Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Komunitatea gara, izan gaitezen komunitate

Foto Komunitatea gara, izan gaitezen komunitate

Komunitatea gara, izan gaitezen komunitate

"Normaltasun berria" deitzen dioten egoera horretara iristeko pausoak ematen hastear gaudenean, lankidetza eta elkartasun dosi handiak beharko ditugu egoera honetatik ateratzeko, Gipuzkoaren eta gure herri osoaren ezaugarri den kohesio soziala ahuldu gabe.

Komunitatea gara, izan gaitezen komunitate

Gure herriak oso une zailak bizi izan ditu iraganean. Horietako batzuk gogoan ditugu oraindik; beste batzuk, aldiz, lausotu egin zaizkigu denboraren poderioz. Badirudi COVID-19aren hedapen orokorrak eragindako egungo krisia hainbat belaunaldiren oroitzapen kolektiboan iltzatuta geldituko dela, gure bizimoduan izan dituen eragin eta ondorio larriak direla eta. Ustekabean eta aurreikusteko modurik gabe iritsi zaigun pandemia honek arrasto sakona utziko du, inolako zalantzarik gabe. Oraindik neurtzeko gai ez garen sakontasunez, utzi ere.

Une hauetan Jose Maria Arizmendiarrietaren hitzak datozkit gogora: "Elkartasuna gure indarrak ugaltzen dituen palanka indartsua da". Honela osatzen zuen esaldia euskal kooperatibismoaren sustatzaileak: “Ondo baino hobeto dakigu bakoitzak bere kasa ezer gutxi egin dezakeela, uneoro ikusten dugu-eta; elkartuz gero, berriz, pertsonak gai dira balentriarik handienak egiteko". Gogoeta horiek bide erakusle dira, inondik ere, bizitzen ari garen une latz honetan.

Euskal gizarteak sarritan jarri du martxan elkartasunaren "palanka".  Gogoan ditut 1983an izan genituen uholde izugarriak. Abuztuaren 27 hartan, Euskadi erdia urpean esnatu zen, goizaldean egindako euri-jasaren ondorioz. Ibaiak beren bidera itzultzean, lokazti ikaragarri baten erdian, herritarrak kalera atera ziren arratsalde hartan bertan, ura ateratzen hasteko, kaleak garbitzeko eta normaltasuna lehenbailehen berreskuratzen saiatzeko. Enpresek eta lantegiek makinak eta tresnak laga zituzten; euskal erakundeek, oraindik eskumen guztiak garatu gabe zituztela, eginahalak egin zituzten egoera bere onera etor zedin, uraren erasorik handiena jasan zuten pertsonei lagunduz.

Gure jaioterrian, Beasainen, oraindik jendea gogoratzen da nola gelditu zen tren bat geltokian trabatuta, barruan bidaiari ugari zituela, aurrera jarraitu ezinik. Nahikoa izan zen Segura Irratiak laguntza dei bat zabaltzea, inguruko etxe eta baserrietako jendea arrautzak eta esnea eramaten hasteko bertan harrapatuta zeuden pertsonentzat. Olaberriko altzairutegiak, orduan Aristrain zenak, jangela utzi zuen bidaiariek gau hartan otordu bero bat har zezaten.

Ia 40 urte geroago, elkartasun espiritu horrek berak, unerik zailenetan nabarmenago ikusten denak, aukera ematen digu COVID-19ak eta pandemiari aurre egiteko deklaratutako konfinamenduak gizarte eta pertsona mailan eragin dituen ondorio larriei hobeto aurre egiteko. Elkartasun hori ikusi da, hain zuzen, azken asteetan Gipuzkoan eta Euskadin, eta gizartearen gehiengoak onartu du, gizalege osoz, etxean geratzea zela modurik onena norbera babesteko eta besteak babesteko. Komunitate sentimendu hori era askotara agertu da leiho, balkoi eta terrazetan, non arratsaldero egin diegun txalo koronabirusaren aurkako borrokan onena ematen ari diren osasun langileei.

Luzea da elkartasun biderkatzaile horregatik eskerrak ematea merezi duten pertsonen zerrenda. Horien artean aipatu behar ditugu beren lanetan birusaren aurkako borrokaren lehen lerroan egon diren erizain, zaintzaile, merkatari, farmazialari eta gainerako profesionalentzako babes maskarak egin dituzten makerrak; mundu guztiak elikagaiak izan ditzan txandak bikoiztu dituzten kutxazainak; denbora errekorrean eskolak urrutitik emateko moldatzen jakin duten irakasleak; I+G+B enpresa eta zentroak, beren jarduna birusaren aurkako babes eta osasun produktuak sortzera bideratu dutenak; egoera berezia dela-eta zergen ordainketa atzeratzeko aukera izanik, ordainketak egitea eta guztion onerako ekarpenak egiten jarraitzea nahiago izan duten enpresak,  ahaztu gabe, noski, Gipuzkoako elkarte sareko, DYAko, Gurutze Gorriko eta herritarren hainbat saretako boluntarioak.

