ofizialki azaroaren 9an, osteguna, Komikigunean; izan ere, gune horretan, arratsaldeko 19:00etan, hasiera emango zaio "Euskal Komikia Donostian” ibilbideari, Donostia euskaraz sortutako komikiaren hiriburu dela erakusteko xedez. Ibilbide bat egingo da hirian zehar, euskal komikiarekin zerikusia duten kaleetan geldialdia eginda (Txistu, Poxpolin, Pan-Pin, Habeko Mik, Ipurbeltz, Xabiroi…), non Mikel Begoña ikertzaileak zeremonia-maisu lanak egingo dituen, Unai Gaztelumendi bertsolariaren eta Ainara Azpiazu “Axpi” eta Joseba Larratxe “Josevisky” margolarien laguntzarekin; azken horiek ilustrazioak egingo dituzten zuzenean aipatu toki horietan. Komikigunean bertan amaituko da ibilbide hori.

El gourmet solitario (Astiberri) orain gutxi hil zen Jiro Taniguchi (1947-2017) egilearena; Oishinbo, komiki japoniarraren (manga) historian gehien saldutako bildumetako bat; eta argitaratu berri den Mibu-El Bulli (Norma), titulu horiek guztiek erakusten digute sukaldaritzaren eta mangaren artean dagoen lotura, eta japoniarrek beraien gastronomiarekiko duten mirespena. Mirespen horrek hedapen ikaragarria izan du, baita gure artean ere. Ramen, udon, sushi, yakisoba, tonkatsu, sashimi eta sake ez dira gaur egun hitz exotikoak, ohiko “osagai” bihurtu baitira ez bakarrik jatetxe espezializatuetan, baita gastronomia pizgarri hori beraien sukaldeko eskaintzan sartu duten mota guztietako establezimenduetan ere.

Kanpai! ekimenarekin Komikilabeak keinu bat egin nahi dio kultura horri eta, halaber, omenaldi bat eskaini nahi dio Jiro Taniguchi-ri. Horretarako, Donostiako jatetxe japoniar ospetsuenetako sukaldariek afari bat prestatuko dute Basque Culinary Center zentroko ikasleen laguntzarekin; ekitaldi hori azaroaren 10ean, ostirala, egingo da 21:00etan, Gastronomiazko Euskal Anaiartean (Gastronomika).  Afarian 45 pertsona izango dira gehienez, eta menuak sei plater izango ditu. Sarrerak www.komikilabea.com-en bidez erosi ahal izango dira. Afariaren prezioa 25 euro izango da eta sarrerak azaroaren 2an jarriko dira salgai 10:00etan. 

Hurrengo egunean, azaroak 11 (larunbata), gaueko 21:00etan, “GRRRL! Zirriborro Festa” egingo da Kutxa Kultur Klubean, zehazki, musika eta sorkuntza zuzenean nahasten dituen festa, non osagai nagusienak izango diren nahaste-mahai bat, marrazteko mahai bat, kartoi meheak, errotuladoreak, koloretako pinturak, disko-jartzaile bat, eta bost ilustratzaile eta marrazkilari, pantaila batean beraien lana, zuzenean, proiektatuko dutenak. Eddie Mae-k erritmoa jarriko du, eta Ainara Azpiazu “Axpi”, Mai Egurza, Conxita Herrero eta Mamen Moreu-k festa irudikatu, ilustratu eta margotuko dute.

Jarduera gehiago

Edizio honetan, aldi berean, proiekzioak, tailerrak, solasaldiak eta erakusketak egingo dira, garrantzitsuak baitira Komikilabearen programazioan. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Astea aurreratu egingo da eta hasiera emango zaio urriaren 30ean, arratsaldeko 17:00etan, animaziozko zinemaren maratoi batekin, eta maratoi horretan ikusi ahal izango dira Mutafukaz film luzea, film labur batzuk, eta Run-ek (Guillaume Renard) sortutako komiki arrakastatsu batzuen pantaila handirako egokitzapena, egilea bera zuzendari dela, Shojiro Nishimo zuzendari japoniarren laguntzarekin. Zinemak ere tokia izango du Tabakaleran. Horrela, azaroaren 11an, 19:00etan, Autobahn film laburra eta Ethel and Ernest film luzea emango dira, Roger Mainwood animaziozko zinemaren zuzendari ospetsuak zuzendutakoak (berak aurkeztuko du saioa eta bukaerako solasaldian parte hartuko du); Ethel and Ernest hainbat sari irabazi dituen Raymond Briggs-en nobela grafikoan oinarrituta dago. 

Tabakalera gunean ere, Ubik-ek tailer batzuk antolatu ditu: azaroaren 8an, asteazkena, arratsaldeko 17:30ean,  txikienei zuzendutakoa (6-10 urte), non gorputza izango den komikia egiteko tresna; ostegunean, eskoletako ikasleek (12-16 urte) parte hartuko dute pertsonaiak sortzera bideratutako tailer batean; eta amaitzeko, larunbatean, Conxita Herrero marrazkilari katalanaren eskutik, binetak sortzeko atariko tailer intentsibo bat garatuko da 18 urtetik gorakoentzat. 

Azkenik, hiru erakustaldik osatzen dute Komikilabearen programazioa. Urriaren 18an, Astearen barruan ere, “Euskadi Fantastikoa” erakusketaren hamahirugarren edizioa inauguratuko da, Dolores Redondoren “Zaindari ikusezina" liburuan oinarrituta Ernest Salak sortutako komikia erakusgai hartuta (Liburutegi Nagusia- Alderdi Eder); egun berean, San Jeronimo kaleko udal liburutegiko jarduera aretoan, Ink of Drácula erakusketa inauguratuko da, beldurrezko literatura eta zinemaren pertsonaia ikoniko bati eskainitakoa, non hamasei ilustratzaile aritu diren lanean (Carla Berrocal, Natacha Bustos, Olga de Castro, Sara Bea Delgado, Genie Espinosa, Ana Galvañ, Susanna Martín, Raquel Meyers, Klari Moreno, Mamen Moreu, Mireia Pérez, Miriampersand, Ana Oncina, Ana Belén Rivero, Clara Soriano eta Sandra Uve), eta Borja Crespo zinemagile eta istoriogileak koordinazio lanak egingo dituen (Sitges – Festival Internacional de Cinema Fantàstic de Catalunya-k ekoiztuta); azkenik, Intxaurrondo Kultur Zentroak, azaroaren 9an, arratsaldeko 18:00etan, Gaza Amal: historietas de mujeres valientes en la franja de Gaza komikiari buruzko erakusketa inauguratuko du, Susanna Martín komikiaren egilearen eta UNRWA Euskadi-ko ordezkarien parte hartzearekin.

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiribirutzaren legatuaren zati bat da Komikilabea.

  

1619