Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak kulturako dirulaguntzak berantolatu ditu

Aldundiak kulturako dirulaguntzak berantolatu ditu

Politika berriarn helburua panorama artistikoa eta kulturala berritzea da

2017/03/28

Kulturarentzako diru-laguntzen politika berriak helburu hauek ditu: panorama artistikoa eta kulturala berritzea; agente berrietara iristea; sortzaile eta proiektu berriak gehitzea; ibilbidea ondo frogatuta duten proiektuak eta erakundeak finkatzea; eta hobekuntza eta eraldaketa soziala sustatzea.

Kultura diputatu Denis Itxasok adierazi du bere Departamentuak laguntza-lerro diferenteen baliabideak handitzeko ahalegin argia egin duela. Hala, laguntza horiek % 38 hazi dira, Sustapena eta Hedapena arloan eta Ondarea eta Museoak arloan 6,9 milioi eurotatik 9,6 milioi eurotara igaroz; “era horretan krisiaren aurreko zuzkidura mailak berreskuratzeko eta, gure kultur panorama aberasteko asmoz, sortzaile eta proiektu berriak sustatzeko”.  

Hala, Sustapen eta Hedapen kapitulua % 35 haziko da, 4,4 milioi eurotatik 6 milioi eurotara pasatuz, eta Ondarea eta Museoak kapitulua % 43, 2,5 milioi eurotatik 3,5 milioi eurotara pasatuz.

Era berean, Itxasok Kultura Departamentuaren laguntzen irizpide berriak aurkeztu ditu. Irizpide horien bitartez, kultur panorama berritu nahi da Departamentua agente berriei zabaltzeko; sortzaile eta proiektu berriak barne hartzeko; ibilbidea oparoa duten proiektuak eta erakundeak sendotzeko; eta hobekuntza eta eraldaketa soziala sustatzeko. 

Hala, kultur arloko sorkuntzarako, sustapenerako eta hedapenerako laguntzen kapituluan helburu berri hauek ipini dira: hasi berriak diren proiektuak babesteko laguntzen esparru espezifiko bat sortzea; kulturaren esparruan proiektu berritzaileak babestea; Donostia 2016ren ondarearen zati bat jasotzea eta proiektu-bide bat zabaltzea. Proiektu horien helburua eraldaketa soziala eta laguntzetara bideratutako baliabideak handitzea izango da. Horretarako, programak herritarrengana hurbilduko dituzten izenen bidez kultura-arloko sustapen-bide berriak sortu dira:

 

  • Susperka: kutsu berritzailea izango duten egitura eta proiektu sortu berriak sustatzeko. 100.000 euroko diru-hornidura izango dute
  • Oreka, ibilbide bat egina duten egitura sendotuak eta programazio finkatu bat indartzeko; eta bere programazioa sendotzeko eta Gipuzkoaren kultur eskaintza garatzen laguntzeko. 560.000 euroko diru-hornidura izango dute.
  • Olatuak, gizartea aldatzeko bokazioa duten proiektu berritzailetarako.  Helburua da, Hiriburutzak markatutako bidetik, eraldaketa-tresna gisa kulturari balioa ematea, haren ondarea bilduz, eta gizartearen erronkei aurre egiten lagunduko duten bide eta proiektu berriak zabalduz. 200.000 euroko diru-hornidura izango dute
  • Lanabesa, ikus-entzunezko produkzioari eta arte eszenikoei laguntzak emateko, hauek errazago banatu eta saldu daitezen.  320.000 euroko diru-hornidura izango dute.

“Sortzen ari diren proiektu berritzaileak babestu nahi ditugu, hasi berritan dutelakoa ahultasun handiena eta aurrera ez egiteko arrisku handiena. Halaber, laguntza horiek normalean halakorik jaso ez duten kultur agente berriengana heltzea ere nahi dugu”, azaldu du Itxasok.

  

1431