Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultura Departamentuak eta Primeran-ek euskarazko "Desagertuta" intriga seriearen aurreestreinaldi esklusiboa antolatu du gaur arratsaldean Donostian

Kultura Departamentuak eta Primeran-ek euskarazko "Desagertuta" intriga seriearen aurreestreinaldi esklusiboa antolatu du gaur arratsaldean Donostian

Aldi berean euskaraz eta gaztelania filmatutako lehen seriea da, eta Pausoka eta Zebra Producciones enpresek ekoiztu dute. Jon Lukas eta Itziar Atienza dira protagonista nagusiak, eta, haiekin batera, Gorka Otxoa, Ane Rot eta Ainhoa Larrañaga ageri dira, besteak beste.

2025/05/19
Cultura

Gaur arratsaldean, 19:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, "Desagertuta" seriearen aurreestreinaldi handia egingo da. Crossover saio berezia izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Culturak Kultur Factory agentziarekin lankidetzan antolatzen duen serieen jaialdia. Primeran-en jatorrizko serie berria euskarazko doako streaming plataforman estreinatuko da gaur.

Ekoizpenaren estrategia berritzailea nabarmentzen da; izan ere, aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz filmatu den lehen seriea da. Eszena bakoitza bi aldiz grabatu da, bi hizkuntzetan benetako esperientzia bat eskaintzeko.

Ildo horretan, Kulturako diputatu Goizane Álvarezek gogorarazi du iaztik Crossover ez dela jaialdi-egunetara soilik mugatzen; aitzitik, serieen kultura lurraldean etengabe presente egoteko apustua indartu du. Arratsaldeko aurreestreinaldiari dagokionez, diputatuak azpimarratu du: "ezin hobeto uztartzen ditu departamentu honen lan-helburuak, ikus-entzunezkoa, oro har, eta euskaraz egindakoa, bereziki, sustatzea eta zabaltzea, betiere belaunaldien arteko erreleboari eta publikoak berritzeari begira”.

Gazteei zuzendua eta euskaraz

Fikzioak EITBren parte-hartzea du, eta “Desagertuta” AIE, Pausoka eta Zabra Producciones (Grupo iZen) enpresek ekoizten dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Zortzi kapituluz osatua, Xabi Zabaletak eta Marta Grau Rafelek (Pausoka) sortu dute.  Netflixek eta Elkargik ere babesle gisa parte hartu dute. EITBk 2023an abian jarritako deialdiaren lehen emaitza da Desagertuta. Deialdi horren bidez, fikzio seriatuko proiektuak sustatu nahi dira, publiko gazte bati begira eta euskaraz, euskal ikus-entzunezkoen sektorea sustatzen jarraitzeko apustuan. EITBk fikzio seriatuarekin euskaraz duen konpromisoari esker, urtea estreinaldiz beteta dago, eta orain filmaketak irakiten daude. 

Istorioa Jonen (Jon Lukas) desagerpen misteriotsuaren ingurukoa da. Gazte horrek, lagunekin mendian gau bat igaro ondoren, sare sozialetan argitaratutako bideo kezkagarri bat uzten du pista bakar gisa. Bideoa biral bihurtzen da, eta mota guztietako espekulazioak zabaltzen dira. Polizia-ikerketak aurrera egin ahala –Maite (Itziar Atienza) buru dela, Jonen lagunetako baten ama–, gazte-taldearen ezkutuko sekretuak argitara ateratzen dira.

Jon Lukasekin batera, talentu handiko aktore gazte batzuk ditugu: Ane Rot, Ainhoa Larrañaga, Asier Rikarte, Ainhoa Azpitarte, Unai Arana eta Julen Taboada. Aktore helduak Gorka Otxoa eta Jon Olivares dira. Serieko beste aktore nabarmen batzuk dira: Leire Martínez, Iñigo Aranbarri, Dorleta Urretabizkaia, Aitor Beltrán, Susana Soleto, Sara Cozar, Asier Hernández eta Ylenia Baglieto, besteak beste.

  

3560