Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Krisiari aurre egiteko zerga neurrien Foru Dekretu-Arau berria onartu du Aldundiak

Krisiari aurre egiteko zerga neurrien Foru Dekretu-Arau berria onartu du Aldundiak

Neurriak Araba eta Bizkaiko Ogasunekin adostu dira, eta autonomoei eta enpresa txikiei laguntzean jartzen dute azpimarra.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur eman dio argi berdea COVID-19aren krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzeko zerga neurri berriak jasotzen dituen Foru Dekretu-Arauari. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru Ogasunek elkarlanean egin dute araudia, eta Eusko Jaurlaritzarekin partekatua izan da. “Bereziki autonomoei eta enpresa txikiei zuzendutako neurriak dira”, esan du Eider Mendoza bozeramaileak. Batez ere, lau neurri nabarmendu behar dira: autonomoei ordainketa zatikatua salbuetsita uztea, alokairuen jaitsierak sustatzeko pizgarri berriak, TicketBAIri lotutako pizgarri berria eta jarduera ekonomikoari berrekiteko COVID-19arekin erlazionatutako gastuei aurre egiteko kenkari berria.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko. Bertan, gogoratu du duela bi aste adostu zituztela hainbat neurri Euskal Autonomoa Erkidegoko foru Ogasunek, eta gaur onartu dela aldaketa haiei bide ematen dien araudia. “COVID-19 pandemia eragiten ari den krisi ekonomikoari aurre egitea gure lehentasunen artean dago eta, testuinguru honetan, eskura ditugun baliabide eta eskumen guztiekin ari gara eragiten. Gaur onartu duguna, fiskalitatearen arloan egiten ari garen ahaleginaren beste erakusle bat da”, nabarmendu du.

          Lehenengo neurriak jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek ditu jomuga. Honela, 2020 urte osoan bezala, autonomoek salbuetsita izango dute 2021eko urteko bi hiruhilekotan ordainketa zatikatuak egitea. Bigarren neurriak alokairuetan jartzen du azpimarra: pizgarri berriak ezartzen dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergan, COVID-19aren krisiak bereziki kaltetu dituen negozioei alokairua jaisten dioten alokatzaileentzat, esaterako ostalaritza edo merkataritza txikia.

PFEZaren kasuan, jaitsitako zenbateko osoa gastu kengarri bezala hartuko da. Hala ere, alokairua alokatzailearentzako kapitalaren etekina den kasuetan, sarrera nahikoak ez izateagatik kengarri ez den gastuaren zatia kenkari bezala erabiltzeko eskubidea egongo da, eta kenkari hori % 15ekoa izango da. Kenkaria aplikatu ahal izateko kuota nahikorik ez dagoen kasuetarako, hurrengo urteko PFEZan aplikatu ahal izango da. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergan, alokatzaileek hemen ere gastu kengarri bezala izango dute COVID-19 dela eta, jarduera ekonomikoa bereziki kaltetua izan dutenen alokairuaren errentan egindako murrizpenaren zenbateko osoa.

Bestalde, bi baldintza bete beharko dira pizgarriak aplikatu ahal izateko: alde batetik, alokairuaren zenbatekoaren jaitsiera gutxienez 2021 urteko hiru hilabetetan luzatuko da. Eta bestetik, ezingo da egon inongo konpentsaziorik edota denboran aurrerago egindako alokairuko errentaren berreskurapenik, ez etorkizunean alokairuaren errentan egindako igoeren bitartez, ezta bestelako prestazioen edota maizterrak edota hirugarren pertsonek egindako beste edozein motatako kontraprestazioen bitartez ere.

Hirugarren neurria, pasa den astean bozeramailea berak aurreratu zuen da, eta TicketBAIn borondatezko epean funtzionatzen hasten diren zergadunek aplikatu ahal izango duten pizgarri berria eta indartua da. %60ko kenkaria, 5.000 euroko mugarekin, eta PFEZan eta Sozietateen gaineko Zergan ezarriko dena. Kenkariak finantzatzen duen gastua da TicketBAI sistema ezartzeko egin dena (softwarea, ordenagailuak, kutxa erregistratzaileak…). “Helburua, logikoki, zergadunak borondatezko epean TicketBAI erabiltzen hastea sustatzea da”, esan du Mendozak. Baldintza bakarra, azaroak 1a baino lehen, borondatez fakturazioa TicketBAI sistema bitartez egitea. “Kenkariaren intentsitateari erreparatuta (%60), ziurrenik Ogasunak gaur gaurkoz duen kenkaririk indartsuenetakoa izango da. TicketBAIri esker, gure ekonomia digitalizatzeko aurrerapausoa emateaz gain, asko indartuko dugu gure zerga iruzurraren kontrako borroka”, borobildu du.

          Laugarren neurriak, berriz, beste kenkari bat ezartzen du, baita ere PFEZan eta Sozietateetan, COVID-19ak bereziki kaltetu dituen jarduera ekonomikoak berriro ere aktibitatera itzultzen laguntzeko. “Hemen ere, autonomoei eta enpresa txikiei laguntzea dugu helburu”, esan du Mendozak. %10eko kenkaria da, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako gastuengatik, eta gehienez, 5.000 eurora arteko inbertsioak lagunduko dira. “Ze motatako gastuak? COVID-19 pandemiara egokitzeko egindako gastuak: edukierak kontrolatzeko inbertsioak, COVID-19aren transmisioa saihesteko neurriak (esaterako, manparen erosketa), zerbitzuak emateko bitartekoak berritzea (esaterako, erreserbak egiteko softwareak)…”, zehaztu du bozeramaileak.

          Kenkaria aplikatzeko, hori bai, COVID-19 pandemiak jarduera nabarmen murriztu izana egiaztatu beharko da: 2020 urteko eragiketa bolumena, 2019koa baino % 25 txikiagoa izan beharko du gutxienez; eta, bestalde, 2020 urteko kontabilitate emaitza edo etekin garbia, 2019koa baino % 50 txikiagoa izan beharko du gutxienez. “Hartzen ditugun neurriek, batik bat, autonomoetan eta enpresa txikietan jartzen dute azpimarra, hauek baitira pandemiak gehien kaltetu dituenak edo honen aurrean zaurgarrienak direnak. Gure konpromisoa berresten dugu, COVID-19 gaitzak eragiten ari den krisi ekonomikoari eskura ditugun eskumen guztiekin erantzuteko”, azpimarratu du Mendozak.

 

COVID-19 partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak gure gizarte politikako baliabideetan izaten ari den inpaktua eguneratu du bozeramaileak. Positiboen kasuan, ez dago kasu positiborik adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean otsailaren 26tik. Baliabide hauetako langileen kasuan, 2 langile daude bi egoitzetan. Abuztutik hona, 562 langilek gainditu dute gaixotasuna. Bestalde, azken astean ez da positiborik atzeman eguneko zentroak eta desgaitasuna dutenei arreta emateko baliabideetan. Aldiz, positibo berri bat dago gizarte inklusioan, eta beste lau adingabeen kasuan.

          Bestalde, PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 117.660 proba egin ditu, hauetatik 2.317 pasa den astean, egoiliarren eta langileen artean. Azkenik, txertaketari dagokionean, pasa den ostegunetik Pfizerren bigarren dosiak jartzen ari da Aldundia eguneko zentroetako, desgaitasuneko eta osasun mentaleko erabiltzaileei. Lehen dosi guztiak ipini ziren erabiltzaile eta langileen artean (2.834 lagun).

  

2174