Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultura eta Gazteria Departamentuak laguntza emango die udalei eta entitateei Haurtxokoen eta Gaztelekuen ikasturte hasieran

Kultura eta Gazteria Departamentuak laguntza emango die udalei eta entitateei Haurtxokoen eta Gaztelekuen ikasturte hasieran

71 udalek eta irabazi-asmorik gabeko 33 erakundek haur eta gazteentzako planak garatuko dituzte.

2020/10/01

Harkaitz Millan Kultura eta Gazteria diputatua: "jarduera horiek aisia hezitzaileko eskaintza bermatzen diete bestela eskaintza hori lortzeko zailtasun handiak izango lituzketen familiei".

Gazteria Departamentua, lurraldeko udalekin batera, abuztuaz geroztik lanean ari da haur, nerabe eta gazteen zerbitzuen ikasturte hasiera prestatzen.   Lan horretan oinarrituta honako dokumentu hau prestatu da: "Gaztematika Sarearen funtzionamendurako jarraibideak COVID-19aren testuinguruan (2020-2021 ikasturtea)". Bertan aipatzen dira ikasturte hasieran gerta daitezkeen hainbat egoera, horietan jarraitu beharreko jarraibideak, hezitzaileentzako gomendioak, araudiak eta protokoloak eta abar. Dokumentuak zerbitzuen ikasturte hasiera antolatzeko oinarri izan nahi du.

Zerbitzuek hartu beharreko neurrien helburua da haur, nerabe eta gazteen gizarte eta hezkuntza aisialdiko jarduerarako eta gozamenerako eskubidea bermatzea, bai eta haien osasuna sustatzekoa ere, horrela Covid-19aren hedapena prebenitzeko.

Jarraibide horiek orokorrak eta orientagarriak dira, hasierako egoerei eta ikasturtean zehar gerta daitezkeen aldaketei erantzuteko.  Udal bakoitzak, eta baita Aldundiak ere, bere egokitzapen estrategia egin dezake, dokumentuan jasotako erreferentziak eta errealitate espezifikoa kontuan hartuta.

Haur eta gazteen zerbitzuen sarea irekitzea ardatz hartuta egin den baterako lanaz gain, "ikasturte osoan zehar laguntza eta babes teknikoa eskaintzen jarraituko dugu, ikasturtea planifikatzen eta zerbitzuak eta lantaldeak bizi dugun egoerara egokitzen lagunduko duten gidak prestatuz, hezitzaileei aholkularitza eta prestakuntza eskainiz eta udalei osasun materiala emanez", azaldu du Harkaitz Millán Kultura eta Gazteria diputatuak.

Era berean, 2020an 615.000 euro banatu dira dirulaguntzetan, 450.000 euro udalentzat (71 udal), eta 165.000 euro, irabazi asmorik gabeko erakundeentzat, haur, nerabe eta gazteentzako plan eta proiektuetarako, eta datorren urteari begira, horiei eustea proposatu da. "Jakina da diru sarrera publikoak nabarmen murriztu direla, eta administrazioak egoera horretara moldatu besterik ezin dugu egin, baina, hala ere, dirulaguntzei eusteko apustu irmoa egin dugu" adierazi du diputatu sozialistak.

Udaren balorazioa

Covid-19ak sortutako egoeraren ondorioz, 2020ko maiatzaren 15ean, Kultura eta Gazteria Departamentuak, beste bi aldundiekin adostuta, erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Udalekuak eta Gazte Oporraldiak kanpainak bertan behera uztea.  Era berean, erabaki zen udalekin eta lurraldeko aisialdi erakundeekin lankidetzan aisialdiko eskaintza alternatiboa eskaintzeko beharrezko jarduerak abian jartzea, jarduera horiek modu seguruan egin ahal izateko beharrezko laguntzak emanez.

Helburu horrekin, Kultura eta Gazteria Departamentuak aholkularitza eta informazioa eskaini die udalei eta erakundeei, bai eta prestakuntza plan bat ere, haur eta nerabeentzako aisia hezitzaileko arduradunei.  Programak prestakuntza espezifikoa eman die hezitzaile taldeei eta zuzendariei, Covid-19ak eragindako pandemiaren testuinguruan beren zereginei heltzeko moduari buruz.  Prestakuntzaren edukiak lege jarraibideei buruzko zazpi bideo laburretan eta higieneari eta prebentzioari buruzko 9 bideotan bildu ziren. Bideo horiek Gazteria Zuzendaritzaren webgunean jarri ziren ikusgai, eta guztira 1.449 bisita izan zituzten. Horrez gain, 5 online saio ere egin ziren, eta 407 pertsonak eman zuten izena.

Harkaitz Millan Kultura eta Gazteria diputatuak positiboki baloratu du jarduerak modu seguruan eta ia gorabeherarik gabe mantentzea lortu izana, eta azpimarratu du "funtsezkoa" dela udalekin eta erakundeekin elkarlanean aritzea, "haur eta gazteentzako aisialdirako aukera seguruak eskaintzen jarraitzeko".  Millanek jarduera horien garrantzia azpimarratu du; izan ere, jarduera horiek aisia hezitzaileko eskaintza bermatzen diete bestela eskaintza hori lortzeko zailtasun handiak izango lituzketen familiei.

Udal eta erakundeei udaleku irekiak garatzeko emandako laguntzei esker, Gipuzkoako 50 udalerrik haurren aisialdiko 58 jarduera egin dituzte udan.  Aisialdiko erakundeek, berriz, 19 jarduera egin dituzte, eta 16, beste erakunde mota batzuek (musika arlokoek, kirol arlokoek…).  Jarduera horietan parte hartzeari dagokionez, Gipuzkoako 13.748 neska-mutilek eta 1.676 begiralek parte hartu dute jarduera horietan. 

Aipatutako laguntza zerbitzuez gain, Departamentuak ahalegin berezia egin du udalei eta erakundeei urtero banatzen dizkien dirulaguntzei eutsi eta egokitzeko, eta jarduera guztien segurtasuna indartzeko; horretarako, banatu ditu haurrentzako eta helduentzako 15.000 maskara baino gehiago, gelak, babes materiala eta kontakturik gabeko termometroak.

  

1265