Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultura Eskola programaren deialdia ireki da 21-22 ikasturterako

Kultura Eskola programaren deialdia ireki da 21-22 ikasturterako

Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako Kultura Eskola programaren deialdia ireki da. Deialdi hau 2021-2022 ikasturte osorako da. Irailaren 20an amaitzen da ikastetxeek programa honetan parte hartzeko eskaera egiteko epea.

2021/09/02

Harkaitz Millan Kultura diputatuak esan duenez, «Kultura Eskolaren helburua da 12 eta 16 urte bitarteko gazteek kulturarako sarbide unibertsala izatea. Gazteak kulturarekin eta artearekin lotzea ezinbestekoa da balioetan oinarritutako gizarte kritikoa nahi badugu.  Gainera, sektorean enplegua sortzeko aukera bat da.

Kultura Eskola Etorkizuna Eraikiz programaren proiektu esperimentaletako bat da.  Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren ekimen hau Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeei zuzenduta dago  (12-16 urte), eta hainbat helburu ditu: gazteen interes sortzailea garatzea, kultura ohiturak sortzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko kultura sarea sendotzea, eta kulturarako sarbide unibertsala sustatzea.

Pandemia izan arren, martxoan egindako lehen deialdian lurraldeko 16 ikastetxek parte hartu zuten.  Deialdi horretan, 87 proposamen artistiko eta kultural zituen katalogoa eskaini zitzaien.  Horrela, zentro horietan hainbat jarduera egin dira: dantza, antzerkia, ikus-entzunezko jarduketak, musika, zirkua eta kultur ondareari lotutako jarduerak, besteak beste.  Lehen deialdi horri esker, ikastetxeen interesa eta ekimenaren baliozkotasuna probatu ahal izan dira.

Hastear dagoen ikasturte berriari begira, beste deialdi bat ireki da, ikastetxeek Kultura Eskola programan parte har dezaten eta gehien interesatzen zaizkien proposamen artistikoak eta kulturalak hauta ditzaten.  Ikastetxeek irailaren 20ra arteko epea dute izena emateko.  

Iker Lauroba sortzaileak azpimarratu du “Oso lanketa baliogarria da ikasleei bertatik bertara azaltzeko gure eginkizuna zein den. Nire kasuan, beraien parte-hartzearekin, musika egitea eskura dutela agertu nahi diet. Normalean, behin  amaituta entzuten ditugu abestiak, baina bidean ematen diren pausuak azalduta, prozesua gertukoago sentitzen dute eta zerbait egingarria bezala ulertzen dute musika”.

Azken hilabeteetan katalogoaren berrikuspena  egin da eta proposamen berriak sartu dira; beraz, une honetan 120 proposamen inguru ditu guztira. Katalogoa online kontsulta daiteke Aldundiaren webgunean.

 

Foru Aldundiak ikastetxeek ordaindutako prezioaren % 90 subentzionatuko du, baliozkotutako jardueren kontratazio gisa. 

 

Deialdi honetara bideratutako aurrekontu kopurua 400.000 euro da.

 

 Eskaerak aurkezteko modua

 

Ikastetxeek Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztu behar dute programan izena emateko eskaera, dirulaguntzen atarian sartuta.

 

Ikastetxe bakoitzari jakinaraziko zaio gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren zenbatekoa eta, une horretatik aurrera, ikastetxeak 10 egun izango ditu, dirulaguntza horren kargura, 2021-2022 ikasturtean egin nahi dituen jardueren zerrenda edo programa kudeaketa organoari bidaltzeko

 

Egin behar diren jarduerak indarrean dagoen Kultura Eskola katalogotik hautatukoak izango dira.

 

Kudeaketa organoak deialdira aurkeztu diren programak aztertuko ditu, aurkezpen ordenaren arabera, eta programa horiek baliozkotu eta ikastetxeei jakinaraziko die; halaber, ikastetxe bakoitzari dagokion dirulaguntzaren % 60ko aurrerakinak ordaintzeko proposamena egingo du.

 

Dirulaguntzak ahalik eta proposamen artistiko eta kultural gehienen onurarako izan daitezen, zerbitzu kudeatzaileak mugatu ahal izango du, bere proposamenean, katalogoan jasotako proposamen bakoitzak gehienez izan dezakeen jarduera kopurua, deialdi bakoitzaren ikasturtean egin beharrekoa; horretarako, kontratu txikirako indarrean dagoen gehieneko zenbatekoa hartuko da erreferentziatzat.

 

Dirulaguntza ordaintzea

 

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:

- % 60 aurrerakin gisa, jardueren programa baliozkotzen denean.

- % 40, jarduerak egin direla justifikatu ondoren.

 

Katalogoa eguneratzeko, Kultura Departamentuak hainbat diziplinatan erreferente diren Gipuzkoako entitateen laguntza izaten jarraituko du. Harkaitz millan Kultura diputatuak adierazi du, «ekimen honen bidez, proiektu hau guztion onerako izatea lortu nahi da; lehenik eta behin, ikastetxeentzat, haien eguneroko lanaren osagarri duina izango delako; bigarrenik, ikasleentzat, haien ezagutza eta kulturarekiko zaletasuna handitzeko balioko duelako; eta, azkenik, kultura eragileentzat, beren lan aukerak hobetzeko balioko duelako.  Gainera, programaren azken helburua da, alde batetik, publiko berriak erakartzea eta, bestetik, Gipuzkoako gazteek udalek eta beste eragile batzuek ikasgeletatik kanpo eskaintzen duten programazioaz gozatzea».

Esteka honetan duzue Kultura Eskolaren katalogoa:

https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kultura/programak/kultura-eskola/jarduera-katalogoa
  

1734