Kultura Departamentuak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak bat egin dute ‘Cómo contar la historia’ jardunaldiak antolatzeko
Kultura Departamentuak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak bat egin dute ‘Cómo contar la historia’ jardunaldiak antolatzeko
Kultura Departamentuak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak bat egin dute ‘Cómo contar la historia’ jardunaldiak antolatzeko
Goizane Alvarez Kultura diputatuak azaldu duenez, ekimenaren helburua kontakizun historikoari heltzea da, “hiru ardatzetatik: ikerketa historiografikoa; kazetaritza, memoria eta testigantza pertsonala, eta fikzio literarioa”. Egitarauak hiru ponentzia izango ditu, eta horietako bakoitza Donostian zein Gasteizen egingo da urrian zehar.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak ‘Historia nola kontatu’ jardunaldiak antolatu dituzte, Donostian zein Gasteizen egingo diren hiru ponentziaz osatutako egitaraua. Gipuzkoako hiriburuan, saioak urriaren 1, 17 eta 21ean izango dira, 19:00etan, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan, Koldo Mitxelena Kulturunearen (KMK) egungo egoitzan. Halaber, hilaren 2an, 16an eta 22an, Gasteizeko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroan egitekoak diren hiru saioak egingo dira.
Horrela azaldu du gaur goizean Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak prentsaurrekoan, Florencio Dominguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroko zuzendariarekin, Luisa Etxenike idazlea, jardunaldiak koordinatu duenak eta Arritxu Marañón, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordearekin…. batera. Alvarezek zehaztu duenez, ekimen honek kontakizun historikoari hiru ikuspuntu desberdinetatik heldu nahi dio: ikerketa historiografikoarena, Julian Casanova Estatuko historialariaren eskutik; kazetaritza, memoria eta testigantza pertsonalarena, Mario Calabresi kazetari italiar eta terrorismoaren biktimarekin; eta fikzio literarioarena, Tatiana Tibuleac idazlearekin.
“Ziklo honen bidez, plurala, zorrotza eta irisgarria izango den hausnarketarako espazio bat ireki nahi dugu herritarrentzat. Historia kontatzea ez da bakarrik ariketa intelektual bat, ardura soziala ere bada: biktimak aitortuko dituen memoria kolektibo bat eraikitzearena, ikerketan oinarrituko dena eta hitzari eta literatur sorkuntzari lekua egingo diena. Kultura Sailetik uste dugu memoriak partekatua izan behar duela, eta jardunaldi hauek aukera bat dira hainbat ikuspegitatik entzuteko, ikasteko eta hitz egiteko, betiere gizarte askeago eta demokratikoago batean aurrera egiteko konpromisoarekin. Are gehiago distortsioak, buloak, jabetze interesatuak eta desinformazioak etengabe mehatxatzen duten garai honetan”.
Domínguezek, berriz, hau adierazi du: “Jardunaldiek ikuspuntu kualifikatuak eman nahi dizkiote gure gizartean gure iraganari aurre egiteko moduari buruz irekita dugun eztabaidari, bereziki gure historiako alderdirik traumatikoenei buruz. Horregatik iruditu zaigu egokia proiektu honetan kolaboratzea, Donostiara eta Gasteizera gaitasuna eta autoritatea duten hiru egileren ahotsak ekartzeko, eztabaida honen mahai gainean hainbat esparrutatik jaiotako gogoetak jartzeko. Batzuetan, gaur egun, gure iragan hurbilenaren historia egitea lan polemikoa da.Horregatik, garrantzitsua da entzutea Casanova, Calabresi eta Tibuleac bezala, lasaitasunetik eta arrazionaltasunetik gogoeta egin dezaketenak”, esan du.
Etxenikek zera gaineratu du: “Informazioari dagokionez ziurgabetasun handiko garai batean bizi gara, eta inoiz baino beharrezkoagoa da historia ikuspegi desberdinetatik nola kontatzen den eztabaidatzea. Ikerketa historikoaren zorroztasuna, kazetaritzarena, gertaerei denbora errealean begiratzeko aukera ematen diguna, lehen pertsonako testigantzaren balioa, eta baita fikzioa ere, nobela edo filmen bidez oso modu zuzenean hurbiltzen gaituena hezur-haragizko pertsonengan haragiztatutako esperientzietara. Jardunaldi hauek, hain zuzen ere, kontatzeko eta oroimena transmititzeko modu ezberdin horien inguruan hausnartzeko gonbitea dira”.
