Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultura Departamentuak Kultura Eskolaren deialdia zabaldu du 22-23 ikasturterako

Kultura Departamentuak Kultura Eskolaren deialdia zabaldu du 22-23 ikasturterako

Irailaren 26a izango da lurraldeko ikastetxeek programan parte hartzeko eskaera egiteko azken eguna.

2022/09/13
Kultura Eskola

Harkaitz Millan: “Gazteak kulturarekin eta artearekin lotzea ezinbestekoa da balioetan oinarritutako gizarte kritikoa nahi badugu”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak Kultura Eskola programaren deialdia egin du 2022-2023 ikasturterako. Kultura Eskola Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeei (12-16 urte) zuzendutako ekimena da, eta gazteen sormen-interesa garatzea, kultura-ohiturak sortzea, lurraldeko kultura-sarea sendotzea eta kulturarako sarbide unibertsala sustatzea du helburu.

Ikasturte berriari begira, deialdi berria egin da ikastetxeek Kultura Eskolako programan parte hartzeko eta gehien interesatzen zaizkien kultura-proposamenak hautatzeko. Ikastetxeek irailaren 26ra arte dute izena emateko epea.


Harkaitz Millan Kultura diputatuak azaldu duenez, “Kultura Eskolaren helburua da “kultura- eta arte-jarduera gazteen zaletasun eta interesaren parte izatea lortzea, sentsibilitatea eta irizpide artistikoa sortuz, eta begirada kritikoa garatzen lagunduz”. Millanek gaineratu duenez, “ekimen honen bidez, proiektu hau guztion onurarako izatea lortu nahi da, lehenik eta behin, ikastetxeentzat; izan ere, eguneroko lanaren osagarri duina izango da, bigarrenik, ikasleentzat, haien ezagutza eta kultura-zaletasuna zabaltzeko balioko baitu, eta, azkenik, kultura-eragileentzat, lan-aukerak hobetzeko balioko baitu. Gainera, programaren azken helburua publiko berriak sortzea da, eta Gipuzkoako gazteak Udalek eta beste eragile batzuek ikasgeletatik kanpo ere eskaintzen duten programazioan sar eta goza dezaten lortzea”.

Kultura Eskolak 12 eta 16 urte bitarteko ikasleei (DBH eta Lanbide Heziketa) egokitutako jardueren katalogo zabala du. Proposamen horien helburua da gazteenei pentsamendu kritikoa garatzen laguntzea, haien sorkuntza-gaitasunak sustatzea eta emozioekin konektatzea.

Katalogoa web-orri honetan dago eskuragarri eta eguneratuta: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kultura/programak/kultura-eskola/jarduera-katalogoa

Eskaerak aurkezteko modua

Ikastetxeek programan izena emateko eskaera aurkeztuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, diru-laguntzen atarian sartuta.

Ikastetxe bakoitzari eskura dezakeen diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa jakinaraziko zaio, eta, hortik aurrera, ikastetxeak 10 egun izango ditu organo kudeatzaileari 2022-2023 ikasturtean egin nahi dituen jardueren zerrenda edo programa bidaltzeko, diru-laguntza horren kontura.

Egin beharreko jarduerak indarrean dagoen Kultura Eskolako katalogoan hautatu beharko dira.

Kultura Eskola jardunaldia Carlos Santamarian

Gaur goizean Kultura Eskolari buruzko jardunaldia egin da Donostiako Carlos Santamarian. Harkaitz Millan Kulturako diputatuak eman dio hasiera jardunaldiari, Etorkizuna Eraikizeko zuzendariarekin, Sebas Zurutuza, eta EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko ikertzaile Beronika Azpillagarekin batera.

Hiru mahai-inguru egin dira: lehena, A letrari buruzkoa, STEAM ereduan; akronimoa, Science, Technology, Engineering, Arts and Maths hitzen inizialei dagokiena; ikaskuntza-eredu berri bat, diziplina guztien irakaskuntzan oinarritua, era integratuan, jakintza-arlo bereizien ordez, diziplinarteko ikuspegi aplikatua duena. Lehenengo mahai-ingurua Eneko Olasagasti Euskal Aktoreen Batasuneko kideak moderatu du, eta bertan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Euskara, Eleaniztasun eta Kulturartekotasun arloko koordinatzaile Joseba Ibarretxek, EHUko Hezkuntza Zientzietako doktore Estitxu Aberasturik eta Valladolideko Unibertsitateko Arte Hezkuntzako katedradun Olaia Fontalek.

Bigarren mahai-inguruak Kultura Eskola programa nabarmendu du ikastetxeetan praktika onaren adibide gisa. Ikertzeko Leire de Miguelek moderatua, programan parte hartu duten ikastetxeetako kideak bildu ditu: Aretxabaletako Kurtzebarri BHIko Bigarren Hezkuntzako zuzendaria, Juan Carlos Pascual; Donostiako San Luis de La Salle ikastetxeko irakaslea, Amaiur Alkain; eta IAE Lasarte-Oria BHIko irakaslea, Olga Iribar.

Azkenik, hirugarren mahai-inguruan, hurbileko esperientziak ezagutzeko asmoz, Maitane Hernández Euskal Kultura Institutuko teknikariak, Betisa Ojanguren Huarte Garaikidearen Zentroko (CACH) zuzendari-kideak eta Xamfrà, Centre de Música i Escena-ko, Ester Bonal zuzendariak hartu dute parte. Gari Otamendi Gipuzkoako Dantzaguneko komunikazio arduraduna izan da moderatzailea.

  

2313