Aparteko aipamena merezi dute adinekoen egoitzak kudeatzen dituzten eta bertan lan egiten duten langileek, aurrekaririk gabeko egoera latz bati aurre egiten baitiote, gaixotasunaren aurrean ahulena den gizataldea ondoan dutela. Egoera honetan, 162 pertsona hil dira gure lurraldean, eta haien senideei babes eta hurbiltasun osoa helarazi nahi nieke hemendik.  Galera horiek, geure sentitzen ditugunak, min handia eragiten badute ere, bidezkoa da onartzea Gipuzkoako sistema sozio-sanitarioak indartsu erantzun diola erronka horri. Orain arte -borroka luzea izango baita- plazen % 90 COVID-19aren erasotik libre uztea lortu dugu, Osakidetzaren, inplikatutako erakunde eta pertsona guztien eta Gizarte Politikako Departamentuko gizarte zerbitzuen lanari esker.

Guztion artean ari gara koronabirusari aurre egiten eta, era berean, guztion artean egin behar diogu aurre krisi sozio-ekonomikoari, inor atzean utzi gabe. Balkoietan erakutsi dugun elkartasuna kaleetara eramateko unea iritsi zaigu. Komunitate sentimendu hori tokian tokiko merkataritzaren, zerbitzuen eta ostalaritzaren aldeko ohitura eta kontsumo bihurtu behar da.

Orain, batzuek "normaltasun berria" deitzen dioten egoera horretara iristeko pausoak ematen hastear gaudenean, ezinbestekoa da guztion konpromiso horri tinko eustea, ez daukat inolako zalantzarik.  Lankidetza eta elkartasun dosi handiak beharko ditugu egoera honetatik ateratzeko, Gipuzkoaren eta gure herri osoaren ezaugarri den kohesio soziala ahuldu gabe.

Lehenik eta behin, oraindik ez dugulako irabazi birusaren aurkako borroka. Krisi sozio-sanitarioak hor dirau. Datozen aste eta hilabeteetan adi jarraitu beharko dugu eta zorrotz bete beharko ditugu osasun agintarien aginduak.

Bigarrenik, gizarte gisa, COVID-19aren osteko errealitateak ekarriko dituen gizarte aldaketetara egokitu beharko dugulako; eta, agian, are larriagoa dena, ondorio sozio-ekonomiko ikaragarriak ikusiko ditugulako. Nahiz eta zaila izan eragin hori zenbaterainokoa izango den jakitea, ondorio negatiboak hemen daude jada, eta datozen asteetan areagotzen jarraituko dute; langabezia tasari eta gizarte prestazioen eskaerei begiratu besterik ez dago.

Osasun, gizarte eta ekonomia arloak hartzen dituen krisi hirukoitz honek erakundeen erantzuna eskatzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko beharrezko egokitzapenak egin ditu gizarte politiketarako eta ekonomia sustatzeko aurrekontuak blindatzeko.  Datozen egunetan, gure lehentasuna izango da jarduera ekonomikoa eta ahalik eta lanpostu gehien babestea, bai eta enplegua galtzen dutenei edo pobreziaren zuloan erortzeko arriskuan daudenei laguntzea ere.

Guztion artean ari gara koronabirusari aurre egiten eta, era berean, guztion artean egin behar diogu aurre krisi sozio-ekonomikoari, inor atzean utzi gabe. Balkoietan erakutsi dugun elkartasuna kaleetara eramateko unea iritsi zaigu. Komunitate sentimendu hori tokian tokiko merkataritzaren, zerbitzuen eta ostalaritzaren aldeko ohitura eta kontsumo bihurtu behar da. Jarrera horrek izan behar du gure jardunaren ezaugarri datozen hilabeteetan, egoera hori lehenbailehen gainditu nahi badugu.

Zygmunt Bauman poloniar soziologoaren liburu ezagunenetako baten izenburuak inoiz baino esanguratsuagoa dirudi gaur egungo testuinguruan:  Community. Seeking Safety in an Insecure World (Komunitatea. Segurtasun bila segurtasunik gabeko mundu batean). Izan ere, inguratzen gaituen errealitatea inoiz baino gupidagabeagoa iruditzen zaigun honetan, komunitate gisa jardunez bakarrik lortuko dugu pertsona guztientzat nahi dugun segurtasuna eta osasuna. Horrela bakarrik defendatu eta mantendu ahal izango dugu, erronka ikaragarri horren aurrean, azken hamarkadetan eraiki dugun herri eredua, ekonomia indartsua eta gizarte kohesionatu, justu eta demokratikoa ezaugarri nagusi dituena.