Amaitzeko, Arritxu Marañonek adierazi duenez, memoria erabiltzea "ez da iraganeko gertakariak berreskuratzea bakarrik. Kontua da nola transmititzen ditugun, biktimei zer leku ematen diegun, zer irakaspen partekatzen ditugun eta nola saihesten ditugun distortsioa, isiltasuna edo ahanztura ". Ildo horretan, Marañonek azaldu du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailarentzat terrorismoaren biktimen memoria, egiatik eraikia, "erreferente etiko eta demokratikoa" dela.
Hiru hitzaldi Donostian
Helburu horrekin hiru hitzaldi eskainiko dira Donostian. Lehenengoa datorren urriaren 1ean izango da, osteguna, ‘Los sentidos de la Historia’ izenburupean. Hizlaria Julián Casanova izango da, Historia Garaikideko katedraduna Zaragozako Unibertsitatean eta gaur egun irakasle bisitaria Vienako Central European Universityn.
XX. mendeko Espainiako historialari nagusietako bat da Casanova, eta Espainiako Gerra Zibilari buruzko ikerketengatik da ezaguna nazioartean. Bere liburu ugariak espainolez zein ingelesez argitaratu dira, eta batzuk beste hizkuntza batzuetara itzuli dira, arabiera edo turkiera, esaterako. 2021eko apirilean Aragoiko Gobernuak ‘Aragoiko Letren Saria’ eman zion.
Joxean Fernandez Zinemaren Historia eta Historia Garaikidean aditua, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Zinemaldiko Zuzendaritza Batzordeko kidea eta Nantesko Unibertsitateko irakasle titularra izango da lehen hitzordu honen aurkezlea.
Jardunaldietako bigarren ponentzia, ‘Vivir y contar la Historia en primera persona’, urriaren 17an, ostiralean, izango da. Oraingo honetan, Mario Calabresi idazle, kazetari eta terrorismoaren biktimak gertaeren barnealdetik kontatuko du Historia. Aipagarria da, gainera, La Stampa y la Repubblica egunkarien zuzendaria izan dela Calabresi, eta hainbat liburu argitaratu dituela.
Lourdes Auzmendi itzultzaile eta euskara interpretea izango da aurkezlea Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako zuzendari eta sailburuordea (2009-2012) izan da, bai eta EHUko Letren Fakultateko itzulpengintza eta interpretazio irakaslea eta Francesco D´Adamo, Andreu Martin eta Seve Calleja bezalako egileen haur eta gazte literaturako itzulpenen egilea.
Jardunaldien itxiera urriaren 21ean izango da, asteartean ‘La Historia limitada. La verdad histórica en la ficción literaria’ hitzaldiarekin. Tatiana Tibuleac kazetari eta idazleak literaturak Historiaren ezagutzari zer ekarpen egin diezaiokeen hausnartuko du, eta fikzioak errealitatea bera baino urrunago eraman gaitzakeen gertakari historikoen ulermenean.
Tibuleac Moldavian jaio zen 1978an, baina gaur egun Parisen bizi da eta bertan egiten du lan. Kazetaritza eta Komunikazioa ikasi zuen, baina 2007an kazetaritza utzi eta idazteari ekin zion erabat. Bere lehen eleberria, ‘El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes’, benetako fenomeno literario bihurtu da, antzerkirako moldaketak eginez, eta errekonozimendu garrantzitsuak jaso ditu. Bere bigarren eleberriak ere, ‘El jardín de vidrio’izenekoak, Europar Batasuneko Literatura Saria irabazi zuen 2019an.
Tibuleac-eko hitzaldian aurkezlea Luisa Etxenike idazle donostiarra izango da, Canal Europa kultur espazio digitalaren eta ‘Un mundo de escritoras’ literatur jaialdiaren zuzendaria ere badena. Prentsa idatziko eta irratiko hainbat komunikabidetan kolaboratu ohi du, sormenezko idazketa tailer bat zuzentzen du eta Arteen eta Letren Ordenako Zaldun izendapena jaso du Frantziako gobernuaren eskutik.
Saio guztiak gaur egun KMKren egoitza den Santa Teresa komentuko areto nagusian izango dira, 19:00etan. Lehenengoa gaztelaniaz egingo da eta bigarrena eta hirugarrena italieraz eta ingelesez, hurrenez hurren. Biak aldi bereko itzulpenarekin.
2472